Botopaper gehienak zenbatuta (%88,50), argazkia ez da aldatu, eta duela hiru urtekoaren antzekoa da: PSN izanen da lehen indarra Nafarroan, botoen %31,76rekin, eta bi ordezkari lortuko ditu. UPN-PP koalizioak orain arte zenbatutako botoen %29,66 eskuratu ditu, eta beste bi diputatu izanen ditu. Atzerago dago EH Bildu, botopaperen %21,84 erdietsi baititu. Diputatuari eutsiko dio, beraz.
Hala ere, aipatzekoa da EH Bilduk botopaperetan izan duen goranzkoa, duela hiru urte lortutako marka gainditu baitu, hala boto kopuruan nola ehunekoetan: 76.427 boto —2023an 58.954 lortu zituen, botoen %17,24—.
Vox da laugarren indarra, eta indar erakustaldia egin du. Hego Euskal Herriko emaitzak aintzat hartuta, Nafarroan igo da gehien alderdi ultraeskuindarra: 2,32 puntuko igoera, 2023tik. Gainerako lurraldeetan, igoera askoz apalagoa izan da: %0,5ekoa Gipuzkoan, %0,85ekoa Bizkaian eta %1,3koa Araban. Eskuin muturreko alderdiak emaitza bikainak lortu ditu, Erriberan batez ere. Hor izan du hauspoa. Hegoaldeko zenbait udalerritan, hirugarren indarra da Vox, EH Bilduren aurretik. Tuteran, esate baterako, UPN-PP koalizioak irabazi ditu bozak, botopaperen %39,15 lortuta; PSN izan da bigarren indarra, botoen %32,96rekin; eta Vox izan da hirugarrena, %14,03rekin.
Iruñean ere UPN-PPk lortu ditu boto gehien (%30,88), baina oso-oso gertu du PSN (%30,58). Berdinketa teknikoa da bi indarren artekoa. Hiriburuan, PSNren ezkerrera dagoen espazio ia osoa EH Bilduk hartu du beretzat, botoen %23,07 erdietsita.
Ordezkaritzarik ez dute lortu ez Fronte Zabalak ez Geroa Bai-k. Ada Colauren zerrendak botoen %3,5 lortu ditu Nafarroan; eta Uxue Barkosenak, berriz, %1,54.
Parte hartze historikoa
Bost ordezkari ditu Nafarroak Kongresuan: PSNk bi ditu, eta EH Bilduk, PPk eta UPNk, bana. Azaroaren 29an ezusteko handirik gertatzen ez bada, horietatik lau nola banatuko diren seguru samarra da, 2023ko emaitzak iraultzen ez badira behintzat: PP-UPN koalizioak bi, PSNk bat eta EH Bilduk bat. Eta Sigma Dos etxeak eginiko inkestak, hain zuzen, emaitza horixe aurreikusi du Nafarroan: PSNk bi eserleku izanen lituzke berriz ere, eta UPN-PP koalizioak, beste horrenbeste. EH Bilduk bakarra izanen luke, 2023ko bozetan bezala.
Parte hartzean izan da berritasuna. Hego Euskal Herriko beste herrialdeetan bezala, dezente gehiago izan dira gaur botoa ematera joan direnak. 14:00etan, parte hartzea %49,05ekoa zen, duela hiru urte baino 7,78 puntu handiagoa; eta 18:00etan, berriz, aldea are gehiago handitu da: %68,06 joan dira botoa ematera, 2023an baino hamasei puntu gorago. Guztira, parte hartzea %78,38koa izan da herrialdean, inoizko hirugarren marka handiena: 1977 eta 1982. urteetan soilik joan zen jende gehiago botoa ematera. 1977an, parte hartzea %82,24koa izan zen; 1982an, berriz, %81,33koa.
PSNk eskuratu zuen azken aulkia 2023an, eta aurten ere bi diputatu lortzeko modua izan dezake, baina sozialistek botoetan behera egingo balute ―esate baterako, 10.000 boto inguru galduko balituzte― eta PP-UPN koalizioak duela hiru urte baino 20.000 boto gehiago aterako balitu elkartuta, PSNkoek hortxe-hortxe izango lukete bigarren ordezkaria galtzeko arriskua; eta eskuindarrek, berriz, hirugarrena irabazteko aukera.
PP eta UPN bereizita aurkeztu ziren 2023an, eta koalizioan joango dira aurten. Ordezkari bana lortu zuten orduan, eta aurten bi lortzeko baldintza egokiak dituzte: 2023an, bi alderdien emaitzak bilduta, 109.000 boto lortu zituzten guztira. Eskuineko koalizioak diputatu bat gutxiago izatea gertagaitza da, baina ez ezinezkoa: simulazio bat eginez, herrialdeko bigarren indarra 90.000 boto ingurura iritsiko balitz, eta PP-UPN koalizioak 20.000 edo 25.000 boto inguru galduko balitu, eskuineko koalizioak hortxe izango luke arriskuan bigarren ordezkaria.
EH Bilduk ia 60.000 boto lortu zituen 2023an, eta ordezkari bat behintzat ziurtatuko lioke kopuru horrek aurten ere. Bigarren ordezkaria lortzeko aukera urrun samar du: 35.000 boto gehiago beharko lituzke (+%59), 2023ko emaitzak aintzat hartuta. Baina PSNk 15.000 boto inguru galduko balitu eta EH Bilduk 20.000 inguru irabaziko balitu, posible litzateke aldaketa: PSNk ordezkari bat galdu, eta hori EH Bilduk irabaziko luke, kasu horretan.
Beste ezkerrekin zer gertatuko den ere ikusgai dago. 2019ko deialdietan lortu zuen ordezkaritza Elkarrekin Ahal Dugu-k, baina Sumarrek 24.000 boto gutxiago jaso zituen 2023an, eta ordezkaritzarik gabe gelditu zen, oso gertu eduki zuen arren: 2.900 boto besterik ez zuten falta izan diputatu bat lortzeko ―PSNri kenduko zioketen―. Aurten, hautagaitzak bitan zatituta, ez dute errazago izango.
Urrunago gelditu zen Geroa Bai 2023an, 9.900 botorekin: 37.000 gehiago beharko zituzkeen, gutxienez, ordezkaritza lortzeko (+%370). Voxek ere ez du erraza ordezkari bat lortzea: 2023an baino 27.000 boto gehiago (+%140) lortu beharko lituzke, gutxienez.