Teatrolarik zortzi pieza sortu ditu sare sozialetan euskararen erabilera sustatzeko

Teatrolarik zortzi pieza sortu ditu sare sozialetan euskararen erabilera sustatzeko

Estreinaldi baten aurreko giroak hartu du Teatrolarik, Ikus-entzunezkoen eta Arte Eszenikoen Nafarroako Eskolak, Iruñeko Kale Berrian duen egoitza. Ikasleek eta irakasleek Berpiztu etxeko kideekin batera egindako zortzi pieza motz aurkeztu dituzte han, sare sozialetan zabaltzen hasi baino lehen. Euskarabideko zuzendari kudeatzaile Jabi Arakama dute ikus-entzule, erakunde horrek antolatutako deialdi baterako prestatu baitituzte lanak: sare sozialetan euskararen erabilera sustatzea da helburua. Eskolako kideek bertze xede bat erantsi diote proiektuari: beren lanbideari buruzko aurreiritziak eta estereotipoak bazter utzi nahi dituzte, eta formakuntzak «garrantzi handia» duela nabarmendu.

«Eskola osoa inplikatu da egitasmoan; esperientzia oso polita izan da guretzat». Horixe nabarmendu du Teatrolariko zuzendari Javier Alvarok. Euskaraz egin du prestatutako lanen aurkezpen osoa. Madrildarra da, eta «oraindik trakets» mintzatzen dela azaldu du, ikasten ari dela, Iruñeko Arturo Campion euskaltegian aritzen dela. Agerraldi osoan eutsi dio euskarari, halere. Eskolak gaztelaniaz ematen dituzte Teatrolarin. Euskal Herritik kanpoko ikasleak badituzte, eta euskaraz ez dakitenak ere euskaraz aritu dira Euskarabidearen kanpainarako filmatu dituzten piezetan. «Ahalegin hori» eskertu du Arakamak.

Eskolan, gaur egun, hamabost ikasle ari dira zentroak eskaintzen dituen lau mailetan. Eskolako bigarren promozioak burutu ditu ikasketak aurten, hain zuzen. Eskolan egun dauden ikasle horietako bat da Aitzara Maiz. Euskaraz egin ditu orain arteko ikasketa guztiak, eta etxean ere euskaraz egiten duela azaldu du. «Nahiko nuke arte eszenikoko ikasketak ere euskaraz egin. Eskolan euskaldunok gure artean euskaraz egiten saiatzen gara behintzat», kontatu du. Maizek aurkeztu ditu eskolan prestatutako zortzi bideo motzak. Pantailetan ikus daitekeen emaitzaren atzean «lan handia» dagoela azpimarratu du.

Gazteentzat

Aurreiritziak bazter utzi, euskararen erabilera sustatu eta inklusioa bultzatu. Hori guztia lortu nahi dute Teatrolariko kideek filmatu dituzten zortzi piezekin. Bideo motzak dira, eta bakoitzak gai jakin bat jorratzen du. Prestakuntzaren garrantzia da landutako auzietako bat: «Askotan, jendeak pentsatzen du arte eszenikoetan edo ikus-entzunezkoetan aritzen garenok ez garela profesionalak, ez garela prestatzen. Hori gezurra da. Formakuntza ezinbestekoa da; gure eskola hagitz garrantzitsua da herrialdeko talentua profesionalizatzeko», berretsi du Maizek.

Bertzalde, ikasleek azpimarratu nahi izan dute talde lanak indar handia duela, eta diziplina askotako langileak aritzen direla elkarrekin arte eszenikoen eta ikus-entzunezkoen esparruan. «Aktoreak agertzen dira pantailan, baina atzean gidoilariak, zuzendariak, jostunak eta beste daude. Denen lana da inportantea», erantsi du Maizek. Bertze hainbat gai jorratu dituzte, eta, bertzeak bertze, inklusioaren aldeko mezua zabaldu: «Denok dugu toki bat lanbide honetan».

Bideoak filmatu eta gero, sare sozialetan zabaltzea da orain egin beharreko hurrengo urratsa. Eskolako kideek euskaraz aritzera eta idaztera animatu nahi dituzte sare sozialetako erabiltzaileak, eta, batez ere, gazteak. Euskarabideak, hain zuzen, hutsune bat ikusi du esparru horretan, eta horregatik erabaki du lehendabiziko aldiz deialdi bat antolatzea, erabilera sustatzeko proiektuak sor daitezen. «Oso pozik gaude lanaren emaitzarekin. Euskarazko eta kalitatezko produktu bat sortu duzue; umorea badu, sakontasuna ere bai, eta hausnarketarako gaiak ematen dizkigu. Txalotzeko moduko lan bat da», erran die Teatrolariko kideei.

Teatrolarik aurten egindako lana ikusita, Arakamak aurreratu du datorren urtean ere eginen dutela euskara sare sozialetan sustatzeko proiektuak garatzeko deialdia.