Biometanizazio plantak eraikitzeko planak Arroitzen, Andosillan eta Vianan; proiektu eolikoak Urbasan; kobre meategiak eraikitzeko zundaketak Sorladan; makroetxaldeak eraikitzeko asmoa Eneritzen eta Deikaztelun… Azken urteetan, azpiegitura eta ustiatze proiektu handiak martxan jartzeko planak ugaritu egin dira Estellerrian (Nafarroa), energiaren eta elikaduraren sektoreetako enpresek eta multinazionalek sustatuta.
Halakoak pilatu ahala, baina, gora egin du herritarren haserreak ere. Gaur, ezinegon horrek gainezka egin du Lizarran: Lizarraldea Bizirik plataformak deituta, kalera atera dira 2.000 pertsona inguru, makroproiektuen aurka protesta egitera.
Denek bat egin dute manifestazioaren leloarekin: Lizarraldea ez dago salgai. Makroproiektuei ez. Baina talde eta eragile bakoitzak bere aldarrikapen propioak eraman ditu martxara. Hala, biogas planten, AHTaren, autopista elektrikoen eta meategien aurkako afixak eta pankartak ikusi ahal izan dira ibilbide osoan, besteak beste. Estellerriko herrien izenak ere idatzita zeramatzaten afixa txikiagoetan, eta, Lizarraldea Bizirik elkartekoen esanetan, zera adierazteko zen: «Makroproiektu txikitzaileek ehun herriri baino gehiagori kalte egiten dietela».
Foruen plazatik abiatu da manifestazioa, txalo eta oihu artean. «Amalurra defenda dezagun», «Nafarroa ez dago salgai» eta «txikitzaileak txikitu» leloak oihukatu dituzte manifestariek. Nabarreria eta Zapateria karrikak atzean utzita, Koroatzearen plaza iritsi da martxa, eta autobus geltokiaren paretik igaro ostean, Alde Zaharrean barneratu dira berriro. Azkenerako, Foruen plazara itzuli da jendetza.
Meatze proiektua, auzitan
Gaurko manifestazioaren sua piztu duten txinpartetako bat Estellerriko eta Zangozaldeko meatzaritza proiektuek sortutakoa da. Izan ere, Iberian Copper enpresak lau ikerketa baimen eskatu zituen, aztertzeko ea posible den Estellerriko eta Zangozaldeko beste horrenbeste eremutan kobrea ustiatzea. Guztira, 42 zundaketa egin nahi dituzte 25.200 hektareako azaleran, eta meatzaritza proiektuak Nafarroako 38 herriri eraginen lieke: 32 Lizarra inguruan, eta zazpi, Zangoza eta Kaseda arteko eremuan.
Jendetza batu da Lizarrako karriketan, makroproiektuen aurka. J. MANTEROLA / FOKU
Nafarroako Gobernuak hiru urteko baimena eman zion enpresari zundaketa horiek egiteko, baina Ekologistak Martxan elkarteak eta Lurgorri plataformak errekurtsoa aurkeztu zuten erabaki horren aurka. Urriaren 20an, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak tramiterako onartu zuen errekurtsoa, eta ebatzi beharko du baimen horiek ongi emanda dauden ala ez.
Manifestazioaren bukaeran, Amaia Izkuek eta Iban Bustok hartu dute hitza, euskaraz eta gaztelaniaz, Lizarraldea Bizirik plataformaren izenean. Gogorarazi dute halako proiektuak «ekoizpen eta kontsumo sistema harrapari batek» sustatzen dituela, eta kargu hartu diete hala enpresei nola erakundeei, halakoei «ateak irekitzeagatik».
