«Lehen finala handi geratu zitzaidan; gozatzen ikasi dut orain»

«Lehen finala handi geratu zitzaidan; gozatzen ikasi dut orain»

Profesional mailan bederatzi urte egin berri ditu Peio Etxeberriak (Zenotz, Nafarroa, 1998), eta inoizko garairik «onenean» sumatzen du bere burua. Hala berresten dute emaitzek. Laugarren aldiz jarraian jokatuko du lau eta erdiko finala, eta iaz egin bezala, txapela bururatzen ahaleginduko da igandean, Javier Zabalaren aurka, Bilboko Bizkaia frontoian. Patxi Eugik jokatu zituen lehen aldiz lau final segidan, 1998tik 2001era bitarte. Juan Martinez de Irujok ere egin zuen balentria hori, 2008tik 2011ra, eta Aimar Olaizolaren aldia iritsi zen gero, 2011tik 2014ra. Nolanahi ere, Jokin Altunak marka guztiak hautsi zituen, zortzi finaletarako jarraian sailkatuta, 2016tik 2023ra bitarte. Izen handi horien pare agertzea «ohorea» dela dio Etxeberriak, eta balioa ematen dio egiten ari denari. Badaki «oso zaila» izango duela Zabalari irabaztea.

Ohiko bihurtzen ari zaizu garaitsu honetan hedabideekin elkartu beharra. Ez da seinale txarra.

Oso seinale ona da, eta gozatzen ari naiz. Lehen, kosta egiten zitzaidan hedabideen aurrean hitz egitea, baina orain erosoago nago. Beti entzun izan dut bideaz gozatu behar dela, eta horixe egiten dut nik ere. Lehen finalean dena handi geratu zitzaidan, eta ez nintzen ni neu izan; ez finalean, ezta finalaren atarikoetan ere. Orain helduagoa naiz, eta finala inguratzen duen guztiaz disfrutatzen ikasi dut.

Laugarrenez jarraian ariko zara lau eta erdiko final batean. Badakizu hori lortu dutenak oso gutxi izan direla, ezta?

Jakinarazi didate, bai, eta oso harro nago. Emaitza politak lortzen ari naiz, eta kirolari batek beti esan ohi du erretiratzean emango diola balioa lortu duenari. Niri ez zait hala gertatzen. Saiatzen naiz egiten ari naizen guztiari balioa ematen egunerokoan, eta asko balioesten dut lortzen ari naizena. Final bakoitzak bere testuingurua du, eta denetan bilatu dut irabazteko motibazioa. Final guztiak dira bereziak, eta garaipen gosez nago oraindik.

Aurten zer motibazio bilatu duzu txapelketarako?

Inguruko jendea oso garrantzitsua da niretzat, nire ondoan baitaude beti, onerako eta txarrerako. Aurten beste ume txiki bat jaio zaigu, eta oso polita izango litzateke txapela berari eskaintzea. Ume zaharrena ere jada jabetzen da aita pilotaria duela eta telebistan agertzen dela, eta txapela etxera eramatea oso berezia izango litzateke.

Lehen finalarekin konparatuta, asko aldatu al duzu finalari aurre egiteko modua?

Lasaiagoa naiz orain. Esan ohi da eskarmentuak asko laguntzen duela, eta egia da. Altunaren aurkako finalerdia jokatu ondoren, horixe esaten nion aldageletan, lehen finala handi samar egin zitzaidala. Uste nuen ongi nengoela, baina ez nuen asmatu egoera bideratzen. Altunak aise irabazi zidan. Bigarren finalean ere antzerako zerbait gertatu zitzaidan, eta ez nion ongi aurre egin Lasori. Iaz, berriz, lasaiago egon nintzen, eta nire onena emanda irabazi Zabalari. Orain, iaz eduki nuen gorputzaldi bera daukat, eta aitzakiarik gabe jokatuko dut finala.

Zu zara txapelketan partidarik galdu ez duen pilotari bakarra.

Horrek segurtasuna ematen dit neure buruarengan. Dena den, Zabalak partida bat du galdua, eta ordurako sailkatua zegoen finalerdietarako. Beraz, hori ere kontuan hartu behar da. Nik nireari begiratzen diot, eta Ezkurdia, Altuna eta halako pilotariak gainditu izanak erakusten dit nik ere asko jokatzen dudala lau eta erdian. Oker ez banago, azken zortzi partidak irabazi egin ditut.

«Buruz buru ez dut inoiz lan biribilik egin. Erosoen lau eta erdian ibiltzen naiz: patxada handiagoz aritzen naiz, eta nire eremu kutuna da»

Altunak esaten zuen zu zeu zarela distantzia honetako izarra.

Hori esatea gehitxo da; niretzat, Altuna bera da onena. Hori bai, erosoen lau eta erdian ibiltzen naiz. Arrazoi bategatik edo besteagatik, buruz buru ez dut inoiz lan biribilik egin, eta arantza hori sartua daukat. Uste dut gai naizela hobeto ibiltzeko, baina antsietate hori bideratzen ikasi behar dut. Lau eta erdian patxada handiagoz aritzen naiz, eta nire eremu kutuna da.

Txapelketa honetan partida gehienak bigarren zatian irabazi dituzu. Zergatik?

Lanketa handia egin dut fisikoki eta buruz. Alde fisikoari dagokionez, prestatzailea aldatu dut aurten, eta mesede egin dit. Sumatzen nuen aldaketa bat behar nuela, eta erabakia fruituak ematen ari zait. Buruz, berriz, gero eta kirolari indartsuagoa naiz. Lau eta erdian pultsazio oso altuetan ibiltzen gara, erritmo itogarrian, eta funtsezkoa da patxadari eta kontzentrazioari eustea.

Altunaren aurkako lehia aipatu duzu, eta polemikaz josia egon zen. Ondo hartuko al zenuke errepikapenak ikusi eta erabakiak aldatzeko bidea izatea, futbolean bezala?

Bai, gure kirola justuagoa egingo badu. Nik pilota justua izatea besterik ez dut nahi, eta merezi duenak irabaztea. Badakit sistema hori jartzea ez litzatekeela erraza, partida denak ez baitira telebistaz ematen, baina ongi irudituko litzaidake probatzea.

«Zabalak ematen dio pilotari abiadurarik handiena, eta aurrea hartu behar diot, airez jokatuta. Funtsezkoa izango da kantxaren erdia hartzea»

Finalari begira, zu izango zara faboritoa. Presiorik izango al duzu?

Batere ez. Azken finean, egun horretan eta ordu horretan jokatu behar da, eta ondoen egiten duenak irabaziko du. Zabalak iaz baino eskarmentu handiagoa dauka orain, eta bere onena emango duela uste dut. Oso partida gogorra izango da, eta ez diot utzi behar botez jokatzen. Pilotari abiadurarik handiena ematen diona da, eta aurrea hartu behar diot, airez jokatuta. Funtsezkoa izango da kantxaren erdia hartzea.

Garai onean zaude, baina uda ez zen hain distiratsua izan, A serieko Mastersean ez baitzinen onenen artean jardun. Txapeldun izatea aldarrikapen bat izan daiteke?

Ez dut inolako aldarrikapenik egin beharrik. Kantxan ongi jokatzen saiatzen naiz, eta beste erabaki batzuk ez daude nire esku. Lehen mailan edo bigarrenean aritu, pilotan jokatzeko motibazioari eusten diot, eta  gogotsu nago aurrerantzean ere hobetzeko. Badakit ez dudala postu finkorik onenen artean, baina ea egunen batean gai naizen hori lortzeko.

Binakako txapelketa ate joka dago. Onenekin jokatuko duzu?

Ez dakit, baina gustatuko litzaidake hala izatea. Ez dut uste igandeko finaleko emaitzaren araberakoa izango denik erabaki hori. Halere, maila batean edo bestean jarri, txapela irabaztea izango dut helburua. Orain, igandeko finala daukat buruan, ez besterik.

ETXEBERRIAK MINA DU EZKER BEGIAN, ETA PILOTA AUKERAKETA ATZERATU DUTE

Peio Etxeberriak eta Javier Zabalak gaur goizean aukeratu behar zituzten A serieko Lau eta Erdiko Txapelketako finaleko pilotak Bilboko Bizkaia frontoian, baina ostegunean hautatuko dituzte azkenean, Peio Etxeberriak mina baitu ezker begian, eta medikuen arabera, bi egunez hartu behar baitu atseden. Etxeberriak narritadura bat du ezker begian, eta horrek ez dio uzten behar bezala ikusten. Ondo bidean, ez du arazorik izango igandean finala jokatzeko.