Iritzia: Oporrak, modernoon kontua

Saioa Alkaiza

Gaur nagusi den oporren edo bakazioen esanahia —mendira joango gara ala hondartzara?— komikietan, liburuetan edo zinean soilik ikusten genuen. Aisialdia aberatsen kontua zen, diru-pilaketak asko nekatzen du nonbait adimena; esku-lanak ez bezala”. Anjel Lertxundik idatzi zuen BERRIAn.

Gure amak ere hala dio. Herritik atera arte ez zuela oporrik sekula ezagutu. Herrira udan zihoazen neska-mutil zuriago horiek zirela turistak. Beraneanteak. Lurra landu gabeko esku leunak zeuzkatenak. Seme-alabak jaiota bizi izan zituen amak, lehenbizikoz, opor izenez ezagunak diren egun horiek, landa exodoaren ostean, Iruñean etxea erosi eta gero, eguzki izpiak ailegatu ahala, uda partean, familia osoa Elpueblo-ra bueltatzen zenean. Horiek ziren oporrak. Jaioterrira buelta. Ez hondartzak, ez ahoskatzen ez dakizkigun herrialdeak, ez bidaia bilaketa webgune batek existitzen direla ohartarazi aurretik mapan kokatzen asmatuko ez genukeen lurraldeak zapaltzea ere.

Gu ez gara, ordea, gurasoen belaunaldikoak. Eta gu oporretara joaten gara. Bidaiatzera, deskonektatzera, errutina ahaztera, maletak egin eta desegitera eta argazkiak egitera. Batez ere argazkiak egitera. Gu gara orain besteen etxeetan azaltzen diren azal zuriago horiek. Ustezko klase kontzientzia eta ahantzezinezko nazionalismoa motxilan.

Kontraesanen poltsan, liburu bat sartu dut aurtengoan, David Foster Wallace kazetariak idatzitako Sekula berriro egingo ez dudan gauza ustez dibertigarri bat, euskarara itzuli berria. Itsas bidaia batean bizi izandakoaren kronika da, munduan barrena batetik bestera doan itsasoz gaineko hotel horietako batean ikusi eta sentitutakoaren narrazioa. Luxuzko bidaia baten kontakizuna, lehen pertsonan. Eta aurreiritziek pentsa zezaketenaren berrespena da obra. Itsasontzi barruan, oparotasuna; koktelak, ezkontza bateko gonbidatu guztiak mozkortzeko adina; igerilekuak, olinpiar jokoetan nola; eta bere kaxa ugaltzen dela dirudien bufeteko janari amaiezin bezain errepikakorra. Kapitalismoa olatu gainean: mugikortasuna muturreko kontsumismoarekin ezkondua.

Nik ez dut itsasontzirik hartu, ez prezio barregarrietan eros daitekeen hegazkin txartelik ere. Aurtengoan. Batez ere ez delako lagun taldearen plana izan. Hurrengoan, auskalo. Balkoiak esteladaz janzten dituen herri batean aparkatu dugu guk, eta Bon dia esan dugu, independentistak garela argi gera bedi, eta euskaraz egin dugu, Iruñean baino ozenago —batzuek Iruñean ez bezala—, euskaldunago, paparra puztuta. Handiustez begiratu diegu giriak deritzegun horiei. Hemengoago bagina bezala. Eta gure neurrira pentsatutako tabernetan eseri gara, ez paellak ematen dituzten horietan, ondokoetan baizik.

Zerbitzariaren ordubeteko soldata ordaintzeko adina balio duen mojitoa eskatu dugu, oporretan gaude eta. Karta ingelesez, gaztelaniaz eta katalanez dago, ordena horretan. Mundua gure neurrira: ordutegiak, tabernak, dendak, beroarekin bat oporretara joan diren langile eskubideak…

Oso postmodernoa omen da identitate krisia. Horregatik, ez dakit burgesa naizen, amak beraneante gisa bataiatuko lukeen bat, Wallaceren bidaiari xahutzailearen parodia, proletargoa “demokratizatutako” ohituren aurrean edo denak batera. Akaso, euskaldun arrunt bat baino ez.