Nafarroako Gobernuak Azkoyen Taldean duen partaidetza handitu du, enpresaren etorkizunean eragiteko eta lurraldean duen industria jarduerari eusteko. Izan ere, Nafarroako Inbertsio Institutuak %5,1eko partaidetza eskuratu du konpainian, CENIT Navarra inbertsio sozietatearen bidez. Gobernuaren arabera, inbertsioak enpresak Nafarroan duen «garrantzi estrategikoari» erantzuten dio.
Azkoyen kafe makinetan, vending sistemetan, ordainketa bideetan eta segurtasun sistemetan espezializatutako Nafarroako enpresa da, eta nazioarteko presentzia handia du. Nafarroako Gobernuak nabarmendu duenez, konpainiak «ekarpen handia» egiten die lurraldeko enpleguari, industria jarduerari, lehiakortasunari eta berrikuntzari.
Taldearen burtsako balioa 256,7 milioi eurotik gorakoa izanda, partaidetzaren 13 milioi eurotik gorakoa litzateke. Eragiketa horren bidez, Nafarroako Inbertsio Institutuak Azkoyenen «erreferentziazko akziodun gisa» finkatzea zuen helburu, eta gainerako akziodunekin batera, enpresaren etorkizuneko erabakietan parte hartzea. Hala azaldu du Nafarroako Gobernuak, eta gaineratu du inbertsioak epe luzerako ikuspegia duela, «hazkundea eta lehiakortasuna sustatzea, Nafarroan dituen industria eta teknologia gaitasunak mantentzearekin eta indartzearekin batera».
Nafarroako Inbertsio Institutua Nafarroako Enpresa Publikoen Korporazioaren barruan dagoen sozietate publikoa da, eta enpresa estrategikoei finantziazioa ematea du xede. Azken hilabeteetan, besteak beste, AR Racking, Industrial Barranquesa eta Eosol enpresetan ere egin ditu inbertsioak.
Jainagaren eskaintza
Azkoyenen Nafarroako partaidetza indartzeko mugimendua urriaren amaieran hasi zen, CENITek enpresaren %1 eskuratu zuenean. Erosketa hori Espainiako Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak Ohmniak Azkoyenen gainean egindako erosketa eskaintza publikoa baimendu ostean egin zuen. Ohmniak 244 milioi euro eskaini zituen enpresaren truke. Operazioa ez da gauzatu oraindik.
Jose Antonio Jainaga enpresaburuak gidatzen duen Ohmnia taldean, besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren Euskal Finantza Institutua dago, baita Vital Kutxaren eta BBKren fundazioak ere. Nafarroako Gobernuaren inbertsioarekin batera, beraz, Azkoyenek lurraldean duen errotzea indartu nahi dute, eta gobernuak konpainiaren etorkizunean parte hartzea indartu.
Garai batean, Nafarroako Kutxa izan zen Azkoyenen akziodunik handiena, baina gaur egun Massaveu, La Prevision Menorquina, Global Portifolio eta Muza Gestion dira. Akzio gehienak, ordea, burtsan daude, eta merkatuetatik ateratzeko asmorik ez dutela zehaztu dute erosteko eskaintza egin dutenek.
