Hizkuntza politiken eta oroimen historikoaren esparruetan eginiko ibilbidearekin pozik da Ana Ollo (Iruñea, 1965). Euskararen egoerari buruz, «baikor izateko motiboak» daudela uste du, hiztun kopurua ez ezik, hizkuntza normalizatzeko neurriak ere nabarmenduta. Hala ere, onartu du «erresistentziak» azaleratzen direla oraindik ere.
Euskara eta hizkuntza eskubideak eztabaida iturri dira gobernu barruan.
Ezin dut ukatu: hala izan dira, bai. Baina ez da sekretu bat inorentzat. Akordio programatikoan bertan jasota dago, desadostasunen atalean.
Nola kudeatu dituzue desadostasun horiek?
Ez da erraza. Adibidez, joan den legealdian une txarrak pasatu izan genituen Euskararen II. Plan Estrategikoa onartzeko prozesuan. Azkenean, ezin izan genuen plan hori aurrera atera. Guk zera proposatu genuen: Nafarroako ikasle guztiek, gutxienez, euskara ikasgai gisa izan beharko luketela, baina puntu hori onartezina izan zen PSNko kideentzat. Hala ere, gauzak aldatzen ari dira pixkanaka, eta euskararen normalizazioaren aldeko politikak garatu ahal izan ditugu. Aurten, adibidez, Euskarabideak lankidetza hitzarmenak sinatu ditu 29 gizarte eragilerekin. Sare bat ondu dugu azken urteetan gizarte mugimenduekin, euskararen aldeko auzolana helburu.
«Iaz, berrehun lanpostu gehiagori jarri genien euskarazko profila, eta aurten beste koska bat egin dugu gora: legealdia amaitu aurretik, beste berrehun postutan jarriko dugu»
Administrazio barruan bide luzea dago egiteko…
Bai, administrazioaren barruan nahi genuke urrats gehiago egin… Tira, ari gara. Iaz berrehun postu gehiagori jarri genien profil elebiduna, eta aurten, beste koska bat eginen dugu gora. Geroa Bairen aldarrikapenetako bat zen lanpostu elebidun gehiago onartzea, eta lortu dugu. Legealdia amaitu baino lehen, beste berrehun postutan jarriko dugu profil elebiduna. Jendaurreko postuak izanen dira, batez ere, eremu euskaldunean eta eremu mistoan.
Horretarako diseinatu zenituzten departamentu bakoitzerako euskara planak, ezta?
Bai, kostata, kontseilari bakoitzak onartu behar baitzuen bere departamentuari zegokion plana, eta hor barruan baziren, nola esan… sentsibilitate ezberdinak.
Departamentu eta kontseilari batzuk oldarkor aritu dira euskararen kontra.
Bai, baina, tira, aldarte onarekin edo gogoz kontra izanda ere, errealitatea da departamentu guztietan onartuak daudela hizkuntza planak, eta zehaztuta daudela plaza elebidunak.
Euskararen ezagutza mailak gora egin du Nafarroan. Baikor al zara etorkizunari begira?
Badira baikor izateko arrazoiak. Euskaldunak gero eta gehiago gara: gazte asko eskolatik datoz euskaldunduta, eta, horrez gain, helduak euskalduntzeko ikastaroek gero eta jende gehiago erakartzen dute. Asko igo da euskaltegira doazenen ehunekoa azken bizpahiru ikasturteetan. Normalizazio prozesu baten ondorioa da. Lehen, abertzaletasunarekin edo gizartearen sektore oso jakin batekin lotzen zen euskara ikastea; orain ez. Euskarara jotzen dutenen esparrua zabaldu egin da, eta hori baikor izateko motibo bat da. Dena den, ez dugu perspektiba galdu behar, eta gogoan izan behar dugu nondik gatozen eta nola iritsi garen honaino.
Nola?
Duela gutxira arte, Nafarroan euskaraz ikasteko bide bakarra ikastolak ziren. Orain, edozein herritan D ereduko lerro publiko bat zabaltzeko aukera dago printzipioz eta salbuespenak salbuespen. Baina seme-alabak euskaraz matrikulatzea gero eta errazago dirudien honetan, nondik gatozen ahazteko arriskua dugu. Euskararena egunero defendatu eta sendotu beharreko plaza da; bestela, galtzeko arriskua dugu. Galdetu didazu ea baikorra naizen. Banaiz, hala izan behar dugulako, baina, pentsatzen badugu dena eginda dagoela, jai dugu. Begira zer gertatu den beste erkidego batzuetan. Begira Valentziari. Beren hizkuntzaren normalizazioan urrats garrantzitsuak egin zituzten, eta, urte gutxitan, izugarri egin dute atzera. Erne ibili behar dugu.
«Gure hizkuntza eskubideak dira, eta horien alde egin behar dugu borrokan, baina konbentzitzen ere jakin behar dugu»
Ezagutzak gora egin bai, baina D ereduko matrikulazioa ez aurrera ez atzera dago aspalditik: %30eko langa gainditu ezinik. Eta erabilerari dagokionez ere, datuak ez dira onak. Goia jo du euskarak Nafarroan?
Hor erronka handia dugu, baina ez da bakarra. Nafarroako gizartea aldatzen ari da; orain pluraltasun handiagoa dugu migrazioa dela eta, kultura eta jatorri ezberdineko jende ugari etorri baita. Eta inoiz gainditu nahi badugu aipatu duzun %30eko langa hori, haiengana hurbildu beharko dugu halabeharrez. Esateko euskara ere bertoko hizkuntza dela, eta eurek ere ikas eta erabil dezaketela. Euskara, finean, lurraldea kohesionatzeko tresna izan behar da; ezin ditugu ghettoak sortu.
Nola egin hori?
Uste dut autokritika apur bat egin behar dugula. Euskara aldarrikapen politiko gisa aurkeztu izan dugu, hala delako, eta oso inportantea da aldarri hori egitea, baina, horrekin batera, bestelako aditz batzuk ere erabili beharko genituzke: seduzitu, atxiki, erakarri… Eta baten batek esanen du hizkuntza eskubideez ari garela. Eta bai, jakina. Gure hizkuntza eskubideak dira, eta horien alde egin behar dugu borrokan. Baina konbentzitzen ere jakin behar dugu: irribarre batez euskara balio positiboekin lotuz, kirolekin, aisialdiarekin, kulturarekin… Gustuko ditugu parranda, aisia, jendearekin egotea… Ongi sentitzen gara beste batzuen konpainian. Bada, euskara egon dadila hor ere.
Hala ere, tokian tokiko egoerak eta baliabideek ere baldintzatzen dute estrategia…
3 urteko neska-mutiko gutxiago bizi dira Aezkoan, Zaraitzun eta Erronkarin, Corellan baino. Eta Corellan ez dago D eredurik. Hori aldatu beharra dago.
«Iruñean, ikasle gehien biltzen duten ikastetxe pribatuek ez dute ikasgai bat bera ere euskaraz. Harresi hori apurtu beharra dago»
Familia batzuen borrokari esker, D ereduko lerroak zabaldu dira Mendigorrian, Faltzesen, Oibarren… baina Hezkuntza Departamentuak trabak jarri dizkie. Haize kontra ibiltzera kondenatuta daude halakoak?
Bai, egia da: batzuetan borroka eta militantzia beharrezkoak dira oraindik, erresistentziak azaleratzen direlako. Hala ere, uste dut aurten balantze polita egin dezakegula: Oibar, Faltzes, orain Arroitz… Ari gara, poliki-poliki. Dena den, gutxitan erreparatzen zaio Iruñeko egoerari, eta hor ere badugu sekulako erronka.
Iruñean?
Begira ikastetxe pribatu handiei: gehienetan ez dago D eredurik, baina A eredurik ere ez. Jesuitak, Maristak, San Zernin… Ikasle gehien biltzen duten ikastetxeak dira, eta ez dute ikasgai bat bera ere euskaraz. Kontaktu txikiena ere ez. Harresi hori apurtu beharra dago. Lortuko bagenu sikiera zentro horietan A eredua ezartzea edo euskara ikasgai gisa orokortzea, urrats handia litzateke.
Helduen euskalduntzean ere egin duzue urratsa: A1 eta A2 mailetako matrikularen kostu osoa itzultzen diezue ikasleei.
Urtero-urtero pauso gehiago eman nahi ditugu bide horretan, neurri inportantea baita. Oraingoz A1 eta A2 mailetan ezarria dago, eta aurtengo asmoa da matrikularen doakotasuna B1 mailara ere hedatzea. Hala jasota dago aurrekontu proiektuan, eta diru gehiago hitzartu dugu konpromiso hori betetzeko.
1986ko Euskararen Legeak 40 urte beteko ditu aurki. Garaia al da aldatzeko?
Geroa Bairen jarrera argia da: lege hori baztertzailea da, zonifikazioa ekarri duelako. Zure posta kodea zein den, horren arabera izanen dituzu aitortuak hizkuntza eskubideak. Hori, gaur egungo mundu globalizatuan, oso arraroa da. Telebista edo sakelakoa piztu eta munduko edozein herrialdetako komunikabideak nahieran ikus ditzakezu hamaika hizkuntzatan; Nafarroan, aldiz, zerbitzuak euskaraz jaso nahi badituzu, horretarako aukera izanen duzu Leitzan bizi bazara, baina Iruñean ez, eta Tuteran are gutxiago… Lege horrek ez du inoiz zentzurik izan, baina gaur egun anakronikoa da erabat. Gure taldearen aldarrikapenetako bat da zonifikazioa kentzea. Egia da, oraingoz, parlamentuan ez dugula gehiengorik hori aldatzeko, baina ni baikorra naiz. Horren aldeko iritzia gero eta hedatuago dago gizartean. Zentzuzko eskaera bat da.
Zonifikazioaren auziak, baina, Euskararen Legea gainditzen du. Foru Hobekuntzan jasota dago, eta hura moldatzeko ponentzia egiten ari dira parlamentuan. Aldatu al dira taldeen jarrerak?
Ez, betikoak dira funtsean. Sozialistek diskurtso irekiagoa egin zuten, eta Txibite lehendakariak proposatu zuen euskarari «hizkuntza propio» izaera aitortzea… Baina hori guztia legean jasota dago jada. Esaldi hori Foru Hobekuntzan sartzea aurrerabide bat ote den… Ez dut uste. Legea aldatu beharko genuke, eta euskara hizkuntza ofizial izendatu Nafarroa osoan. Eta gero etorriko dira ñabardurak. Badakigu egoera soziolinguistikoa ez dela berdina Leitzan eta Corellan, baina euskara ofiziala izan dadila denetan.
«Geroa Baik nahi duen tokian egonen naiz, baina plazer handiz bueltatuko nintzateke unibertsitatera»
JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Legealdia azken txanpan sartu da. Zer nabarmenduko zenuke orain arteko bideaz?
Ia hamabi urte daramatzat gobernuan, eta denbora horretan, uste dut asko aldatu dugula politika egiteko era. Gizartea bera ere aldatu da. Gobernura iritsi ginelarik, esate baterako, ez zegoen Memoria eta Bizikidetza politikarik. Bada aldea egungo egoerarekin: torturaren biktimek gobernuaren aitortza lortu dute; memoria lekuen mapa bat osatu dugu, Frankismoaren biktimak elkartu eta omentzeko; Terrorismoaren Biktimen Legea tramitatzen ari dira parlamentuan… Hitz batean esanda: normaltasuna, horixe ekarri diegu bakearen eta bizikidetzaren arloko politikei.
Eskuin muturra goranzko betean den honetan, pisua hartu du zuen departamentuak…
Guk beti esaten dugu memoria ez dela iraganeko kontu bat, baizik eta etorkizunari begirako balio bat, gizarte demokratikoa sendotzeko. Egia da, bizi dugun momentu latz honetan, gorantz doazela autoritarismoa eta ultraeskuineko indarrak. Horren aurka blindatu beharra dago. Sendotu. Pausoak eman ditugu, pauso inportanteak, baina ez da nahikoa. Eskubideetan atzera egiteko arriskua dago.
Adibidez?
Nik beti kontatzen diet semeei eta beren lagunei duela berrogei urte, esaterako, emakumeok ezin genuela kontu korronte propio bat ireki. Gizonezko baten beharra genuen. Horregatik, gazte batzuei aditzen diedalarik «Francorekin hobeki bizi ginen», kirioak dantzan jartzen zaizkit. Jende horrek ez daki zer den frankismoaren edo diktadura faxista baten menpe bizitzea. Dena den, arazoa ez dute gazteek soilik. Gizarte osoari eragiten dion kontu bat da. Eta denon artean borrokatu behar dugu, lorpenei eusteko. Bakoitza bere tokitik, dela erakundeen barruan, dela gizarte zibilaren parte gisa.
Non ikusten duzu zeure burua datorren legealdian?
Geroa Sozialberdeetako kidea naiz, eta, Geroa Bai koalizioaren barruan gauden heinean, lan eginen dugu ahalik eta ordezkaritzarik handiena lortzeko eta gobernuan jarraitzeko. Ahal bada, Uxue Barkos lehendakari dela. Hori esanda, nik jada hiru legealdi daramatzat kontseilari lanetan. Denbora luzea da. Gobernuan «la antigua» [antzinakoa] naiz dagoeneko [barre egin du]. Eta Geroa Bairen barruan baditugu balio handiko gazteak, lekukoa hartzeko prest. Hortaz, ni egonen naiz Geroa Baik nahi duen tokian, baina galdetzen badidazu ea non egon nahi nukeen edo zer gustatuko litzaidakeen, nik nahi nuke Uxue Barkos lehendakari izatea. Gustura egonen nintzateke haren lantaldean, agian ez kontseilari gisa, baina bai beste postu batean.
Eta lehendakaria beste norbait balitz?
Esan dudan bezala, Geroa Baik eskatzen didan tokian egonen naiz. Eta bestela ere, Nafarroako Unibertsitate Publikoko langilea naiz. Hortxe dut lanpostua, eta ia 25 urte egin nituen postu horretan lanean. Plazer handiz bueltatuko nintzateke.
