«Herritarrak, familiak, irakasleak eta langileak aritu gara, herriz herri, auzoz auzo, ikastetxez ikastetxe, eskola txikienetik auzo handietako ikastetxeetaraino, Nafarroa Garaiaren luze-zabal osoan, Bortzirietatik Caparrosoraino, Malerrekatik Tuteraraino, Baztandik Tafallaraino, ahoz aho, banan-banan». Nafarroak hezkuntza publikoaren aldeko erantzun kolektiboa eman du: hiru astean 16.000 sinadura baino gehiago bildu dituzte hezkuntza publikoaren etapa guztietan ratioak jaistearen alde; eskaera hori babesten duen herri ekimen legegile baten alde, zehazki. Hezkuntza Publikoaren Alde plataformaren izenean egin dute erregistroa, gaur, Iruñean.
Gaurko eguna, baina, ez dute soilik erregistrorako baliatu, aldarrikapenek ere lekurik izan baitute. «Badakigu babes handiagoa bil genezakeela, baina lehenbailehen abiarazi nahi izan dugu legea tramitatzeko prozesua, 2027ko aurrekontuetan irakaskuntza publikoan ratioak jaisteko behar adina diru bidera dezaten eta, legegintzaldia amaitu baino lehen, gure ekimen legegilea eztabaidatu eta onar dezaten», adierazi dute.
Haien erranetan, herriak «ekintzak eta baliabideak» eskatzen ditu hezkuntza publikorako. Izan ere, sinetsita daude oldarraldi erreakzionarioaren gorakadari aurre egiteko tresnarik eraginkorrenetako bat kalitatezko hezkuntza publikoa dela: «Horrek lagunduko baitu etorkizuneko herritarrak askeak, kritikoak eta denon eskubideak defendatzeko gai izatea».
«Iruzur demokratikorik» ez
Urriaren 30ean Maria Txibite buru duen koalizio gobernuak —PSN, Geroa Bai eta Zurekin alderdiek osatua— eta EH Bilduk akordio bat hitzartu dute 2027ko aurrekontuei begira. Bada, Hezkuntza Publikoaren Alde plataformaren irudiko, «tamalgarria» da akordio horretan ratioak apaltzeko inolako diru sail espezifikorik ez agertzea. «Oraindik garaiz dabiltza hori aldatzeko eta ratioak jaistea posible egiteko», gehitu dute.
Alderdiei bertze eskaera bat ere egin diete: ez dezatela «iruzur demokratikorik» egin. Gogoratu dute jasotako sinadura guztiak hezkuntza publikoaren aldekoak direla, eta alderdiei eskatu diete hori kontuan izan dezatela legeari ekarpenak eta zuzenketak egiteko aukera dutenean: «Ez dezatela hezkuntza publikorako proposatzen dugun ratioen jaitsiera hau itunpeko eskoletara ere zabaltzeko aldaketarik erantsi, maiatzean egin zuten bezala. Diru publikoa behar handiagoak dituztenentzat bidera dezatela, egoera sozioekonomikoa edo linguistikoa edozein delarik ere».
