Idoia Sobrino
Euskararen egoera nire lanpostuan, hori da azkenaldian gehien kezkatzen nauen gaia. Ez dut ulertzen hainbertze euskaldun egonik nola duen euskarak hain leku txiki eta baztertua. Nekatzen nau, nonbaitetik hastearren, Hizkuntza Zerbitzuaren konfiantza faltak, eta azalduko dut: testu bat gaztelaniaz idazten badut, idatzi, nagusiari pasatu, eta nahikoa izaten da. Euskaraz idazten badut, idatzi, Hizkuntza Zerbitzura “zuzentzera” bidali, haiek niri bueltatu, eta nik nagusiari bidali beharra diot —baita nagusia elebiduna bada ere—. Beraz, nire lana gaztelaniaz ongi eta euskaraz gaizki eginen dudala uste dute. Euskarazkoak, badaezpada, “zuzenketa” behar izaten duenez. Nekatzen nau.
Bidenabar, zer argitaratzen da lehenago? Gaztelaniazko testua, noski. Euskarazkoa “iritsiko da”… Nekatzen nau bi hizkuntza izanik bakarra bageneuka bezala funtzionatzeak. Denok dakigu goizean bi haur jantzi eta eskolara eramateak bat bakarra jantzi eta eramateak baino denbora gehiago hartuko duela; hortaz, bi izanik, ez dugu egunero bat puntual eta bertzea berandu eramaten. Biendako denbora izateko neurriak hartzen ditugu, berdintasunean. Bi hizkuntzengatik ez, ordea. Eta horrek nekatzen nau.
Nekatzen nau, era berean, egunero lantokiarekin erlazionatutako prentsa laburpen bat jasotzen dugunean, berrien lerroburuetako zerrendan, baten bat euskaraz badago gaztelaniazko itzulpena gehitzen diotela ikusteak, euskaraz ulertuko ez delakoan edo… Gaztelaniazkoari ez zaio euskarazko itzulpena gehitzen, eta horrek nekatzen nau.
Baina konturatu naiz nekatzen nautenak ez direla erdaldunak, euskaldunak baizik. Ni bezalako euskaldunak direlako nigan konfiantzarik jartzen ez dutenak nire testuak zuzentzeko eskatuz. Ni bezalako euskaldunak direlako lerroburuak gaztelaniara itzultzen dituztenak “denek uler ditzaten” aitzakiaren pean.
Bi hizkuntza dauden herrialde batean bizi gara; gaurgero elebakarrek onartua beharko lukete ez daukatela beraien inguruan pasatzen denaren %100a ulertzeko gaitasunik, bi hizkuntzetako bat falta zaielako; zenbait gauza galtzera ohituta egon beharko lukete eta bakoitzaren aukera librea behar luke hori guztia galtzen segitu edo konponbidea jartzeko ardura hartzeak. %100a ulertu nahi duzula? Euskara ikasi. Ez duzula nahi? Ados, baina onartu orduan —eta onar dezagun euskaldunek— zenbait gauza galduko dituzula. Beraien aukera dela.
Lasai daude, ordea, konponbidea elebidunek jartzen diegulako: guk itzultzen dizkiegu gaztelaniara euskarazko testu guztiak, elkarrizketa guztiak, lerroburu guztiak, “egun on” guztiak! Ia-ia barkamena eskatuz euskaraz aritzen garenean, gainera… Beraiek bakarrik ezingo lukete itzulpen lan hori egin, baina badakite horretarako gu gaudela, elebidunak, euskara aldamenetara botata beraiei bidea errazten diegunak. “Ez duzu ulertzen? Lasai, —ez ikasi euskaraz, arras zaila da eta— nik itzuliko dizut”. Ustezko berdintasunaren eta “laguntzaren” aitzakian, euskaldunak zertan ari garen pentsatu beharko genuke, neke hau behingoan gainetik kendu nahi dut eta.