Pasa den ekainean Etxebizitza Eskubidearen Legea erreformatu zuten Nafarroako Parlamentuan, eta gaur Nafarroako PPk adierazi du Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eraman duela erreforma hori, argudiatuz erreformak «nabarmen» urratzen duela «segurtasun juridikoa»; alderdiak uste du horren erruz ez dela etxebizitza bat bera ere eraikiko Nafarroan. Prentsaurreko batean, Nafarroako PPko presidenteak, Sergio Sayasek, adierazi du etxebizitzaren arazoaren errua «Alderdi Sozialistaren politika interbentzionistak eta sektarioak» direla.
PPk Espainiako Auzitegi Konstituzionalean jarritako helegitearen harira, Nafarroako Gobernuak 2010eko legearen azken erreforma babestu du, azalduz guztizko bermea duela, eta PPri egotzi dio «putre funtsen interesak» defendatzea. Begoña Alfarok eman ditu azalpenok, Nafarroako Gobernuko hirugarren lehendakariorde eta Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiken kontseilariak; azaldu duenez, erreformak beharrezko txosten tekniko guztiak ditu, eta, horrez gain, Etxebizitza Legea babesten duen jurisprudentzia nahikoa ere badagoela argudiatu du.
Alfaroren ustez, ekainean onartutako erreformak Nafarroako 2.200 familia lagunduko ditu, eta PPri leporatu dio familia horien kontra jartzea, eta «gutxiengo espekulatzaile» baten alde egitea. «Ez dugu legearen legezkortasunaren inguruko inongo zalantzarik».
Erreforma horrekin, Nafarroako Parlamentuak erabaki zuen gaur egun alokairu erregimenean dauden babes ofizialeko etxebizitza guztiei babes epea behin betiko bihurtzea. Izan ere, horren aurretik, alokairu merkatuan zeuden babes ofizialeko etxebizitzak saltzeko aukera zegoen behin 21 urte pasata, baina erreformarekin aukera hori kendu dute.
