PSNren Nafarroako zerrendaburu izaki, Elma Saiz (Iruñea, 1976) Sesman egon zen astelehenean; asteartean, berriz, Ministroen Kontseiluan, Madrilen, eta herenegun arratsean, Ciudad Realen (Espainia). «Eta gaur hemen nago, zurekin. Eromena». Nekatuta dagoela nabari bazaio ere, tinko mintzo da, eta argi ditu alderdiaren lelo nagusiak. «Aurrera egitea ala atzera egitea dago jokoan, eskubideak ala eskuina».
Nola ikusten duzu kanpaina?
Ilusio handia ikusten ari naiz. Jendeak ulertu du hauteskundeak oso-oso garrantzitsuak direla. Asko dugu jokoan. PP eta Vox gobernura iritsiko balira, 50 urte egingo genuke atzerantz ziztu bizian.
Ez ote dago PSOE Sanchezen mende neurriz gain?
PSOE eraldaketa garrantzitsuenen atzean dago. Hori da gure indarra, eta sigla horiek pertsonen gainetik daude. Presidentea lider bat da, baita nazioartean ere. Politikari ausarta izan da Gazako genozidioa salatzeko eta palestinar estatua aitortzeko orduan. Ministro moduan izan dudan unerik berezienetako bat New Yorken bizi nuen, Nazio Batuen egoitzan, Pedro Sanchezen hitzaldia bertatik bertara entzun bainuen: munduko ordena eraldatu nahi dutenak ispiluaren aurrean jarri zituen, eraldaketa sozialerako feminismoaren indarra aldarrikatu zuen, legez kanpoko gerrak salatu… Hori da Pedro Sanchez, eta 140 urte luzeko alderdia du atzean.
Gauean izan da Feijooren eta Sanchezen arteko eztabaida. Inkestek diote jendea oso mobilizatuta dagoela.
Aurrez aurre bi eredu egongo dira. Politika onaren, arlo publikoaren, eskubideen eta gizarte politikaren defentsa, alde batetik; eta bestetik, iraina, gorrotoa, atzerapausoa eta oso manera txarrak. Garrantzitsua da herritarrek proposamenak entzutea. Adibidez, Madrilgo PPren buruzagietako batek Voxen proposamena babestu du, etorkinak kanporatzekoa. Ez dute enpatiarik.
Nafarroan bost jarleku daude jokoan. Lehen indarra izan zineten, baina oraingoan PP eta UPN elkarrekin doaz.
Irabazteko asmoz aterako gara, lehen indarra izan nahi dugu. Horregatik, aurrerakoiei dei egiten diet Alderdi Sozialistaren aldeko botoa emateko. Ez dago Sanchezen gobernuaren neurriei esker onurarik jaso ez duen nafarrik.
Orain arte PPk eta Voxek Espainiako erkidego batzuetan agindu izan dute. Orain Espainiako Kongresuan gehiengoa lortuko balute, zer aldatuko litzateke?
Erkidegoetako gobernu horietan lehentasun nazionala aldarrikatzen ari dira, eta guk helegitea jarri dugu konstituzioaren aurkakoa delako. Autogobernua ere mehatxupean dago. Gure Hitzarmen Ekonomikoaren kontra daude.
Baina nola egin dezakete hori? Horretarako konstituzioko lehen xedapen gehigarria kendu behar da.
Zergatik nahi dute Senatuan hiru bosten lortu? [Espainiako] Auzitegi Konstituzionaleko magistratuen osaera berritzean konstituzioa ez betetzeko, edo konstituzioa bera aldatzeko. Konstituzioan aitorturik dago Nafarroaren eta Euskadiren berezitasuna. Abascalek hori jarriko du mahai gainean lehenbizi. Autogobernua arrisku bizian dago.
«Abascalek Nafarroaren eta Euskadiren autogobernua jarriko du mahai gainean lehenbizi. Autogobernua arrisku bizian dago»
Santos Cerdan jada ez dago PSNn, baina pisu handiko politikaria izan da. Zer pentsatu zenuen Guardia Zibilak hari buruz iaz egindako txostena leitzean?
Auzi hori judizializatuta dago, eta errugabetasun printzipioa errespetatzeko eskatzen dut. Ustelkeriarekin erlazioa duen orok min egiten dio gizartearen osotasunari, baina neurriak ezarri dira. Neurri horien kontra bozkatu du eskuinak. Hemerotekara joz gero, UPN-PPko koalizioko kideetako batek sare sozialetan esan zuen PPk Espainia guztian sartu zuela eskua.
Nork?
Sergio Sayasek, X sarean.
Baina hori 2013an esan zuen.
Bai, baina ez dut onartuko hark niri lezioak ematea, ustelkeriarik handiena transfugismoa baita.
Hainbat auzi daude irekita Alderdi Sozialistarekin erlazionatuta. Uste al duzu epaile batzuek eta estatuko aparatuek PSOE honen aurka jo nahi dutela?
Nik konfiantza dut justizian; egiak bidea irekiko du.
PSOEk orain nabarmentzen dituen lorpen gehienak aurreko legealdikoak dira. Eskuak lotuta izan al ditu gobernuak?
Koalizio gobernu bat izan da, gutxiengoan. Legealdiko akordioa egin genuen Sumarrekin, eta konpromiso horiek bete ditugu, hor daude emaitzak. Dena den, asko geratzen da egiteko. Argi dugu zein den bidea. Horretarako, gure xedea da indar gehiago izatea, azkarrago joateko eta gehiengo aurrerakoiagoa izateko.
Mozal legeak hamar urte bete ditu. Zergatik dago oraindik indarrean?
Kongresuan lan egin da akordio batera iristeko. Datorren legealdian etorriko da legearen erreforma hori, guk gobernatzen badugu.
Bai, baina zein da PSOEren ikuspegia?
Legedia garaietara egokitu behar da. Segurtasun publikoei dagokie ordena publikoa zaintzea, baina orekari eutsi behar zaio. Espainiako Gobernuko ordezkari izan naiz Nafarroan, eta polizien jarduera hori proportzionaltasunean oinarritu behar da. Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren jurisprudentzia bete behar du. Erreformarako proposamena egin dugu, baina alderdien artean akordioak erdietsi behar ditugu.
Pedro Sanchezek hauteskundeak aurreratu zituen etxebizitzaren legea ez zelako aurrera atera. Ez al dator hori berandu?
Ez, ez. Aldea dago nor dagoen gobernuan. Nafarroan, alokairuaren tarifa mugatzeko neurriak bete dira, eta prezioak beherantz ari dira.
Bai, eta UPNk argudiatu du alokairuaren eskaintza are gehiago murriztu dela.
Dekretuak ondorioak ditu, eta horri esker alokairu kontratuak luzatzen ari gara. Horrek lasaitasuna ematen dio jende askori, segurtasun juridiko handiagoa duelako. Alokairu hori luzatuta, jada ez dago merkatuan, eta ez du kanporatua izateko arriskurik. Garrantzitsua da Zoruen Legea aldatzea, adibidez. Lege haren kontra bozkatu zuen PPk. Eskuinak fiskalitate arloko neurriez eta etxeak eraikitzeaz ari dira soilik. Auzia da nork eta nola eraikiko dituen.
Pentsioen sistema publikoa arriskuan al dago?
Ez. 2021ean pentsioen erreforma egin genuen. Airef Espainiako Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteak onetsi du, Europarekin hitzartu da, eta elkarrizketa sozial bidez [UGT eta CCOO] sindikatuekin hitzartu da. Sistema jasangarria da, eta 2021eko erreformari esker aurreikusi baino emaitza hobeak lortzen ari gara.
Estatuak sistemari egiten dizkion transferentziak aintzat hartuta ere, sistemak defizita du.
Gurearen pareko sistema guztietan ohikoa da pentsioak kotizazioen eta estatuen ekarpenen bidez finantzatzea. Ez da salbuespena.
Ez diot salbuespena denik.
Ematen du rara avis bat dela estatuen transferentzia, eta ez da hala. Gizarte Segurantzaren defizita oso zifra apaletan utzi dugu. Alde ederra PPren garaiarekin.
«Pentsioen sistema publikoa lortu dugu, eta, 2021eko erreformari esker, aurreikusi baino emaitza hobeak»
Ez al da neurri gehigarririk hartu behar?
Ez. Erreforma eginda dago.
PPk ez du gai horri buruz hitz egin nahi izan. Zergatik?
Pentsioak murrizteko eta pribatizatzeko ezkutuko agenda bat dutelako, pentsioen zenbatekoa KPIaren igoerari lotu ordez bizi itxaropenaren batezbestekoari lotuta.
Espainiako Konstituzioan pentsioak KPIaren arabera igo daitezela bermatzea eta Gizarte Segurantzako erreserba funtsa blindatzea proposatu duzue. Alta, Espainiako Konstituzioa aldatzeak gehiengo berezi bat eskatzen du. Ez al da promes huts bat?
Ereduak kontrajartzen ditugu. Gobernuak bere lana egiten du, eta, mahai gainean erreforma hori jartzen badu, posizio bat hartu behar da. Argitu dezatela haien ikuspegia, zer boto emango luketen. Haiek Senatuan hiru bosten lortu nahi dituzte konstituzioa urratzeko.
Inbestidura akordioaren baitan, EAJk hitzartu zuen Gernikako Estatutua erabat betetzea eta eskumenen transferentzia prozesua burutzea. Nola doa Gizarte Segurantzaren eskumena?
Elkarrizketan ari gara etengabe, eta aurrerapauso garrantzitsuak eman dira. Pentsio ez kontributiboen arloan, adibidez. Arlo hori oso konplexua da.
Elma Saiz, PSNren Iruñeko egoitzan, Pablo Iglesias alderdiko sortzailearen aipua atzean duela. IDOIA ZABALETA / FOKU
Egingarria al da prozesu hori bera Nafarroan?
Autonomia estatua ez da lelo bat, eta gobernu honek eredu hori errespetatzen du. PPk itunak egin ditu eredu horretan sinesten ez duen alderdi batekin, Voxekin. Gobernu honek errespetatu egiten du autogobernua, eskumen esparrua, konstituzioa… Ikusi besterik ez dago Nafarroan aurrera atera ditugun akordioak: trafikoa, espetxetako osasun zerbitzua, ikerketa eta garapena, AP-68 autobidea, bekak… Erkidego honen autogobernuaren aldeko konpromisoa dugu.
Trafikoan, baina, asko kostatzen ari da aurrera egitea. Zergatik?
Konplexua delako.
Guardia Zibilak presio egin al du?
Ez. Arlo konplexua da, baina trafikoaren lekualdatzea errealitate bat da. Galdetu beharko litzateke nor dabilen mamuak astintzen.
Larrialdi zerbitzuen kudeaketa berriari dagokionez, Guardia Zibila bakarrik azaldu da pozik. Hura konpentsatu nahi izan duzue?
Ez. Bide orri bat dago, eta gauza bat dago argi: herritarren arreta zerbitzua hobetu behar da. Horrek gidatzen du gobernuaren ekintza politikoa.
Kongresuan euskara erabiltzea onartu zen, baina non geratu da praktikan? Alderdi Sozialistak gehiago erabili beharko lituzke hizkuntza koofizialak?
Hizkuntzen erabileraren aferari errespetu sakona diogu. Ez soilik Espainiako Kongresuan, baita Europako erakundeetan ere. Hauteskunde hauetan hori ere jokoan dago. PPk aitortu du entzungailuak kendu nahi dituela. Atzerantz egin nahi dute, eta ziztu bizian.