Kattalin Barber
2009 amaieran eraitsi zuten garai batean horren ospe handia izan zuen Lekarozko eskola. Fermin Goñi (Iruñea, 1952) hango ikaslea izan zen, eta 116 urteko historia bildu du Lecároz en 100 palabras (Lekaroz 100 hitzetan) izenburuko liburuan.
Zenbat denbora eman duzu liburu honetan lan egiten?
Bete-betean hemezortzi hilabete aritu naiz liburu honekin. Lekarozko eskolako ikasle zaharren elkarteak gordetzen duen dokumentazio guztiarekin lan egin dut. Geroago, Jose Angel Etxeberria kaputxinoak aukera eman zidan eskolako korrespondentzia guztia aztertzeko eta baita 15.000 argazki ikusteko ere. Liburua eleberri modukoa da. Eta, niretzat, zinema ere bada. 380 argazki ditu liburuak, gehienak argitaragabeak.
Zuk lau urte eman zenituen Lekarozko eskolan. Noiz izan zen?
1967. urtean. 14 urte nituen, eta familiak hara bidali ninduen. Esan dezaket oso zoriontsu izan nintzela Lekarozen. Alde batetik, zuzendu ninduten, eta, bestalde, ikasten ikasi nuen. Gainera, kaputxinoek ikasketa asko zituzten. Gehienek, bat edo bi karrera eta beste hainbeste doktoratu. Eleaniztunak ziren. Max Aub idazleak behin esan zuen sorterria batxilergoa ikasi den lekua dela. Nire sorlekua Baztan da.
Gero, Iruñera itzuli, eta kazetaritza ikasketak egin zenituen.
Bai, baina kazetari izateko bokazioa Lekarozen sortu zitzaidan. Irakurle egin nintzen, liburutegi erraldoia genuelako. Horrez gain, ikasleek sortutako Lekarozko eskolako lehenengo aldizkaria sortu nuen. El Che deitu genion; orduan gure idoloa zen. Bi urte iraun zuen aldizkariak.
Esan izan duzu Lekarozko eskola ez dela ohikoa. Zergatik?
Irakasle eta azpiegiturengatik. Hizkuntza laborategia zegoen, kimika eta fisika laborategia. Filmak proiektatzeko makina eta ebakuntza gela X izpiekin genituen. Bi futbol zelai eta lau frontoi. Zenbat eskolatan dago hori? Gainera, autarkikoa zen. Etxe abereak eta baratze handiak genituen. Horrez gain, energia sortzen zuten kaputxinoek.
Edozeinek zuen aukera Lekarozko eskolan ikasteko?
Arazo bat zuten. Eskaintzen zituzten baino plaza gehiago eskatzen ziren. Familiak bertan babesa zuelako lortu nuen nik. Baina ez nuke esanen maila altuko jendea joaten zela. Denetarik zegoen. Argi dago ez zela eskola merkea. Ez dakit zenbat ordaindu zuten nire gurasoek, baina behin esan zidaten ahalegin handia egin zutela. Trukean, hezkuntza ona jaso dugu ikasleok. Nire garaian, urtero, Europako eskoletako sei bisita baino gehiago jasotzen genuen. Hezkuntza sistema zein zen jakin nahi zuten.
Bakarrik gizonek zuten aukera bertan ikasteko.
Bai, 1980ko hamarkadara arte. Orduan, Berako eskola itxi zuten, eta Baztango neskek ez zuten aukerarik bailaran ikasteko. Kaputxinoei eskatu zieten zentro berean eskolak emateko, eta onartu zuten. Baina emakumeak ez dira inoiz barneko ikasleak izan.
Euskaraz ikasten zen Lekarozko eskolan?
Lekaroz izan zen Nafarroako lehenengo ikastola. 1918. urtean euskara zuten irakasgai bezala. Eusko Ikaskuntzak, urte horretan Oñatin egindako kongresuan, hitzartu zuen Lekarozko eskolako euskara liburua inprimatzea eta Euskal Herri osoko eskoletan banatzea. Garai ilunak gero etorri ziren. Ni nengoen garaian, 1968an, saiatu ginen euskaraz ikasten. Baina Guardia Zibilak horren berri izan zuen, eta eskola ixteko mehatxuarekin debekatu zituen euskara eskolak. Guk beharrezkoa genuen euskara herritarrekin hitz egiteko eta bailaran mugitzeko. Bakartuta ez egoteko, hain zuzen.
1990. urtean eskola itxi zuten. Zergatik hartu zuten erabaki hori, eskola ospetsua bazen?
Garai horretan kaputxinoek ez zuten esan, baina orain badakigu mantendu ezin zutelako itxi zutela. Irakasle guztiak kaputxinoak ziren, eta iritsi zen momentu bat non ez zegoen belaunaldi berririk, eta ez zegoen dirurik kanpoko irakasleak kontratatzeko. Nafarroako Gobernuarekin negoziatu zuten, hainbat aukera zegoen, baina, azkenean, guztia saldu zieten. Dena bota zuten, eliza izan ezik.
Zure ustez, beharrezkoa zen eskola zaharra eraistea?
Niri eskola egotea gustatuko litzaidake. Batik bat, duen balioarengatik. Baina egia da egoera txarrean zegoela, eta mantentzeko inbertitu behar zen. Esan zuten enpresa parkea egin behar zutela, eta egun enpresa bakarra dago bertan. Urbanizatuta dago, baina hutsik. Orain, Lekarozko eskolako ikasle zaharren elkarteak proposatu dio gobernuari eliza berritzeko, bertan kultur jarduerak aurrera eramateko. Magnolia da bizirik dirauen izaki bizidun bakarra. 125 urte ditu.
Zein helburu du Lekarozko ikasle zaharren elkarteak?
1916an sortu zen ikasle zaharren elkartea. 100 urte hauetan eskolaren babesa eta sostengua izan da. Mila bazkide inguru gara. 1960ko hamarkadan, eskola berria eraikitzeko, elkarteak arkitekto taldea osatu zuen, eta eraikin berria ikasle zahar baten enpresak egin zuen. 1932an, II. Errepublikaren garaian, erlijio ordenek eskolak ematea debekatu zuten. Lekaroz, beraz, itxi behar zuten. Baina Jesus Maria Leizaola eta Rafael Aizpun politikariek eta ikasle ohiek merkataritza sozietate bat sortu zuten. Horrela, hitzartu zuten eskola alokatzea, eta kaputxinoek eskolak ematen jarraitu zuten. Kaleko arropa erabiltzen zuten kaputxinoek.