Guardia Zibilak Belateko lanen gaineko susmoak hauspotu ditu

Guardia Zibilak Belateko lanen gaineko susmoak hauspotu ditu

Guardia Zibila hauteskunde kanpainan sartu da, eta munizio politikoa eman dio UPN-PPri azken egunerako. Idatzi bat kaleratu du eta bertan iritzi diote «balizko irregulartasunak» egon daitezkeela Belateko tunelak zabaltzeko lanetan. Alta, deigarria ez da zer ondorio atera duten, baizik eta noiz argitaratu duten. 

Nafarroako Parlamentuko ikerketa batzordeak sakon aztertu zituen Belateko tunelak zabaltzeko lanak eta ez zuen irregulartasunik atzeman. Alta, azken ondorioetan ez zuten erabat baztertu irregulartasunaren aukera. Legebiltzarra heltzen ez den ikerketa eremuetatik etor zitezkeen zantzu horiek. Hain zuzen ere, Polizia Judizialaren egitekoa da hori, eta hor dago beste berritasuna: Guardia Zibilaren idatzian ez dago ikerketaren datu edo ekarpen apartekorik. 

Unitate Zentral Operatiboaren idatzia kanpaina betean ezagutarazi da, noiz eta Belateko lanak eta Cerdan auzia orohar arreta gune mediatikotik erabat kanpo direnean. UCOk orain arte ezagutarazitako informazioaren gainean «hainbat ohar» egin nahi izan ditu.

Kontu Ganberako polemika

Ohar horietako bat Miguel Angel Aurrekoetxea ikuskatzailearen gainekoa da. Kontu Ganberako zerbitzu juridikoen eta gainerako ikuskatzaileen irizpidearen kontra, Aurrekoetxeak ondorioztatu zuen Belaten izandako gainkostuak legez kanpokoak direla. Bere esku egon zen 2024ko kontu orokorren eta Belateko obraren azterketa eta aipu horrek liskarra piztu zuen ganberan, barne prozedurak urratu zituelako. Alta, UCOrentzat «interesgarria» da Aurrekoetxeak esandakoa.

Era berean, parlamentuko ikerketa batzordeak maiz aipatutako adjudikazio prozesuaz ere egin dute oharra. UCOren arabera, mahaiko teknikariek balorazio teknikoaren gainean egindako azalpenak «deskriptiboak» dira eta ez dira argi adierazten eskaintza baten eta bestearen arteko aldeak argi, legeak eskatzen duen moduan. 

Batzordean argi geratu zen hori izan zela mahaiko kideen arteko desadostasunetako bat. Aditu juridikoek azalpen argiagoa eskatzen zutenez, ingeniariek lau aldiz erredaktatu zuten txostena eta euren irizpide teknikoen arabera, ongi azaldua zegoen. Aditu legelariak, aldiz, ez zeuden ados eta horregatik bozkatu zuten adjudikazioaren kontra.

Batzordean, Nafarroako Parlamentuak UCOko bi kide deitu zituen euren argibideak eman zitzaten. Auzia ikertzen ari zirela eta, konfidentzialtasuna gorde behar zutela argudiatuta, deitutako bi guardia zibilek ez zuten ezer aipagarririk esan orduko hartan.