Lan bera, baina urtean 8.000 euro gutxiago kobratuta. Nafarroako esku hartze sozialeko langileek administrazio publikoetako langileek egiten duten lan bera egiten dute, baina, zerbitzua azpikontratatua dagoenez, haiek baino lan baldintza kaskarragoak dituzte. Egoera ikusita, mobilizazioa egin dute gaur Iruñean, bi aldarrikapenen bueltan: hitzarmen kolektiboaren negoziazioan «aurrerapausoak» galdegitea eta beren lan baldintzak langile publikoenekin parekatu ditzatela exijitzea. LAB sindikatuak deituta egin dute mobilizazioa.
Sindikatuaren ustez, hitzarmenaren negoziazioa zabaldu izanak aukera ematen du lan baldintzen parekatzean aitzinerat egiteko. «Iaz, sektoreko bigarren hitzarmena sinatu zen, eta, horri esker, bide horretan aurrera egin ahal izan zen, eta LABek proposatutako hobekuntzak txertatu ziren, hala nola lanaldia pixkanaka murriztea, 2028an urteko 1.592 ordura iritsi arte», adierazi du LABek, ohar bidez. Negoziazioari begira, sindikatuaren helburu nagusia soldata arrakala murriztea dela erran dute, eta, horretarako, soldata igoerak planteatu dituztela.
Ez hori bakarrik: lan osasunean ere arreta jarriko du LABek, sektoreko langileek erasoak jasaten baitituzte. Horren aitzinean, zera proposatu dute: «Erakunde bakoitzaren errealitatea zein den jakiteko aukera emango duten tresnak ezartzea eta jarduera protokoloak diseinatzea eta abian jartzea, langileei hainbat egoerari aurre egiteko jarraibide argiak emateko». Prebentzioari erreparatzea ere ezinbertzekoa zaie, laneko segurtasun eta osasun baldintzak hobetzeko.
