Haritik tiraka, ametsak bete

Haritik tiraka, ametsak bete

Jon Sarasuak Harizko zubiak liburuan dio hari batek gutxi behar duela eteteko, eta hari askok, aldiz, gero trentza bat sortu dezaketela eta horiek zubi baten itxura hartzen dutela. Hortik hartu du izena Karrikiri elkartearen Harizko zubiak ehuntzen kultur zikloak. Egitasmoak, ordea, ez du hariez hitz egiten, ezta zubiez ere: Ipar eta Hego Euskal Herriko proposamen kultural, intelektual eta soziolinguistiko garaikideak elkartzea du helburu. 

Egitasmo horrek Antton Lukuren Euskal kultura? liburuaren berrargitalpena du abiapuntutzat. Jon Bujanda Karrikiri elkarteko koordinatzaileak azaldu duenez, duela bi urte ikastaro batzuk antolatu zituen Karrikirik, Plazara elkartearekin batera: Astindu. Azpititulutzat Ameslarientzako ikastaroa jarri zioten. Ikastaro horietan emandako bibliografian, Antton Lukuren Euskal kultura? liburua aipatzen zuten, baina liburua agortuta zegoen dendetan. Aukera bakarra «Internet bidez» lortzea edo «bigarren eskukoak» eskuratzea zen, eta halakoak «172 euroan» zeuden salgai. Beraz, elkartekoak harremanetan jarri ziren argitaletxearekin, eta berrargitalpen bat kaleratzea adostu. 

Urriaren 9an hasi zen kultur zikloa, eta hilaren amaiera arte iraungo du. Haren barruan, kontzertuak, solasaldiak eta topaketak izango dira. Euskarazko eragileen arteko harremanak sendotzea eta beste batzuk sortzea daukate helburutzat antolatzaileek. Bihar, Ekhi Lamberten eta Ixaberen kontzertuak izango dira Laba kulturgunean, 20:00etan hasita. Sarrerak salgai daude hamabi euroan. 

Etzi, topaketa batzuk egingo dituzte Astindu ikastaroan aritu izan direnentzat. Karrikiri eta Plazara elkarteen arteko elkarlanak bidea egina du. Bujandak azpimarratu duenez, Plazara da elkartearen aholkulari linguistikoa. Elkarlan horren fruituetako bat da Astindu ikastaroa, hain zuzen, eta jada bi aldiz antolatu dute. Karrikiriko koordinatzaileak azaldu duenez, formakuntza lau saiotan banatzen da, eta soziolinguistek ematen dituzte saioak; tartean dira Rosa Ramos eta Jon Sarasua. Ikastaroetara «korapiloak» dituen jendea joan ohi dela dio Bujandak. Hala deitzen diete jendeak euskarari buruz dituen kezkei. «Metafora hori erabiltzen dugu, korapiloak askatu daitezke eta». Ikastaroko parte hartzaileak, kezkak ez ezik, «ametsak» ere izaten baitituzte.

Bujandak esan duenez, «saioetan ametsak biderkatu egiten dira».  Ameslariak etorkizunari begira topaketan, Rosa Ramos, Xan Aire eta Eneko Gorri izango dira, ikastaroetan entzundako ametsak nola gauzatu azalduko duen proposamen bat lurreratzeko. Bujandak kezka bat edo amets bat duen edonori gomendatzen dio parte hartzeko. Egun berean, bi kontzertu izango dira Laba kulturgunean, 20:00etan hasita: Odei eta B.B.B.B. Sarrerak hamabi euroan daude eskuragarri Karrikiri dendan eta sarean. 

«Euskaldunak jantzi»

Bujandak esan duenez, Karrikirik lau bloke proposatzen ditu euskaldunen harremanak sendotu eta beste batzuk sortzeko: denda, kultur eskaintza, zerbitzuak eta sare elikatzea. 

Denda bi ataletan banatuta dago: arropa eta liburuak. «Euskaldunak jantzi nahi ditugu nolabait, bai buruz eta bai arropaz», azaldu du Bujandak. Jantziak Euskal Herriko marketakoak dira. Liburuen eskaintza guztia da euskaraz. Zerbitzuei dagokienez, lan poltsa bat dute, pisukideak bilatzeko zerbitzua, merkataritza gune euskaldunen informazioa, eta itzulpenak egiteko aukera. Horietatik bi, lan poltsa eta pisukidea bilatzeko zerbitzua hain zuzen, doakoak dira. Karrikiriko koordinatzaileak azaldu du zerbitzu interesgarria direla euskaraz bizi nahi duenarentzat, eta  «oso ongi» funtzionatzen dutela. Sare elikatzea deitzen diote herritarrekin, beste elkarteekin, euskara biziberritzeko proiektuekin eta besterekin hiztun komunitatea trinkotzeari. Eta azkenik, kultur ekitaldiak eskaintzen dituzte. Horren adibide da Harizko zubiak ehuntzen egitasmoa.