Nafarroako Gobernuak erabaki du Nafarroako Urrezko Domina ematea Daniel Innerarity filosofoari. Gobernuak nabarmendu du Innerarityk «gobernu prozesuen kalitatea hobetzeko egindako ekarpena» eta «XXI. mendearen erronketara egokitutako demokraziaren defentsa». Saria abenduaren 3an emango diote, Nafarroaren Egunaren karietara.
Innerarity (Bilbo, 1959) filosofian doktorea da, filosofia politiko eta sozialean katedraduna, ikerlaria Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Globernance Gobernantza Demokratikoaren Institutuko zuzendaria, besteak beste. Haren kezka nagusiak demokrazia, gobernantza eta gizartea antolatzeko moduak izan dira beti, eta aspaldi honetan adimen artifizialaren garapenaren arriskuak eta erronkak ere izan ditu gogoetarako gai. Berrogei liburu inguru idatzi ditu, eta sari ugari jaso, Euskal Herrian zein nazioartean.
Erlazionatuta
Nafarroako Gobernuaren esanetan, Innerarity «zientzialari bikaina» da, eta «xehe aztertu du gaur egungo demokrazia, gobernantza eta ziurgabetasunaren kudeaketa, ikuspuntu zorrotz eta zintzo batetik». Horregatik, «munduko pentsalaririk garrantzitsuenetako bat» da filosofia politikoaren eta gobernantza demokratikoaren arloan. Halaber, Nafarroako gizartearen alde erakutsitako konpromisoa ere azpimarratu du gobernuak.
Nafarroako lehen lehendakariorde Javier Remirezek nabarmendu du Innerarity 15 urte zituela iritsi zela Nafarroara, eta geroztik «Nafarroako gizartearen aldeko erabateko konpromisoa» erakutsi duela: «Innerarityk Nafarroako gizarte osoaren aitortza eta esker ona merezi ditu».
Nafarroako administrazioaren zenbait arlotako arduradunek osatu dute epaimahaia, eta hark egin du Innerarityri domina emateko proposamena.
