Iritzia: Ohiko prentsa agerraldi batean

Saioa Alkaiza

Hiru mikrofono daude mahai gainean. Horien aurrean, hitza zeinek hartuko duen argi uzten duen karteltxoa. Atondutako mahaiaren parean, aulkiak, ilaran, banan-banan, ongi bereizita. Agertoki ezin txukunagoa, egunkarietako tituluak konkistatu nahi dituzten horientzat. Prentsaurreko bat da, ohiko parafernalia guztiarekin, milimetrikoki estetikoki zuzena, minimalistaki politikoki egokia.

Hiru mikrofono daude, bada, mahaiaren gainean. Hiru aulki huts atzean, bete diren arte. Hortxe, hiru hizlariak, X dinamika zertan datzan azalduko duten A, B eta C bozeramaileak. A-k hartu du hitza, lehenik eta behin. X dinamikako zuzendaria da bera, gainontzeko biak ez bezala, hierarkiaren tontorrean, gorenean, dagoena, estrukturaren adarrei begiratuta. Nola, noiz eta zertarako sortu zen X. Horra A-k azaldu duena, ederki asko, dena esatearren, argigarriki labur eta zehatz, askotan prentsaurrekoetan ez bezala, eta euskaraz -hori ere askotan gertatzen ez den gisan-.

B-k moztu dio, baina. X dinamikako kidea da bera ere. Argi gera bedi, baina, ez dela adituagoa, ez duela gaia gehiago menperatzen eta, piramide batean kokatu behar izanez gero, A baino beherago legokeela, ardurei dagokienez. Moztu egin du A-ren solasa, haatik; puntualizazio bat egin du, detaile bat nabarmentzeko: “Aipatu behar dugu, era berean…”. Eta gero txikikeria bat; garrantzirik gabeko pasartetxo bat. Bai, pasartetxo, txikigarri eta guzti. Pasadizoa kontatu eta gero barre egin du, eta bizpahiru kazetarik irribarrez margotu dituzte ezpain ertzak, adeitasun keinu batean-edo, bueltan.

Gero C-k hartu du hitza. Eta kontua ez da C oso-oso sarturik dagoenik X proiektuan. Beranduen sartu zena da, eta, egia esan, “xehetasun gehienak eta detaileak” ez dakizki; dena dela, eginen du balorazio bat -luzea, 20 minutu pasa edo-, eta hitz eginen du tarte batez bere buruari buruz. Erriberan jaiotakoa, gurasoak nekazariak, “eta badakizue, langile jendea… eta bla bla bla…”. Bitartean, estereotipoetan oinarritutako hiru txiste txar eta hormigoizko arrazoinamendu sobera trinko bezain monolitikoa.

Oroit dezagun A ari zela hizketan. B-k hitza hartzerako ez zuela bukatu, ezta C-k bere diskurtsoa anekdotaz josterako ere. Hala geratuko da kontua, dena dela.

Kazetariek hitz egin dute, gero. Galderak.

A-k hartu du hitza, galdetu duten horretan bera baita adituena. Lau hitz esan ditu: “Bada, proiektuaren helburua da…”. B-k eten du haren solasa. Hark eman du azalpena.

Ezbairik gabe esan daiteke A-k uzten dituela gauzak argiago, gehiago zehazten dituela, informazio pragmatikoagoa ematen duela; B-k, dena dela, bere burua aintzat hartzen du, eta horrenbesteko autoritatea eskaintzen dio, ezen inork baino hobe azal dezakeela uste baitu.

Bukatu da prentsaurrekoa. Denbora portzentualki neurtu beharko bagenu, esan genezake minutuen %25 inguru hartu dituela A-k, gainontzekoak B eta C-ren artean banatu dituzte.

Aipatzekoa da A emakumea dela; eta B eta C, aldiz, gizonezkoak dira. Agian, nabarmentzekoa da, halaber, X dinamika emakumeen inguruko proiektu bat dela.

Ezohiko prentsaurreko bat izan dela esan genezake, baina ez da izan.

Nafarroan gertatutakoa, 2016ko urrian.