Ez ahaztuak, ez ikusezinak. Lelo hori hautatu dute Nafarroako Udalen eta Kontzejuen Federazioko 130 toki entitatek indarkeria matxistaren kontrako beren mezua zabaltzeko. Azaroaren 25a da Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna, eta egun horren bueltan, toki entitateek bat egitea erabaki dute: adierazpen instituzional bat egin dute, emakumeen aurkako indarkeria salatzeko; bereziki, adineko andreek sufritzen dutena: 65 urte baino gehiagoko emakumeen %23k sufritu dute indarkeria matxista noizbait. Gainera, toki entitateek prebentzioa lantzeko konpromisoa hartu dute, eta beren arteko sareak sendotzekoa ere bai.
Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko ordezkari eta Berako Udaleko zinegotzi Ines Matxiarena Aldalurrek irakurri du, euskaraz, toki entitateek adostutako adierazpena. Erakundeon izenean, nabarmendu du inportantea dela 65 urte baino gehiagoko emakumeen kontrako indarkeriaz hitz egitea, neurri handi batean «ikusezina» baita. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari Patricia Abadek ere toki entitateen agerraldian parte hartu du, eta erantsi «ezinbertzekoa» dela adineko andreen kontrako indarkeria matxistaren auzia lantzea: «Emakume anitzek uste dute beren adinagatik berandu dela laguntza eskatzeko edo salatzeko; datuek erakusten dute andreon artean isiltasuna dela nagusi». Izan ere, iaz Nafarroan indarkeria matxista salatu zuten emakumeen %3k baino ez zituzten 65 urte baino gehiago.
Espainiako Gobernuko Indarkeria Matxistaren Aurkako Ordezkaritzak egindako ikerketa baten arabera, baina, adin horretako andreen %23k sufritu dute indarkeria matxista noizbait, eta haietatik %40k, gainera, berrogei urtez baino gehiagoz pairatu dute indarkeria hori.
Gizarte eragileekin batera
«Herritarrengandik hurbilen dagoen administrazioa gara». Horixe azpimarratu du Nafarroako Udalen eta Kontzejuen Federazioko lehendakari Xabier Alkuazek, eta, horregatik, hain zuzen, erantsi du toki entitateak direla herritarron errealitatea eta beharrak hobekien ezagutzen dituztenak. Ondorioz, erakundeok berretsi dute indarkeria matxistaren aurka lan egiteko konpromisoa dutela. Toki entitateen arteko sareak sendotu nahi dituzte, eta prebentzioa landu ere bai. «Adineko emakumeek errateko dutena entzun nahi dugu, ahotsa eman», jaso dute adostutako adierazpenean.
Hori egiteko, hau da, emakumeak erdigunean jartzeko eta indarkeria matxistaren aurkako pausoak emateko, «politika publiko feministak, integralak eta koordinatuak sustatzea eta horiei jarraitzea» ezinbertzekoa dela azaldu dute adierazpena sinatu duten toki entitateek. Erakundeok herrietako eta eskualdeetako gizarte eragileak inplikatu nahi dituzte indarkeria matxistaren kontrako bidean. «Inportantea da laguntza sareak indartzea, indarkeriari aurre egiteko, eta ez normalizatzeko». Toki entitateek herritar guztiak deitu dituzte azaroaren 25ean indarkeria matxista karrikan salatzera.
Gobernua ere, matxismoaren aurka
Nafarroako ehundik gora toki entitatek indarkeria matxistaren aurka prestatu duten kanpaina ez da bakarra: Nafarroako Gobernuak ere emakumeen kontrako indarkeriari aurre egin nahi izan dio, eta kanpaina bat abiatu du Ez gaude bakarrik lelopean, ezagutarazteko asmoz herrialdean zer baliabide dauden indarkeria sufritu duten emakumeentzat. Andreak baliabideok erabiltzera deitu ditu.
