Gorraizko jaietan gertatutako eraso LGTBIfobo bat salatu dute

Gorraizko jaietan gertatutako eraso LGTBIfobo bat salatu dute

Irailaren 11tik 13ra bitartean ospatu zituzten Gorraizko jaiak (Eguesibar, Nafarroa). Txupinazoa jaurti eta minutu gutxira, Sarrigurengo Lafarruka batukada taldeko kideek LGTBIQ bandera paratu zuten jaietako txosnan, eta zenbait pertsona oihuka hasi zitzaizkien. Lekukoen arabera, erasotzaileek «irain homofoboak» oihukatu zizkieten, mehatxu egin zieten eta lelo frankistak abestu zituzten. Hori guztia salatzeko, Eguesibarko zenbait kolektibok elkarretaratzea egin zuten atzo Gorraizko udaletxearen parean.

Honakoa ez da Gorraitzen salatutako lehen eraso LGTBIfoboa. Duela urtebete, Berhezi berdintasun kontsultoriako bi langilek salatu zuten irain «homofobo eta transfoboak» egin zizkietela, harrera gune feministan lanean ari zirela. Orduko hartan ere, erasotzaileek ikur «frankistak eta falangistak» zeramatzaten.

Lafarrukakoek pairatutako «presio, irain eta diskriminazio egoera» gaitzetsi zuten protestariek. «Bizikidetzaren aldeko oinarrizko printzipio bat argi utzi behar da: inork ez luke diskriminaziorik, beldurrik edo seinalatzerik jasan behar aniztasuna defendatzeagatik edo LGTBIQ+ pertsonen eskubideei konpromisoa adierazteagatik», adierazi dute publiko egin berri duten manifestuan. Sarrigurengo gazte asanbladak, Eguesibarko Feministek, Joakin Lizarraga eta Uriz Pi eskoletako guraso taldeek, Eguesibarko konpartsak eta eskualdeko hainbat musika eta dantza taldek sinatu dute agiria, besteak beste.

Jaiak eta espazio publikoak «herritar guztienak» direla berretsi zuten atzoko protestan: «Topaketarako, parte hartzeko eta bizikidetzarako guneak izan behar dira, zeinetan sentsibilitate, identitate, kultura eta bizimodu anitzek lekua izan dezaketen, betiere pertsona guztien giza eskubideak eta askatasuna errespetatuz». Horrez gain, «jokabide homofobo, transfobo, arrazista, sexista eta diskriminatzaile oro» gaitzetsi zuten, «baita pertsona batzuk gure herrietan lekurik ez dutela sentiaraztea, baztertzea edo beldurtzea helburu duen edozein adierazpen ere».

Talde politikoei deia

Horrez gain, erasotzaileek frankismoari gorazarre egin izana ere txarretsi zuten manifestariek, halako jokabideak «balio demokratikoekin eta oinarrizko giza eskubideekin bateraezinak» direla iritzita. Horiek horrela, Eguesibarko Udaleko talde politiko guztiak premiatu dituzte iritzia publikoki ematera, «eta argi adieraztera elkarbizitzarekin, aniztasunarekin, berdintasunarekin eta pertsona guztien eskubide eta askatasunen defentsarekin duten konpromisoa».

Elkarteek gogorarazi zuten jaietako txosna puntu more gisa prestatua zegoela —horretarako formakuntza jasoa zuten txosnan lanean ari zirenek—, eta halakoen garrantzia azpimarratu zuten. «Halako guneen presentziak ez ditu herritarrak banatzen edo aurrez aurre jartzen; aitzitik, laguntzen dute jaiak gune seguruagoak izan daitezen eta pertsona guztiek berdintasunez gozatu ahal izan ditzaten».