Edurne Elizondo
Karrikan giltza bat aurkitu, eta nire etxekoa zela imajinatzen nuen. Nire burua engainatzen nuen, min handia sentitzen nuelako; nire bizitzak egiten zidan min; bakardadeak egiten zidan min”. Ion Molinuevorenak dira hitzak. 57 urte ditu, eta 14 eman ditu karrikan bizitzen. Etxea badu orain; bai eta etxeko atea irekitzeko giltza ere. Benetakoa. “Duintasuna berreskuratu dut”.
Karrikak utzitako arrastoaren zama sumatzen zaio Molinuevori, halere, hitz egiten duenean. Eritasunak ere markatu du haren bidea. Sufritzen duen polineuropatia kronikoak bere hankei eragin die, batez ere. “%65eko elbarritasuna daukat”. Babespeko etxe batean bizi da, eta 365 euroko kotizazio gabeko pentsioa jasotzen du, bai eta gizarteratzeko errentaren osagarria ere; denera, 595 euro, hilean. Egungo gizarteratzeko errenta 655 eurokoa da herrialdean; Molinuevok pentsioaren hamalau ordainsari jasotzen dituenez, urtean jasotzen duen kopuru guztia kontuan hartuta, 655 eurokoa litzateke hilero jasoko lukeen saria, hain zuzen ere.
1999koa da gizarteratzeko errentari buruzko lehen legea, Nafarroan. 2012an moldatu zuten, eta, berriz ere, 2015eko hasieran. Harago joan nahi dute egungo gobernua babesten duten taldeek, eta lege proiektua onartu zuten ekainean, gizarteratzeko eskubideari eta bermatutako errentari buruz. Nafarroako Parlamentuak lege hori noiz onartu zain dira Pobreziaren Kontra Borrokatzeko Sareko elkarteak, hain zuzen ere. Parlamentuko talde guztiei helarazi diete egitasmo horri buruz egin duten txostena; Gizarte Eskubideetako presidenteorde Miguel Laparrari ere azaldu dizkiote proiektuari ikusten dizkioten argiak, bai eta itzalak ere. Legea urtea amaitu baino lehen onartzeko konpromisoa hartu zuen Laparrak, joan den astean, auziari buruz antolatutako mahai-inguruan. Legeak “berebiziko garrantzia” duela nabarmendu zuen, halaber, aurkeztu zuen egun berean. Berebiziko garrantzia, hain zuzen ere, “muturreko pobreziari aurre egiteko, kohesio soziala hobetzeko, nafar guztiak gizarteratzeko, eta lan munduan sartzea ahalbidetzeko”.
Lege proiektuak gizarteratzeko eskubidea nabarmendu izana “ontzat” jo du Pobreziaren Kontra Borrokatzeko Sareko presidenteorde Ruben Unanuak. Nafarroan, 30.000 pertsona inguru badira sozialki kalteberak. 2015ean, 12.875 familiak jaso zuten egun indarrean dagoen gizarteratzeko errenta; 10.800 pertsona baino gehiago adingabeak ziren. Sozialki ahul izatea zer den ederki daki Molinuevok. “Listua bota didate; ikusi ditut beldurrezko eta gorrotozko begiradak haien seme-alabak niregandik urrundu dituzten amen aurpegietan; hilik hobe nintzatekeela erran didate, behin baino gehiagotan”, gogoratu du, saminez. Errealitate hori atzean utzi du. Estu ibiltzen da gastu guztiei aurre egiteko, jasotzen duen errentarekin, baina kontent da. Bere esperientziak bertze norbaiti balioko diola espero du. “Nire istorioaren berri jasotzen duenak jakin dezala orain, azkenean, beldurrik gabe bizi naizela”.
Karrika atzean uztea ez da batere erraza izan Molinuevorentzat. “Zuloan gero eta sakonago erori, are eta zailagoa da handik ateratzea”, berretsi du Ruben Unanuak. Etxerik ez dutenekin egiten du lan, hain zuzen ere. Horregatik, halako egoerei aurrea hartzeko beharra nabarmendu du pobreziaren aurkako sareko kideak; bermatutako errenta beharra duten guztiek jaso beharko luketela, alegia. “Zaila dela badakigu, baina hori lortzea finkatu beharko genuke helburu nagusi gisa”.
Gobernuak prestatu duen lege berriak oraingoak baino herritar gehiagori eraginen die, hain zuzen ere. Eta hori eskertu du Unanuak. Orain arte, adibidez, 65 urte baino gehiagokoek errenta jasotzeari uzten zioten; lege berriarekin jasotzen jarraituko dute. Paperik gabekoek ere izanen dute kobratzeko aukera; eta errenta jasoko dute, halaber, adingaberen baten ardura duten familiek. Egun, etxebizitza bakoitzeko errenta bat eta erdi jasotzen ahal da, gehienez ere. Lege berriarekin, berriz, hiru kobratzeko aukera izanen da. “655 euro jasota, etxebizitza partekatu bertze aukerarik ez dute anitzek; etxe bakoitzeko errenta eta erdi jasotzeko mugak, ordea, egoera hori zaildu baino ez du egiten”, azaldu du Unanuak.
Errentaren kopuruak, hala ere, behera eginen du. “Hainbat pertsonak osatutako familien laguntzetan gora egin ahal izateko, pertsona bakarrekoei eginen diete kalte”. 655 euro jasotzen dituzte orain; lege berriarekin, berriz, 600. “655 eurorekin zaila da alokairua, janaria, argindarra eta bertzelakoak ordaintzea; are zailagoa izanen da 600 eurorekin; ez da bidezkoa”, erran du Unanuak. “Pasta eta arroza jaten ditut, batez ere; ez da dieta osasuntsua, eta sumatzen dut. Fruta merke dagoenean baino ez dut erosten”, onartu du Molinuevok, errentarekin aurrera egiteko dituen zailtasunen adibide.
Bi urte, “gehiegi”
Unanuak bermatutako errenta jasotzeko zehaztutako epearen auzia ere jarri nahi izan du mahai gainean, Pobreziaren Kontra Borrokatzeko Sarea ez baita ados. “Herritarrek bi urtez egon behar dute, gutxienez, erroldatuta, jaso ahal izateko”. Denbora tarte hori “gehiegizkoa” dela salatu du Unanuak. “Urte bakarra nahikoa litzateke; uste dugu, gainera, beharra duenak berehala jaso beharko lukeela laguntza”.
Gazteen sektoreari ere egin dio so Unanuak. “Ezarritako baldintzek hagitz zaila egiten dute 18 eta 24 urte bitartekoek errenta jaso ahal izatea”. Unanuak zalantzan jarri du, halaber, errenta hori jasotzeko aukera enpleguarekin “hain estuki” lotu izana. Legeak enplegua jotzen du gizarteratzeko funtsezko elementu gisa, baina Unanuak ohartarazi du egungo lan merkatuaren prekarietateak figura berri bat sortu duela: “Lana duen pobrearena, hain zuzen ere”. Ideia horrekin bat egin du Molinuevok ere. “Karrikan egon gabe ere, egoera ahul batean dagoen jendea ezagutzen dut”. Molinuevo bera funtzionario izan zen, Araban. Lanpostu hori, ordea, ez zen karrikara eraman zuen bidea saihesteko berme nahikoa izan. “Lana ez da bazterketari aurre egiteko elementu bakarra; ez da gizarteratzea bermatzeko elementu bakarra”, berretsi du Unanuak.
Nafarroako Gobernuak enplegua sustatzeko legean jasotako pizgarriak ontzat jo ditu. “Baina zer-nolako enplegua, zer-nolako formakuntza eskainiko du? eta norentzat?”, galdetu du Unanuak. Eta, batez ere, baliabideen inguruko zalantza jarri du mahai gainean. “Legea onartzea lehen urratsa izanen da, baina testuan jasotakoak garatzeko araudia egin beharko dute gero, eta hor zehaztu beharko dituzte baliabideen inguruko kontu guztiak”.
2015. urtean, 27 milioi eurokoa izan zen gizarteratzeko errentarako aurrekontua; kopuruak 58,5 milioi eurora egin zuen gora, urte hasieran; bertze 17 gehitu dizkiote, eta urte amaierarako aurrekontua 80 milioi euro ingurukoa izanen dela uste du gobernuak. Lege berriarekin, berriz, aurrekontua 100 milioi euro baino gehiagokoa izanen dela uste dute.
“Kontua ez da bakarrik errenta ordaintzea”. Ideia hori nabarmendu nahi izan du Pobreziaren Kontra Borrokatzeko Sareko presidenteordeak. Legeak helburutzat jo du herritarren gizarteratzea bermatzeko bertzelako baliabideak erabiltzea, baina horri buruz ere, zalantzak ditu Unanuak. “Oinarrizko gizarte zerbitzuek gainezka egin dute auzo anitzetan; eguneroko lan burokratikoari aurre egiteko arazoak badituzte, nola bermatuko dute lege berriak eskaini nahi duen arreta jaso ahal izanen dutela horren beharra duten guztiek?”.
Zenbakien atzean, jendea
Legeak, datuak, paper batean jasotako hitzak… Horren guztiaren atzean pertsonak daudela nabarmendu du Ruben Unanuak. “Gaizki pasatzen ari den jende anitz dago; neguan etxean hotza pasatzen duten haurrak badira; kobratzen dutenarekin aurrera egiteko sekulako zailtasunak dituzten familiak”. Anitzen egunerokoa horrelakoa delako egin nahi izan diete presioa Nafarroako Gobernuko kideei, onartzeko zain den legearen bidez ahalik eta herritar gehien lagundu ahal izateko.
“Mota bateko eta bertzeko eskubideei buruz ari gara, baina, egunerokoan, deustarako eskubiderik ez duen jende anitz dago”, salatu du Unanuak. Molinuevok ongi ezagutzen duen errealitatea bizi dutenak ekarri nahi izan ditu gogora. “Ezin dugu horrelakorik onartu; ikusezin bilakatu arteko bazterketa bizi duen jendea izatea ezin dugu onartu”.
Karrikan bizi zenean horixe sentitu zuen Molinuevok. Ikusezina zela. Eta ikusten zutenean, txarrerako izaten zela, gehienetan. “Kontraturik gabe aritu naiz hainbat tokitan lanean; biltegi batean bizi izan naiz. Karrikan bizi zarenean, beren mesederako erabiltzen zaituzte bertzeek”.
Errenta jasotzeko aukerak zulotik ateratzeko heldulekua eman dio Molinuevori. Egunerokoa ez dela erraza onartu du, baina hasierako hitzak berretsi ditu. Etxeko giltza duela poltsikoan, eta duintasuna berreskuratu duela, hari esker. Karrikara ateratzen ahal dela, berriz ere, beldurrik sentitu gabe.
Ruben Unanuak ere hasieran errandakoa berretsi nahi izan du: ona dela legeak gizarteratzeko eskubidea jaso izana; eta erantsi du eskubide hori paper huts ez bilakatzeko lan egitea izanen dela erronka nagusia. “Ez da nahikoa errenta bermatzea; lanak ere ez du bermatzen bazterketari ihes egin ahal izatea. Benetako gizarteratzea behar dugu, eta haren alde egin behar dugu lan”.