«Gure buruak uste du heriotza kontrolpean izan dezakeela»

«Gure buruak uste du heriotza kontrolpean izan dezakeela»

Etxeko atea ireki, eta han dago. Haren beharrei egokitutako errutinak egiten dira, eta supermerkatuko zerrendan beti dago harentzako zerbait. Ez da bikotekidea, ez dira seme-alabak, etxeko animalia baizik, askorentzat ia pisukide baten gisakoa. Hori horrela, hura hiltzen denean igaro behar den dolua ez da samurra izaten, eta askotan ingurukoen laguntza falta sumatzen da. Raquel Amigo Sola (Donostia, 1975) psikologoak badaki egoera horien berri. Dolua igarotzeko laguntza emate aldera, akonpainamendu psikologikoa eskaintzen du.

Nolakoa da etxeko animalia baten heriotzaren dolua?

Gizarteak izugarrizko tabua du heriotzarekin. Ez dugu heriotzaz aske hitz egiten, eta, mintzatzen garenean, deseroso sentiarazten dugu entzuten ari zaiguna. Sentimendu desatseginak izan ohi dira, entzuten ari denak ere ez dielako jaramonik egin nahi sentimendu horiei. Animalia bat hiltzen denean, hori areagotu egiten da.

Etxeko animalia baten dolua igarotzeko akonpainamendu psikologikoa egiten duzu.

Nire kontsultara etortzen diren pertsonek ingurukoen babes falta sumatzen dute, eta horregatik behar izaten dute laguntza mota hori. Ez da terapia psikologikoaren berdina; akonpainamendua oso zehatza da, eta saio kopurua lehenagotik zehazten da.

«Nire kontsultara etortzen diren pertsonek ingurukoen babes falta bat sumatzen dute»

 RAQUEL AMIGOPsikologoa 

Ingurukoen babes falta horrek dolua okertzen du?

Bai. Dolua igarotzeko prozesua gogorragoa egiten du. Gauza bera gertatzen da jazoera traumatiko guztiekin. 

Animalia hil eta gero, hari lotutako oroitzapen politak ahaztu egiten dira?

Maite duzun pertsona edo animalia baten heriotza oso gogorra da. Animalia bat azkenetan dagoenean, errua, ziurgabetasuna eta babes falta nagusitzen dira, eta harekin ditugun sentimendu polit eta lasaiak alde batera uzten ditu burmuinak. Animaliari ohore egiteko, ordea, min eta erru hori guztia gainditu behar dira. Harremanak lasaitasuna eta bakea eman behar du, eta ez mina.

Errua aipatu duzu lehen.

Oso ohikoa da errudun sentitzea, gizakiaren berezko portaera bati lotuta baitago: kontrolari. Gure buruak uste du dena kontrolpean izan dezakeela, baita heriotza ere. Demagun auto batek harrapatu duela nire txakurra; baliteke honelako burutazioak izatea: «Txakurra lotuta eduki izan banu, ez zuketen harrapatuko», edo «beste ordu batean atera izan banu txakurra, bizirik egongo litzateke». Hor agertzen da errua. Ulertu behar da ezin dugula dena kontrolpean eduki; bizitzak bere erritmoa du, eta errespetatu egin behar da. Beharrezkoa da errua esaten ari zaigun horretaz hausnartzea, kontrola izateko behar horrek askotan atzean dauden beste gauza batzuk ezkutatzen baititu.

Zer teknika erabiltzen dituzu dena kontrolpean izan nahi duten pertsona horiei laguntzeko?

Nik bereziki metaforak erabiltzen ditut. Adibidez, demagun surf egiten ari garela, eta olatu bat hartzen dugula. Momentu horretan, bi aukera ditugu. Batetik, gure esperientziak eta tresnak erabiliz olatuarekin batera joan gaitezke. Bestetik, olatuaren aurka borrokatu dezakegu, baina uretara eroriko gara. Metafora errealitatera eramanez, nahiko erraz ulertzen da ezin dugula bizitzaren erritmoaren aurka borrokatu. 

«Ulertu behar da ezin dugula dena kontrolpean eduki; bizitzak bere erritmoa du, eta errespetatu egin behar da» 

RAQUEL AMIGOPsikologoa 

Ezagutu duzu animalia hil ondoren pozik egoteagatik errudun sentitu den norbait? 

Bai, nahiz eta ez den ohikoena. Horrelakoetan, dolua igarotzen ari direnek erruduntzat hartzen dute bere burua, esaterako, festa egiteagatik. Kalean daudela, pentsatuko dute ez dutela eskubiderik ongi pasatzeko eta etxean negarrez egon beharko luketela. Beste animalia bat adoptatzeagatik ere errudun sentitzen da jendea, uste baitute zendu den animaliaren ohorea mespretxatzen ari direla. Bi kasu horietan traizio sentimendu bat agertzen da, eta lotura zuzena du ustezko betebeharrekin. 

Nola geldiarazi daitezke ustezko betebehar horiek? 

Bakoitzak bere buruarekin hitz egiteko modua aldatu behar du, hor sortzen baita traizio sentimendua. Hitz egiteko modua aldatzeko teknika ugari erabiltzen dira, esaterako, rol jokoa. Dolua igarotzen ari den pertsonak beste baten lekua hartzen du, eta bere ohiko rola aldatzen. Helburua da beste ondorio bat atera ahal izatea da. 

Animalien eutanasiaren inguruko erabakiak hartzen ere laguntzen duzu.

Bai. Kontsultara etortzen direnek hamaika pentsamendu izaten dituzte, eta pentsamendu horiei forma ematen saiatzen naiz. Horretarako animaliaren adina, gaixotasuna, bizi kalitatea eta abar aztertzen dira, eta erabakia hartu beharra duenari saiatzen naiz erakusten agian animalia bizirik mantentzeak ez diola onik egiten. Askotan erabakia atzeratzen da, heriotzak eragingo liokeen mina geldiarazten saiatzeko. 

Heriotzak sortzen duen hutsunea gainditzen al da?

Galerarekin bizitzen ikasten da. Ez da jakiten non ipini animaliarengan ezartzen zen maitasun hori. Errutinak aldatzen dira, eta animaliari lotutako identitatea desagertzen da. Sortzen den isiltasuna agerian utzi eta harekin bizitzen ikasi behar da. Pixkanaka errutina berriak sortu eta beste identitate bat agerian geratuko da.