Sarraski baten izen-deiturak

Sarraski baten izen-deiturak

Ion Orzaiz

Santiago Cayuela, Jesus Otermin, Roman Ibero, Victorino Olite, Antonio Espila, Jose Olaberri, Bienvenido Martinez, Jose Belloz, Mariano Huder, Antonio Ibarrola… 1936ko abuztuaren 23an, ozen ahoskatu zituzten izen horiek —eta beste asko— falangista eta erreketeek. Iruñeko kartzelan sartu eta banan-banan irakurri zituzten 53 presoren izen-deiturak. Francisco Leoz, Aniceto Pajares, Jose Nespereida, Jose Zapatero, Angel Martinez, Ramon Yanez, Constantino Egia, Octavio Lopez, Ramon Huder…

“Libre zarete”, esan zieten, ziegatik atera ostean. Bezperan, Benito Santesteban karlisten buruak ere antzeko mezua helarazi zien: “Ez beldurrik izan. Egun gutxiren buruan, gerra egonkortzen denean, etxera joanen zarete. Espainiako erregimen salbatzailearen aurkako matxinadagatik atxilotuek soilik jarraituko dute preso. Gainerakoak, etxera”. Euforia piztu zen Iruñeko kartzelan.

Eskuburdinak lotu eta autobusean sartu zituzten arte ez ziren konturatu dena gezur hutsa zela. Erreketez, falangistaz eta apaizez osatutako segizioa zegoen han. Une horretantxe ulertu zuten presoek ez zirela handik bizirik aterako.

Igandea zen. Iruñean, Sagrarioko ama birjinaren prozesioa egitekoak ziren. Erreketeek eta apaizek goiz bukatu nahi zuten lana, prozesiora garaiz itzuli ahal izateko, eta azkar ibiltzeko eskatu zieten presoei. Falangistek, ordea, ez zuten presarik. Berriz zenbatu zituzten: “Emilio Caballero, Jose Rueda, Juan Urruzalki, Jose Robredo, Vitorino del Rio, Jesus Lambertini, Luis Ardanaz, Amadeo Urla, Miguel Escobar, Jose Alcala…”.

Cadreitara eraman zituzten presoak bi autobusetan, Valcaldera izeneko korta batera. Han, hamarnako taldetan banatu zituzten, eta apaizen aurrean bekatuak aitortzera behartu. Une horretan, eztabaida piztu zen falangista eta karlisten artean: batzuek uste zuten presoak konfesatu gabe exekutatu beharko lituzketela; besteek ezin zuten halakorik onartu.

Konfesatu zituzten, azkenik. Eta, gero, fusilatu. 53 presoen artean, bakar batek lortu zuen ihes egitea: Honorino Artetak.

Iruñean ezaguna zen Arteta, soinu jolea eta La Veleta peñako sortzaileetako bat izateagatik —haren biloba Chantal Estradek jaurti zuen 2015eko sanferminetako txupinazoa, aitonaren izenean—. Begiak itxita, fusilen hotsarekin batera erori zen lurrera Arteta, baina ez zegoen hilik. Hankan egin zioten tiro.

Lehen danbadaren ostean, tiro gehiago entzun zituen. Pistola batekin, lurrean ziren presoak errematatzen ari ziren. Birritan pentsatu gabe, jaiki eta lasterka urrundu zen, faxistak atzean utzita. Hankako zauriak eragiten zion oinazeari nola edo hala eutsiz, zuhaitz batera igo zen, eta han eman zuen gaua. Hurrengo egunetan, hainbat herritarren laguntzarekin, muga zeharkatu eta Ipar Euskal Herrian bilatu zuen babeslekua, eta handik Frantziara igaro zen. Franco diktadorea hil arte ez zen sorterrira itzuli.

Senideen arabera, “bizirik atera denaren sindromea” pairatu zuen urte luzez: errudun sentitzen zen une oro, eta bere burua madarikatzen zuen, kartzelako beste presoekin batera hil ez zelako. Ezin izan zituen burutik aldendu Valcalderako kortan lurperatutako 52 lagun horien izen-deiturak: Eugenio Lategi, Vitorino Munarriz, Roman Alcala, Felipe Fuertes, Miguel Cristobal, Evaristo Perez, Santiago Jaurrieta, Santiago Guembe, Natalio Cayuela, Abel Sanz, Jose Rodenas…

Izanik gabeko izenak

Iragan astean, Valcalderako sarraskiaren 80. urteurrenaren karira, omenaldia egin zieten 53 fusilatuei Iruñeko kartzela zaharraren orubean. Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteak deituta, han izan ziren, besteak beste, Joseba Asiron Iruñeko alkatea, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilari Jose Luis Mendoza, legebiltzarreko presidente Ainhoa Aznarez eta beste zenbait ordezkari politiko. Baita fusilatuen senideak ere. Loreak utzi zituzten kartzela zaharra zegoen tokian. Presoek beren azken autobusa hartu zuten tokian.

Han eta Cadreitan egiten dute lore eskaintza, ez baitakite non dauden gorpuak lurperatuta. Izan ere, Valcalderan bertan lur eman zieten hasieran, baina, 1959. urtean, gorpuzki guztiak atera, eta Erorien haranera —Madrilen Francoren aginduz eraikitako monumentura— eraman zituzten. Auzia ikertu duten elkarteen arabera, 1980. urtean itzuli ziren gorpuzkiak Nafarroara, baina Espainiak ez du inoiz horren inguruko informaziorik eman.

Hori dela eta, fusilatuen senideek laguntza eskatu zioten Nafarroako Gobernuari iragan asteko omenaldian. “Laguntza beharko dugu geure senideak aurkitzeko. Valcalderako hobia hutsik dago, eta gorpuak Erorien haranera eraman zituztela jakin genuenetik 133 errepublikanoren arrastoak identifikatzea lortu dugu, baina Cadreitako 52ek desagerturik segitzen dute”, esan zuen Jokin de Carlos elkarteko kideak.

Eta, izanik ezean, izenak dira senideen helduleku bakarra: “Constantino Preciados , Justo Preciados , Juan de Diego, Juan Cruz Osinaga, Luis Moreno, Arturo Fraile, Benito Vallejo, Ildefonso Zalabardo, Melchor Eric, Vicente Abad, Pablo Galbete eta Lojerdo Walter”. Horiek errepikatzen segituko dute, egia azaleratu arte.