Sanchezek nafarrei irain egin diela kritikatu du Sayasek

Proposamenik ez eta kritika ugari. Pedro Sanchezen bisitaren biharamunean, Sergio Sayasek Moncloa jauregiko maizterraren aurka jo du. 

UPN-PPko Kongresuko zerrendako bigarrenaren ustez, nafarrei irain egin zien atzo Sanchezek. «Lotsa eman beharko lioke Nafarroara etortzea, hona ustelkeria eta Bildurekin egindako itunak baizik ez dituelako ekarri».

Merindades plazan, Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean mintzatu da Sayas, Leticia San Martin, Maria Luz Moraza eta Javier Esparza alboan zituela. 

Ostiral goizean ateratako elkarrizketa batean Sanchezek berak Iruñeko Udaleko zentsura mozioaz hitz egin zuen, eta agerian utzi zuen hiru urteotan Iruñean ez dela hondamendirik izan. Aldiz, Sayasen ustez, EH Bildurekin egindako itunen eredu bilakatu da Iruñea, eta horregatik nafarrek zigortuko dutela uste du. «Duintasunezko botoek beteko dituzte hautestontziak azaroaren 29an».

Berriro ere boto baliagarriaren aldeko mezua zabaldu du, eskuin muturreko boto-emaileei erregutuz haien alde bozkatzeko. «Horrek ekarriko du ezkerrak boto gutxiago izatea eta Nafarroa Espainiak behar duen aldaketaren motorra izatea».  

Astelehenean Alberto Nuñez Feijoo etorriko da Iruñera. Sayasek eskatu die iruindarrei «ongietorri beroa egiteko hurrengo Espainiako Gobernuko presidenteari».