Atzo arratsaldean egin zuen proposamena Geroa Baik. Azaroaren 29ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeei begira, bilera bat eskatu die Nafarroako Gobernua babesten duten indarrei «lankidetzarako formulak adosteko».
Koalizioak uste du bozetan «muturreko polazizazioa» nagusituko dela eta eskuin muturra «estatuko gobernura iristeko benetako arriskua» dagoela. Geroa Sozialberdeak eta EAJren arteko koalizioaren ustez,«lankidetzarako formula eraginkorrak» bilatu behar dira eskuin muturrari irabazterakoan «Nafarroak rol aktiboa» izan dezan.
Euskalerria irratiari eskainitako elkarrizketan, Laura Aznal EH Bilduko eledun eta Nafarroako foru bozetarako presidentegaiak adierazi du prest direla biltzeko. Dena den, «apur bat harrituta» agertu da proposamenarekin, legealdiaren hondarrean izanik «pantaila hori gaindituta dagoelako». Bere esanetan, duela hilabete batzuk zentzu horretan proposamen bat egin zuen koalizioak, eta ezezkoa jaso zuten.
Era berean, Batzarrek ontzat jo du proposamena. Zurekin Nafarroako kide den alderdiaren arabera, testuinguru politiko horretan «erantzukizunez» jokatu behar da. «Ahalik eta azkarren elkarrizketa abiatu behar dugu Nafarroako indar aurrerakoien artean aliantzarako bideak aztertzeko».
