Azkenaldian, La bola negra filma denen ahotan egon da, eta Javier Ambrossi eta Javier Calvo Los Javis-en zuzendaritza taldean aritu da Ekaitz Bertiz (Sunbilla, Nafarroa, 2003). Bere filmak egiteko, ordea, ez du urrunera joan beharrik: etxean ditu paisaia, pertsonaiak eta istorioak. Eta, batez ere, kontatzeko gogoa. Erreka zoko hortan film laburrean, kontrabandistak eta laminak eraman zituen pantaila handira; orain, berriz, joaldunen mundua ardatz duen Joare tte film laburra egin du.
Zinemagintzako Gradua ikasi zenuen Bartzelonako ESCAC zinema eskolan. Zer eman dizu eskola horrek?
Zinema munduko teknikak eta erreferentzia pila bat eman dizkit, baina, batez ere, kanpoan bizitzearen esperientzia. Herri txiki batetik aterata, gurasorik eta lagunik gabe, bat-batean biluzik ikusi nuen neure burua. Hortaz, bizi ikasketa handia izan da.
Gradu amaierako lanerako, Erreka zoko hortan film laburra ondu zenuen, ezta?
Unibertsitateak material pila bat eta diru laguntza txiki bat eman zigun, eta, lantalde erdia euskalduna zenez, Euskal Herrira ekarri genuen. Gestio ekonomiko, logistiko eta sozial hagitz handia izan zen, baina harrera polita izan zuen jaialdietan, eta Elizondon, Donezteben eta Lesakan egindako emanaldietan jendearen goxotasuna sentitzeak segitzeko motibatu ninduen.
Ikasle izateari utzi, eta zineman graduatua zara orain; graduatuz geroztik, Joare tte izan da zure lehendabiziko film laburra. Zer aldatu da?
Jada ez dut unibertsitateak ematen duen babes hori, baina estilo berarekin segitu nahi dut, Baztan-Bidasoko iruditeriara joz: kontrabandoa, laminak, joaldunak… Hemen badugu zer kontatu, eta polita da hori esploratzea, harro sentitzea eta ezagutaraztea. Nik zinemaren bidez egiten dut, baina artista anitz ditugu eskualdean.
Filmaren abiapuntua Aiara da, joaldun izatea amesten duen haurra. Zergatik erabaki zenuen tradizio hori haur baten begiradatik kontatzea?
Haurrek ez dute aurreiritzirik; hortaz, polita iruditu zitzaidan haur baten ikuspuntutik marraztea hark desio duen pertsonaia horren irudia. Pertsonaia hori indarra hartzen ari da azken urteetan; musikan, erraterako, Zetak-ekin ikusi dugu, eta baita sare sozialetan ere. Baina kezka nuen zenbateraino bihurtzen ari den dekoratu bat; ez dakigu zer lotura duen abeltzaintzarekin eta gure arbasoen bizitzeko moduarekin.
Aurtizko, Iturengo eta Zubietako inauterietan grabatutako irudiak fikzioarekin uztartu dituzu, ezta?
Sei egun egon ginen fikzio konbentzionala grabatzen, eta inauterietako egun erreal bat ere grabatu genuen. Zineman beti lortu nahi izaten dugu plano perfektua, eta, horretarako, behin eta berriz egiten ditugu hartualdiak. Hemen kontrako ariketa egin genuen; joaldunen erritmora moldatu behar genuen. Ez dago plano perfekturik, baina badago zerbait bizia, filmari on egiten diona.
«Joaldunen erritmora moldatu behar genuen. Ez dago plano perfekturik, baina badago zerbait bizia, filmari on egiten diona»
Zure protagonistak ez dira aktoreak. Hori ere hautu bat izan da?
Bertako istorioak kontatzen ari bagara, bertako aurpegiek irudikatu behar dituzte. Aiararen pertsonaia interpretatzen duena, adibidez, zubietarra, joalduna eta artzaina da. Tte-tte erranez biltzen ditu ardiak; joaldunek, berriz, joare soinuekin ernatzen dute ama lurra. Dei horien bueltan sortu zen izenburua.
Kimuak programak bigarren urtez jarraian hautatu du zure film bat. Zer garrantzi du horrek?
Kimuak programaren zigilua izatea ikaragarria da, lanari ikusgaitasuna ematen baitio. Jaialdietan harrera hagitz ona eduki du; Santurtzin, erraterako, EITB-Euskal Pantailak saria irabazi dugu berriki. Making of-a egiten ari naiz, eta Eguberrietan edo urtarrilean emanaldiak egiten hasi nahiko nuke eskualdean.
La bola negra filmeko zuzendaritza taldean ere parte hartu duzu. Nola sortu zitzaizun aukera?
Javier Calvo eta Javier Ambrossi gure graduazioko aitabitxiak izan ziren, eta Ambrossik bere helbide elektronikoa eman zigun. Biharamunean idatzi nion, eta deia hortik hilabete batzuetara ailegatu zen. Dudarik gabe, dena utzi nuen, eta aste batetik bertzera Madrilera joan.
Bortz hilabetez aritu zinen Los Javis zinemagileekin lanean. Zer egiteko zenuen zehazki?
Aktoreen ordutegiak kudeatu behar nituen, eta haien ongizatea bermatzeaz arduratzen nintzen. Tekniko bat bertzerik ez naiz, bertzeak bezalakoa, baina ikaragarria da horren parte zarela sentitzea. Opari eta ikasketa izugarria izan da.
Cameo bat ere egin duzu, ezta?
Kantabrian grabatzen ari ginela, eszena batean soldadu batek Miguel Bernardeau zaindu behar zuen, baina eszenak ez zuen funtzionatzen; orduan, erran zuten: «Aldatu dadila Ekaitz!». Kaskamotz utzi ninduten, eta kontent sartu nintzen eszenan. Guitarricadelafuenteri [Alvaro Lafuenteren izen artistikoa, filmeko protagonistetako bat] begiratu behar nion, bertzerik gabe, baina kamera analogikoarekin grabatzen ari ziren, eta ezin ziren nahi bertze hartualdi egin. Uste nuen ez zutela sartuko pelikulan, baina, azkenean, aurrerapen bideoaren lehenbiziko planoetako bat izan zen. Beti oroituko naiz.
«Inportantea da jendeak jakitea euskalkietan ere artea egin daitekeela»
Lorcaren bitartez, queer memoria mamitzen lagundu dute zuzendariek. Zure filmetan ere eskualdeko memoria, paisaia eta nortasuna landu dituzu. Horretan sakondu nahi duzu hemendik aitzinera ere?
Dudarik gabe. Ezin izanen nuke zinemarik egin naturaz elikatuko ez banu. Euskararekin, noski, gauza bera gertatzen da; betidanik euskaraz komunikatzen naizenez, euskaraz egiteko beharra dut, baina baita eskualdeko euskarari bere tokia emateko nahia ere. Inportantea da jendeak jakitea euskalkietan ere artea egin daitekeela.
Gustatuko litzaizuke film luze bat egitea?
Film labur bat baino are zailagoa da, baina ilusioa izan behar da. Erreka zoko hortan film luze bihurtzeko gidoia garatzen ari naiz, eta espero dut noizbait aukera izatea hura grabatzeko; hori dut hurrengo helburua.
LOTSABAKO
Film bat?
Midsommar eta La bruja novata.
Zuzendari bat?
Moriartikoak eta Alauda Ruiz de Azua.
Inspiratzeko leku bat?
Mendaur.
