Bihar Hego Euskal Herrian etxe eskubidearen aldeko greba orokorra izango dela eta, Nafarroako Gobernuak gutxieneko zerbitzuen berri eman du, atzo Eusko Jaurlaritzak egin bezala. Hauek izango dira:
Osasuna
Osasunbidean, larrialdien eta premiazko tratamenduen ohiko funtzionamendua bermatuko du gobernuak. Zehazki, jardun betean izango dira larrialdietako zerbitzuak, zaintza intentsiboak eta paziente kritikoen arretarako unitateak; eta larritzat jotako ebakuntza guztiak ere egingo dituzte. Haurdunen arretan, erditze sailetan %100ean arituko dira, eta hogeigarren asteko ekografiak eta amniozentesiak egingo dituzte.
Era berean, lehentasunezko pazienteek eta ospitaleratuta daudenek ere «arreta osoa» jasoko dute, baita tratamendu jarraituren bat jasotzen ari direnek ere; azken talde horretan daude hemodialisia, erradioterapia edo tratamendu onkologikoa behar dutenak, eta minaren unitatean edo buru osasuneko sarean hitzordua dutenak, besteak beste.
Gainontzean, erietxeetan «herritarren arreta bermatuko da zentroen jarduera garatzeko ezinbestekoak diren zerbitzuetan». Lehen arretan, berriz, txanda bakoitzean mediku bat, pediatra bat, erizain bat eta administrari bat egon beharko dira bost lanpostuko.
Hezkuntza
Hezkuntzaren alorrean, unibertsitateaz kanpoko zentro publiko eta itunduetan, gutxieneko zerbitzuetan egon beharko dute zuzendariak eta ikasketaburuak, baita hiru irakasletik batek ere haur eta lehen hezkuntzan, eta lautik batek bigarren hezkuntzan.
Hezkuntza bereziko zentroetan, sei irakasletik lauk egin beharko dute lan. «Kasu guztietan, hezkuntza behar bereziak dituzten ikasle guztien arreta egokia bermatu beharko da eskola garraioan eta jantokian», nabarmendu du gobernuak.
Hezkuntza Departamentuaren menpeko haur eskoletan, berriz, zuzendariak ez ezik, bi hezitzailetik batek egin beharko du lan, baita sukaldari batek eta garbitzaile batek ere.
Gizarte zerbitzuak
Egoitzetan, etxebizitzetan eta eguneko zentroetan «erabiltzaileen oinarrizko beharren arreta» ziurtatu beharko dute, hala nola zaintza pertsonala, elikadura, komunikazioa, kontrola, babesa eta lekualdatzea. Oro har, zahar etxeetan, adingabeen zentroetan eta etxe tutelatuetan, jaiegunetan izaten diren langileen arabera ezarri dituzte gutxieneko zerbitzuak. Eguneko zentroetan, sei erabiltzaileko zaintzaile batek egon beharko du, eta garraio zerbitzua mantendu egingo da.
Bilboko metroan, zortzi kilotik gorako zakurrik ez
Eusko Jaurlaritzak garraio publikoan ezarritakoari jarraikiz, Bilboko metroan gutxieneko zerbitzuak %30ekoak izango dira bihar. Hala, erakundeak ohar bidez jakinarazi du ordu tarte batzuetan jendea pilatzea aurreikusten duela, eta, beraz, zortzi kilotik gorako zakurrak ezingo direla metroan sartu egun osoan.