Idoia Sobrino
Duela gutti jakin dut nire titiek ez daukatela titi formarik. Forma egokirik, erran nahi baita. Bi dauzkat, handi xamarrak gainera, modak manatzen duen erara, baina ez behar luketen formarekin. Arazoa, omen, erabiltzen ditudan bularretakoetan dago: betegarririk gabekoak erabiltzen ditut, ustetan, inozoa ni, bularretakoaren funtzioa bularrak kontzearena zela, bizkarreko minak saihestu eta, bide batez, egunerokoak erosoago egin ahal izateko.
Baina ez, orain ongi erakutsi didate bularretakoaren funtzioak bi direla: bat, zure titiei bertze neska baten titien forma ematea (hau da, modan dauden nesken titien forma ematea), eta bi, titipuntak gordetzea. Zer iduritzen? Ba horrela omen, bai jauna. Neska talde batek erran dit hori dena; susmotan nago haien ahoetatik ez ote den jaun hori solastatu.
Izan ere, nondik dator nire titiek titi forma ez izateren kontu hori? Zergatik behartu behar dut neure burua telebistan saltzen diguten neska horien titiak izatera? Gainera, afera trikimailuz josita dago: alde batetik, 90-60-90 neurri horiek lortzera behartzen gaituzte, hau da, titi handiak izatera. Bertzetik, modelo profesionalen gorputzak omen dira gure ispilua: titirik gabeko neskak. Eta, bukatzearren, binomio horretatik ateratzen diren modako arropak dira nonahi saltzen dizkigutenak (denda berezietara joan gabe).
Baina adi, hemen hasten da jolasa eta: modako arropetan ez dago titi handiak sartzerik, ez dira kabitzen; beraz, titi txikiak izatera bideratzen gaituzte. Baina o! Titi txikiak ez ditugu gustuko. Zer egin, orduan…? Tatxan! Horra, betegarriak dituzten bularretakoak guretzat prest!
Poz-pozik egon zaitezke titi txikiak izan eta bularretako handiak erabiltzen badituzu: kolore eta puntilla mota guztietakoak izango dituzu aukeran. Zure titiek, orain bai, forma borobildua izanen dute, eta oroitu, gainera, bularretakoaren bigarren funtzioa ere betetzen dutela: inork ez du suposatu ere eginen zure titiek titipuntarik daukatenik!
Baina itxoin, titipuntak emakume sexyaren ikur ere badira, ezta? Orduan ezkutatu edo agerrarazi behar ditut?? Ai ama… Ez naiz aklaratzen… Moda jaunak zoratuta nauka. Gainera, orain oroitu naiz nik neurez titi handiak ditudala; beraz, ezin dut mota eta kolore guztietako bularretakorik erosi, zeren guretzat, titi-handientzat, betegarririk gabekoak eta soilik hiru koloretan baizik ez baitira saltzen: xuria, beltza eta txitxi-kolorekoa (polita hori, ezta?). Azken horren funtzioa bularretakorik eramaten ez duzun itxura egitea da. 100 bat daukazu, baina bularretako horrekin denek pentsatuko dute ez duzula deus eramaten!
Ez dago dudarik: moda jauna jauna da. Jauna eta ez andrea. Oraindik badago mikromatxismoan sinisten ez duenik. Oraindik badago hau ez dela mikromatxismoa erran eta errango duenik. Nik bertze zerbait dut errateko: sanfermin parekide hauetan, eraso sexistak azpimarratzera deituak izan garen honetan, hona hemen nire azpimarra eta oihua: neskak, egizue titipuntetan jartzen zaizuena! Izan libre, ausart eta libre!