Edurne Elizondo
Eneko Espartza Igantzikoa da. Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) aritu da oraingo ikasturtean. Soziologiako ikasketak ari da egiten. Lehendabiziko lauhilekoan zazpi ikasgaietatik bost egin ditu euskaraz. Bost horiek, hala ere, Soziologiak Irakasletzarekin elkartuta dauzkan ikasgaiak dira. Bigarren lauhilekoan bi bertzerik ez dira izan euskarazko ikasgaiak Espartzarentzat. “Eta hortik aurrera, dena gaztelaniaz”.
Espartzak onartu du hizkuntza “sakrifikatu” egin duela Iruñean ikasteko. “Hurbiltasunagatik” erabaki du Nafarroako hiriburuan gelditzea, euskaraz ikastera Bilbora joan beharrean. D ereduan aritu da beti. “Ez hori bakarrik; euskaraz bizi naiz, eta euskaraz garatzen ditut nire harreman gehienak”. Ondorioz, unibertsitatean euskaratik gaztelaniara jauzi egin behar izatea “gogorra” egin zaio, zenbaitetan.
NUPen, Irakasletza da euskaraz egin daitekeen gradu bakarra. Bertze hainbat ikasketatan badira euskarazko ikasgaiak, batez ere lehen mailan, baina ez, ordea, gradua osorik euskaraz ikasteko aukera. “Eskaintza urria da goi mailako ikasketetan”, salatu du Espartzak.
Ikasle Abertzaleak taldeko kide da Igantzikoa. Erakunde horretako arduradunekin egon dira Espartzaren kezka bera agertu duten D ereduko hainbat guraso. Taldea osatu dute, hain zuzen ere, kezka horri bidea emateko. Ikasmahai bat eskatzeko euskararentzat, NUPen. Taldeko kideetako bat da Josune Bizkai. Batxilergoko bigarren maila bukatu berri du haren alabak. Asteazkenetik NUPen selektibitatea egiten ari diren ia 3.000 ikasleetako bat da. Asteazkenean hasi zituzten azterketak, eta gaur amaituko dituzte. “Alabak zuzenbidea ikasi nahi du. Euskaraz aritu da orain arte, baina Iruñean ez du Zuzenbidea euskaraz ikasteko aukera. Donostiara joan beharko luke. Oraindik ez du erabakia hartu; horretan ari gara, zer egin pentsatzen. Ekonomiaren ikuspuntutik erabaki horrek ekartzen duena ere hartu beharko dugu kontuan”, azaldu du Bizkaik.
Egoera berean dira bertze hainbat guraso Iruñean. Horregatik egin dute bat. Eta lanean hasi dira, institututik unibertsitaterako bide horretan euskara bazter gera ez dadin. Hasteko, datuak jaso eta mahai gainean jarri nahi izan dituzte. Datu horiek aurretik uste zutena berretsi egin dutela nabarmendu du Bizkaik. Zehazki, inkesta bat egin dute Iruñeko D ereduko zazpi ikastetxetan. Sare publikokoak eta pribatukoak aukeratu dituzte. Zentro horietako gurasoei lau galdera egin dizkiete. Denera, 408 erantzun jaso dituzte. Lehen galderaren harira, 408 horietatik 397k argi utzi dute seme-alabek euskaraz ikasten jarraitzea nahiko luketela. Batek bakarrik erran du ez lukeela hori nahi, eta bertze hamarrek, berriz, ez dakitela erantzun dute.
Inkesta erantzun duten gurasoen ia %58k erran dute nahiago luketela seme-alabak kanpora bidali, euskaraz ikasteko aukera izan dezaten. Ia %39k, berriz, Iruñean gelditzeko aukera lehenetsiko lukete, hizkuntza sakrifikatuta.
Iruñean gelditu edo kanpora joan aukerari buruzko arrazoiak galdetu dizkiete gurasoei. Iruñean gelditzea lehenetsi dutenen artean, gehienek arrazoi ekonomikoak jarri dituzte mahai gainean (%75,3). Iruñetik kanpora joateko aukera babestu duten guztiek, berriz, “hezkuntzari lotutako arrazoiak” aipatu dituzte.
“Hezkuntzarekin lotutako arrazoien artean dago hizkuntzarena, noski”, azaldu du David Dominguezek. Inkesta martxan jarri duen guraso taldeko kide bada Dominguez ere, eta Iturrama institutuko irakaslea, gainera. “Ziklo guztietan euskaraz ikasteko eskubidea izan beharko genuke”.
“Eskaintza urria”
Lehen Hezkuntzan bi alaba ditu Dominguezek. Unibertsitatera joateko aukera urrun du, oraindik, baina argi utzi du kezkatzen dutela goi mailako ikasketetan alabek euskaraz ikasten segitzeko izan ditzaketen zailtasunek. Oraina ez du ongi ikusten. NUPen eskaintza urria dela uste du. Inkesta erantzun duten gurasoek ere uste dute eskaintza hori ez dela nahikoa. Horixe azaldu dute parte hartu duten gurasoen %84,55ek, hain zuzen ere.
Egia da euskarazko ikasgaien kopuruak gora egin duela NUP sortu zenetik. Iazko datuen arabera, 216 ziren, denera. Gauza bat da ikasgai bat euskaraz egiteko aukera paperean jasota egotea, eta bertze bat aukera hori errealitatean gauzatzeko modua, hala ere. Horixe nabarmendu du IAko Eneko Espartzak. “Nire kasuan, adibidez, gertatu zait eskolak euskaraz jasotzea, baina ikasgai horretako material guztiak, berriz, gaztelaniaz izatea”.
Euskaraz irakasten duten hainbat irakasle DBHn ere aritzen direla erantsi du Espartzak, eta horrek eragina duela euskaraz ikasi nahi dutenen ordutegietan. “DBHn ari direnak arratsaldez etortzen dira unibertsitatera; lehen lauhilekoan eskola guztiak nituen arratsaldez; bigarrenean, berriz, goiz eta arratsaldez; hagitz ordutegi txarra zen”.
Geletatik kanpo ere euskarak toki gehiago izan beharko lukeela uste du IAko kideak. “Kafetegian inork ez daki; liburutegian zenbaitek egiten dute euskaraz, baina joaten zarenean langile horiek ez badaude, zerbitzua euskaraz jasotzeko aukera galtzen duzu”.
NUPek eskaintzen dituen graduondokoei buruz ere hainbat kontu mahai gainean jarri nahi izan dituzte hainbat ikaslek. DBHko irakasletzarako graduondokoan, adibidez, hamabi kide ari dira aurten; sei dira gaztelaniazkoak, eta bertze sei euskarazkoak. Azken horiek ez dute aukera izanen ikasketen amaierako proiektua euskaraz aurkezteko, “epaimahaia ez delako euskalduna”. Bertze hainbat urtetan aukera hori izan dute parte hartzaileek. “Tutoreen borondatearen araberakoa izaten ohi da aukera hori”.
Euskara, anitzetan, borondate kontua dela nabarmendu du David Dominguezek. “Gertatu da euskarazko irakasle batek gaixo-agiria hartu behar izatea NUPen, eta ordezkoak euskaraz ez jakitea; ez dago jarrera serio bat hizkuntzarekiko unibertsitatean”, salatu du guraso taldeko kideak. “Ia 30 urte joan dira NUP martxan jarri zenetik; bada garaia gauzak beste modu batera egiteko”.
Administrazioak ere zer egin baduela uste dute inkesta bultzatu duten gurasoek. Iritzi horrekin bat egin du Espartzak ere. “Unibertsitatean ez dut egungo errealitatea aldatzeko borondaterik ikusten; ea aldaketa famatuaren gobernuak presioa egiten duen”, erran du.
IAko kideak argi du gizarte osoak egin behar duela presioa, NUPen euskarak toki gehiago izan dezan. Ontzat jo du D ereduko gurasoek egin duten lana, eta elkarlanaren aldeko apustua egin du, hain zuzen ere, urratsak egiten jarraitzeko.
Gurasoek, orain, unibertsitateko arduradunekin bilera egiteko asmoa azaldu dute, inkestaren bidez lortutako datuak haiekin lantzeko, eta beren aldarrikapenen berri emateko. NUPek onartu berri duen Plan Estrategikoan ere parte hartu dute. Aurten, lehen aldiz, herritarrek ekarpenak egin ahal izan dizkiote unibertsitateak aurkeztutako zirriborroari, eta D ereduko guraso taldeko kideek aurkeztu dituzte NUPek kontuan hartu dituen hainbat auzi. Ekarpen horien harira, euskal kulturari buruzko erreferentzia orokor bat jaso du testuak, bai eta euskararen plan gidaria egiteko asmoa ere, bertzeak bertze.
Euskaraz bizi
Unibertsitateari egin diote so D ereduko guraso horiek, baina NUPen euskaraz ikasi ahal izateko aldarrikapena bertze eskaera orokorrago batekin lotu dute. “Euskaraz bizitzeko dugun eskubideaz ari gara, finean”, azaldu du Dominguezek.
Horri lotuta, Iruñean haur eskolak euskaraz izateko eskubidea defendatzen ari diren gurasoen egoera ekarri du gogora Dominguezek. “Haur eskoletan eta goi mailako ikasketetan dagoen hutsunea nabarmena da”, azaldu du, eta horrek euskaraz bizitzeko apustua zaildu egiten duela erantsi du. “Nik argi dut nahiko nukeela nire alabek euskaraz ikastea, baita unibertsitatean ere; haien esku ere badago erabakia, baina, behintzat, egon daitezela aukera guztiak mahai gainean”.
Oraingoz, ez daude. Edozein gradu euskaraz ikasteko aukera nahi du Espartzak. Urrun ikusten du, oraindik ere. “Hori lortzeko jarraitu beharko dugu lanean”, erran du Bizkaik. D ereduko gurasoek egin dute lehen urratsa. Administrazioari eta unibertsitateari eskatu diete bigarrena.