Sekretu Ofizialen Legea indargabetzearen alde egin du Geroa Baik

Memoria politiketan Nafarroan egindako lana goraipatu du gaurko ekitaldian Geroa Baik, eta salatu du Madrilen lan gutxi egin dela eremu horretan. Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bigarren presidenteordeak, adibidez, nabarmendu du demokrazia garaian Sekretu Ofizialen Legea ez dela indargabetu. 

Olloren arabera, «lege frankista» bat da, eta galarazi egiten du Nafarroako hainbat kasuz gehiago jakitea eta kasu horiek aitortzea, hala nola Montejurrako 1976ko gertaerak, 1978ko sanferminetan Espainiako Polizia Armatuak abiatutako oldarraldi larria eta Mikel Zabalzaren hilketa 1985ean. Haren ustez, pausoak eman beharko lirateke estatuko indarkeriaren biktimak aitortzeko bidean.

Gainera, Memoria eta Bizikidetza arloko kontseilariak uste du Madrilen ez dela pauso nahikorik eman memoriaren arloan, eta «lan asko» falta dela egiteko. «Memoria Demokratikoaren Legetik kanpo utzi dira Nafarroan tortura jasandako biktimak».

Aldiz, bere esku egon den departamenduak urteotan guztiotan egin duen lana goraipatu du. Haren esanetan, erakunde orotan lan egin dute memoriaren alde. «Uste dugu erreminta eraldatzailea dela, eta hura gabe gizarte demokratiko batek ezin duela aurrera egin». 

Mayte Espinosa Geroa Baiko Senatuko zerrendaburuaren ustez, elkarbizitzaren aldeko neurriek politikaren ardatz izan beharko lukete. «Defenditu nahi dugu gorroto diskurtsorik ez izatea bi ganberetan, eta diskurtso horiek ez izatea gehiago demokrazian». Gogora ekarri du Nafarroan memoria politikak Uxue Barkosen gobernuarekin hasi zirela. «Erreferente bat gara, eta hori ez dugu ahaztu behar», nabarmendu du.