Edurne Elizondo
Onartezina da Coca-Cola botila batek askatasun gehiago izatea herriz herri mugitzeko, pertsona batek baino”. SOS Arrazakeria taldeko eta Iruñea Harrera Hiria plataformako kide Natalia Nilok erran ditu hitzok. Haserre da. Europako agintariek migratzaileen aurka erabaki dituzten politikekin amorratuta. “Siriako krisiak eragindako egoera pil-pilean da, baina urteak dira Europak migrazio politika kriminalak indarrean dituela; Ceutan eta Melillan gertatzen denari so egitea nahikoa da horretaz jabetzeko. Hegoaldeko muga blindatuta dago. Europak Turkiarekin egindako akordioa ez da hutsetik sortzen; Marokorekin sinatutakoa hor zegoen”. Mugak ixten dituzten politika horien kontra, hain zuzen ere, karabana antolatu du Iruñea Harrera Hiriak, hilaren 15erako. Iruñetik Greziara joanen dira parte hartuko duten herritarrak, egungo Europari ezezko biribila ematera, eta migratzaileen Europaren bila.
Karabana egiteko ideia Iruñean sortu zen, baina berehala bat egin zuten proposamenarekin Euskal Herriko bertze hainbat taldek, bai eta hemendik kanpoko zenbaitek ere. Denek Bartzelonan bat eginen dute, hilaren 16an. Eta handik abiatuko dira Greziarantz. Bidean, Europak indarrean dituen politikak salatzeko hamaika ekitaldi eginen dituzte, hiriz hiri. Tesalonikan (Grezia), gainera, No borders lelopean eginen duten kanpaldiarekin bat eginen dute karabanako kideek. Herritarrak parte hartzera deitu dituzte antolatzaileek. Zabaldin eman daiteke izena (Nabarreria, 25, Iruñea), edo nafarkarabana@gmail.com helbidean.
“Autobus bat aterako da Iruñetik. Lor daitekeen helburu bat dela uste dugu. Haren bidez, protesta politikoa egin nahi dugu; herritarrok orain arte erakutsi dugun haserre horri eduki politikoa eman. Finean, herritarron esku dago herritarrak salbatzeko boterea, eta baliatu behar dugu; gobernuek ez badute deus egiten, gure indarra erabili beharko dugu aurrera egiteko”.
Sareak osatu nahi dituzte hori lortzeko. Europako gizarte mugimenduko kideen arteko sareak, hain zuzen. Urratsak egiten hasiak dira jada. Nilok berak Bruselan (Belgika) egindako hainbat topaketatan parte hartu du. “Europako hamaika tokitako aktibistak bat egin dugu, esperientziak partekatzeko eta estrategiak zehazteko; ideiei forma ematea falta da orain, gertatzen ari denaren aurrean erantzun sendo eta bateratua eman ahal izateko herri mugimenduetatik”.
Karabana bada norabide horretan egindako urratsa. Grezia izanen du helmuga, baina, han gertatzen ari denaz harago, migratzaile guztien aldeko aldarria zabaldu nahi dute antolatzaileek eginen duten bidaiaren bidez. “Giza eskubideen gutunak argi eta garbi erraten du 13. artikuluan pertsona guztiek badutela askatasunez mugitzeko eskubidea. Etorri nahi duenak hori egiteko eskubidea badu, eta ez du axola zein den sorterritik ateratzeko arrazoia. Mugitu nahi duen orori egin behar diogu harrera. Gertatzen ari denaren aurrean aski dela ozen errateko ordua dugu jada”.
Bide seguruak
Greziako errealitatea gertutik ezagutu du Iruñea Harrera Hiria plataformako kide eta argazkilari David Sanchezek. Han egon da, migratzaileen berri bere irudien bidez ematen. Gogoan ditu hasierako irribarreak; Turkiatik Lesbos irlara ailegatzen zirenean iheslariek erakusten zituzten irribarre haiek. “Irribarre egiten zuten bazekitelako bidaiaren zatirik arriskutsuena gainditu zutela. Irribarreak desagertu ziren gero, halere, nekez ulertzen ahal zutelako iheslariek Europak egiten ziena. Hesiak eta poliziak aurkitu zituzten; ilarak komunera joateko, ilarak jatekoa jasotzeko, ilarak edozer gauzatarako”.
Iheslarien, migratzaile ororen atzean bizitza proiektuak, esperientziak, desioak eta helburuak badirela nabarmendu dute Iruñea Harrera Hiria plataformako kideek. “Errateko dutena entzun behar dugu, haien esku baitago non bizi nahi duten erabakitzea”. Bide seguruen alde egin dute plataformako kideek. “Bat ixten badute, bertze bat bilatuko dute, are arriskutsuagoa. Libiakoari buruz denek erraten zuten arriskutsuena zela; berriz hasi dira erabiltzen, eta bi egunean 1.200 pertsona hil dira”, nabarmendu du Sanchezek. Greziako kanpalekuetan entzundakoak ere gogora ekarri ditu: “Anitzek nahiago dute sorterrira itzuli, bonbak dauden tokira, aurkitu duten Europan gelditu baino. Agintariek lotsatu beharko lukete halako esaldiak entzunda”, erantsi du argazkilariak, eta argi erran du Greziako herritarren eskutik jaso dutela iheslariek harrera bero bakarra. “Sekulako elkartasuna erakutsi dute”.
Nafarroan, agintariek Iruñea Harrera Hiria plataformako kideen proposamenekin eta aldarrikapenekin bat egin dutela azaldu dute Nilok eta Sanchezek. Gobernuak bat egin zuen plataformak aurkeztutako mozioarekin; atzerritarren legea eta Turkiarekin sinatutako akordioa bertan behera uzteko eskatzen zuen testuak, bertzeak bertze. Nafarroako Parlamentuak, halaber, babesa eman dio karabanari. “Europako migrazio politika kriminalak” salatzeko adierazpen instituzionala onartu du asteon parlamentuak. Talde guztiek egin dute haren alde, UPNk eta PPNk izan ezik; bi talde horiek abstenitu egin dira bozketan.
Ahal Dugu-ko parlamentari Tere Saezek, hain zuzen ere, Iruñea Harrera Hiria plataformako kideen karabanarekin bat eginen du, Grezian. Hilaren 11n abiatuko da herri horretara, Emakume Migratzaileen eta Errefuxiatuen Plataformako kideekin batera. Iheslarien hainbat kanpaleku bisitatzea dute helburu, emakumeen eta haurren egoera aztertzeko.