Hemen zuhaitz bat falta da. Lelo horren pean, Iruñerrian, Baztanen eta Altsasun dauden txorkoen mapa osatu dute hainbat herritarrek urriaren hasieran. Ekologistak Martxak eta Klimaren Aldeko Auzoak taldeek antolatu dute jardunaldia, klima larrialdiaz ohartarazteko asmoz. Iruñerriari dagokionez, Iruñean, Zizur Nagusian eta Eguesibarko parte batean aritu dira boluntarioak lanean, eta, denera, 547 txorko huts, bertze 519 txorko estu, eta motzondoa bertzerik ez duten bertze 329 aurkitu dituzte; gehienak, Iruñean. Baztanen, 24 huts eta 21 estu identifikatu dituzte, eta bertze hamalautan motzondoa bertzerik ez dute ikusi. Altsasun, berriz, hamasei huts, hamahiru estu eta motzondoa bakarrik duten bertze hamahiru zenbatu dituzte.
Nafarroan, beraz, ia seiehun txorko huts aurkitu dituzte Ekomapa osatzeko lanetan aritu diren boluntarioek. Horietako hiru dira Miren Errandonea, Margarita Mariezkurrena eta Josu Alzueta. Iruñean aritu dira hirurak, auzoz auzo. Erran dute txorkoen ingurukoa «herri ekinaldi txiki bat» izan dela, baina nabarmendu balio izan duela jendea «mugitzeko», eta ingurumena zaintzeko «kontzientzia pizteko». «Gurearen gisako ekinaldi txikien bidez, gauza handiak lor daitezke», erantsi dute.
Zuhaitza itotzen duen txorko bat, Iruñeko Arrotxapea auzoan. NAFARROAKO HITZA
Iruñean, hain zuzen, hainbat izan dira hiriko zuhaitzen alde sortu diren mugimenduak: 2001ean, adibidez, Gazteluko plazako lur azpiko aparkalekuaren aurkako plataformako kideek enparantzan zeuden zuhaitzen aldekoa bilakatu zuten beren borroka. Ez zuten lortu proiektua bazter uztea, ordea, eta uztailaren 23ko 05:10ean, 54 platano eta Konstantinoplako hogei akazia moztu zituzten. Hain justu, Iruñeko Zabalguneko Gurutzeko plazan eraiki nahi zuten lur azpiko aparkalekuaren kontrako plataformako kideek, egitasmo horren aurka antolatzeari ekin ziotenean, gogora ekarri zuten 2001ean zer gertatu zen, eta 2001ean lortu ez zena lortu zuten 2024. urtean: proiektua bazter uztea, eta plazako zuhaitzak salbatzea.
Oraingo ekinaldiak ere zuhaitzei begira jarri nahi izan ditu herritarrak; hutsik dauden, estuegiak diren edo motzondoa bertzerik ez duten txorkoak zenbatuz, «hiriko zuhaitzen egoeraren argazki bat» lortu nahi izan dute Ekomapa ekinaldian aritu diren boluntarioek. Iruñean, garbi erran dute abiapuntua ez dela txarra, eta hirian berdegune anitz daudela. Azpimarratu dute, gainera, azken urteotan hiriko hainbat eremu birnaturalizatzeko urratsak egin dituztela. Halere, egoera aldatu egiten da auzo batetik bertzera, boluntarioek zehaztu dutenez.
Zuhaitz gazte bat, belarrez betetako txorko batean, Iruñean. NAFARROAKO HITZA
Ekomaparen bidez, hiritarrak naturara lotu nahi izan dituzte txorkoak zenbateko ekimenean parte hartu dutenek. Zuhaitzek egiten duten «lanaren» berri eman nahi izan dute, eta nabarmendu egungo klima larrialdian «inoiz baino beharrezkoagoak» direla: «Airea garbitzen dute, eta zarata txikitu. Biodibertsitateari eusteko tresna bat dira, eta gizakion ongizateari mesede egiten diete», azaldu du Errandoneak.
Bilera udalarekin
Ekomapak Iruñerriko, Altsasuko eta Baztango hainbat herritar elkartu ditu. Txorkoen inguruan bildutako informazioa Iruñeko Udaleko arduradunekin landu nahi dute. «Jasotako datuak abiapuntu hartuta udalarekin hitz egiten hastea da asmoa», berretsi dute boluntarioek. Estuegiak diren txorkoak moldatzea, hutsik direnetan zuhaitzak landatzea eta dauden arbolak zaintzea da helburua, erantsi dutenez. Xedea da, halaber, herritarren artean sortutako sareari eustea.
Zenbat zuhaitz dauden. Iruñean 120.000 zuhaitz inguru daude, Iruñeko Udaleko arduradunek 2024. urtean zabaldutako datuen arabera. Zuhaitz horietako ia 29.400 zola gainean daudela zehaztu dute.
Zenbat zuhaitz espezie dauden. Iruñeko zuhaitzak askotarikoak dira; zehazki, 470 espezietakoak. Hamar espezie dira, halere, ale gehien dutenak: astigarrak (6.100), platanoak (3.000), lizarrak (2.000) eta indi gaztainondoak (1.400), bertzeak bertze.
