PPk eskua luzatu dio UPNri bozetan elkarrekin joateko

PPk eskua luzatu dio UPNri bozetan elkarrekin joateko

UPNren teilatu gainean utzi du pilota Sergio Sayasek, Nafarroako PPko batzorde kudeatzaileko presidenteak. «Herritarrek batasuna eskatzen digute, eta arduradun politikook batasun hori eskaini behar dugu». Hala, eskua luzatu dio UPNri, eta azaroaren 29ko Espainiako Gorteetarako bozetan elkarrekin joateko prest azaldu da.

Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak hauteskundeak aurreratzeko erabakiaren berri eman eta biharamunean agerraldia egin du Sayasek. Bere hitzetan, PPk «erabateko borondatea» du UPNrekin batera aurkezteko. Epeak estutu badira ere, hori «epearen barruan» egingo dutela gaineratu du.

Sayasen iragana

Ez du argitu, baina, bere eskaintzak letra txikirik ba ote duen. Adibidez, orain elkarrekin joanez gero foru hauteskundeetan elkarrekin joatea ere jar dezake baldintza gisa PPk. Era berean, egun Nafarroako PPko bi aurpegi ezagunenak, Sergio Sayas eta Carlos Garcia Adanero, 2022an UPNtik modu txarrean atera ziren. «Ez dut uste pertsonak oztopo izango garenik herritarrentzat ona den akordioa egiteko». 

Javier Garciak PPko presidentetza utzi geroztik, behin-behinean presidente da Sayas. Kongresurako zerrendan aurkezteko aukerari buruz galdetuta, Sayasek ez du baztertu. «Alderdiak erabakitzen duen tokian egongo naiz». Ezin da baztertu foru hauteskundeetarako zerrendan aurkeztea ere.

Dena den, Sayasek baztertu egin du Voxekin hauteskunde arloko akordioa egitea. «Gure arteko ikuspegiek ez dute zerikusirik. Hauteskunde ostean gobernu akordioa izan dezakegu Voxekin, baina hauteskunde aliantzarik ez».