Legealdiko legerik garrantzitsuenetako bat onartu dute gaur goizean Nafarroako Parlamentuan. Industriaren foru legea aurrera atera dute Nafarroako Gobernuko hiru bazkideek —PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak—, EH Bilduren abstentzioari esker. Nahiz eta haren tramitazioan UPNk eta PPk aurkeztutako hainbat zuzenketa onartu, bi alderdiek kontra bozkatu dute, Voxekin batera.
Sorpresarik ez, azkenean. Legea onartu aurretik, Mikel Irujo Nafarroako Industria kontseilariak gogoan izan du BSHren kasua. Izan ere, foru lege horren edukia lantzeko prozesuan jakinarazi zuen Alemaniako multinazionalak Ezkirozko lantokia ixteko asmoa. Nahiz eta irabaziak izan, gobernuari eta langileei jakinarazi gabe iragarri zuen albiste lazgarria. «Ezin dugu onartu berriro BSHren moduko kasu bat errepikatzea», esan du irmo Irujok, atal hura gogoan.
Gaurkoan hiru urte iraun duen prozesu bati eman zaio amaiera. Izan ere, Irujok gogoratu duenez, parte hartze prozesua «aitzindaria» izan da. Hasieran bederatzi lan talde antolatu ziren. Enpresa munduko elkarteek, eragileek eta sindikatuek 800dik gora ekarpen inguru egin zituzten, eta horiekin osatu zen lehen zirriborroa. Ondoren beste 421 alegazio aurkeztu zizkioten, eta hirutik bi onartu egin ziren. Behin lege proiektua osatuta, Nafarroako Parlamentuan Vox ezik gainerako taldeek aurkeztutako 59 zuzenketa onartu dira —UPNk aurkeztutako hamar, EH Bilduren 22, PPren hamasei eta gobernuko bazkideen hamar—.
«Gaur fosilez hitz egitea dagokigu eta ez naiz ari soilik deskarbonizazioaz. Legea kritikatu duten erakundeetako zuzendaritzak XX. mendean jarraitzen dutela ematen du»
MIKEL IRUJONafarroako Gobernuko Industria kontseilaria
Industria ekosistemari begirako arau sorta ezartzen du foru legeak. Horien artean nagusietako bat da deslokalizazioa saihesteko esparru bat ezartzen dela: bere jardueraren %20 baino gehiago edo 75 lanpostutik gora suntsitu nahi enpresek bederatzi hilabete lehenago jakinarazi beharko dute neurria eta beste irtenbide bat bilatu beharko du, halaber, epe horretan.
Inbertsioak erakarri eta proiektuak errotzeko bidea erraztuko du legeak. Hau da, enpresei proiektuak errazteko baldintzak ezartzen ditu administrazioak exijitutako dokumentazioa «behar-beharrezkoa dena baino ez» izateko. Agiriak aurkezteko lehiatila bakarreko sistema ezarriko da, eta baimen bat ukatzen den kasuetan baimen baldintzatua sortzeko aukera jasoko du legeak.
Beste berritasunetako bat da baldintzak ezarriko direla inbertsio estrategikoak «bizkortzeko». Azken urteetan VWek, Gestampek edo Hyundai Mobisek egndako inbertsioak edo Hithiumek egin asmo duenak sartuko lirateke. Halaber, foru intereseko inbertsioen epeak erdira murriztuko dira eta diru laguntza deialdietan puntuazio gehigarria jasotzeko aukera izango dute. Gainera, deskarbonizazioaz eta CO2 emisiorik gabeko industria guneez, talentuaz, errotzeaz eta beste hainbat gai hitz egiten du legeak.
Patronalaren kritikak
Eta hala eta guztiz ere, UPNk eta PPk kontra bozkatu dute. Astelehenean, CEN Enpresaburuen Elkarteak, Nafarroako Merkataritza Ganberak eta Adefan Nafarroako familia enpresen elkarteak legearen kontrako prentsaurrekoa eskaini zuten. Kritikatu zuten, besteak beste, legeak ez duela zerga neurriez edo azpiegitura handiez hitz egiten, eta administrazioak enpresei errazteko neurri gehi emateko exijitu zuten.
Kritika hori bere alde erabili du Irujok, eta halaxe hasi du bere hitzartzea: «Gaur fosilez hitz egitea dagokigu eta ez naiz ari soilik deskarbonizazioaz. Kritika hori egin duten erakundeetako zuzendaritzak XX. mendean jarraitzen dutela ematen du». Irujori deigarria egin zaio CENek eskatzea legetik kentzeko industriaren balioari buruzko artikulua, lege batek balioak ez dituela zehaztu behar argudiatuta. Ekonomia sozialari, enpresan erakuntzizun sozialari edo enpleguari buruzko aipamenak ere ez ditu gustoko patronalak. «Hor datza gure desadostasun nagusia. Lege honek industrian lan egiten duten 92.000 pertsonak jartzen ditu erdigunean».
Gobernuko bazkideei eskuina kritikatzeko erregaia eman die horrek. EH Bilduko Oihan Mendoren arabera, berriz, CENek eta Merkataritza Ganberak «markaketa estua» egin die UPNri eta PPri. «Uste dut lege honek ez dituela hainbeste atsekabetzen». Mendoren arabera, lege «desorekatua da», enpresen aldekoa eta alor sozialean «asmo onez betea».
UPNko Ana Elizalderen arabera, «ez da beharrezkoa» industria arautzea. «Inork ez du halakorik eskatu», argudiatu du.
INdustria legea
Gobernantza. Sektore publikoaren eta pribatuaren lankidetzarako, Industria Ekosistemaren Mahaia eratuko dute gobernuko eta industriako eragileek. Batzar bat izango du, eta zuzendaritza bat.
Errotzea. Gobernuak «lurraldean errotutako eta lanpostuak sortzen dituzten» proiektuak bultzatuko ditu, eta lehentasuna emango die ekonomia sozialeko eta familia enpresei, eta lurralde kohesioa aintzat hartzen duten egitasmoei..
Prozeduren erraztea. Enpresei dagokien burokrazia arinduko du. Erregulazio txostenak «aldi berean» argitaratzea bilatuko da, eta baimenen jaulkipena malgutu. Leihatila bakarreko sistema ezarriko da enpresen eta administrazioaren harremanetarako. .
Berrindustrializazioa. Bere jardueraren %20 edo 75 lanpostutik gora murriztu nahi duten enpresek edo lantoki bat itxi nahi dutenek erabakia gauzatu baino bederatzi hilabete lehenago jakinarazi beharko dute; epe horretan berrindustrializazio baterako aukera aztertuko da.
Deskarbonizazioa. Enpresek deskarbonizazio planak landu beharko dituzte: 500 langiletik gorakoak 2028rako; gainerakoek, 2030erako. Bost urteko epean, Net Zero emisio neutraleko lehen industrialdea sustatuko du gobernuak, eta etorkizunean eredu hori bultzatu. Industria sektore guztiak ekonomia zirkularrera eraldatzea ere sustatuko du.
Digitalizazioa. Enpresen digitalizazioa bultzatzeko neurriak hartuko dituzte, «batik bat enpresa txikien eta autonomoen artean».
Talentua. Atzerrian diren nafarrak lurraldera ekartzeko neurriak hartuko dira, eta industriarentzat «balio erantsi handiko» profesionalak kontratatzeko programak bultzatuko dira.
Lehiakortasuna. Nafarroara inbertsioa erakartzeko Sodena sozietate publikoak bultzatutako Invest in Navarra programa indartuko da.
