Lohizune Amatria
Turismoa zer den azaltzen duen metafora bitxi bat entzun dut azken asteotan. Imajinatu turismoa musikarien orkestra bat dela, eta zu kontzertuaz gozatzen ari zarela. Musikari bikainak ditu konpainiak, izen handikoak; baina taldean badira tresnak gainontzekoek bezain ongi jotzen ez dituzten bi musikari. Tonua galtzen dute behin eta berriz, eta kontzertua ez da espero zenuena. Bi horien lanak talde guztiari eragin dio, eta orkestrari buruz gaizki iritzita atera zara antzokitik.
Gure lanak eragina du ingurukoengan, eta horretaz burujabe jardun behar dugu egiten ditugun gauzetan. Gure ingurukoek ongi egin dezaten ere saiatu beharko genuke. Komunitatean pentsatu. Aktore indibidualek osatzen baitugu, kasu honetan, eremu bateko turismo eskaintza. Interesgarria iruditu zait metaforari tiraka egin daitekeen irakurketa. Turismoaz hitz egiten bota dute, baina bizitzaren bestelako alorretara ere eraman daiteke.
Tamalez, baina, ez dugu beti horrela pentsatzen. Ondokoak gaizki egiten duenean, gure lana nabarmenduko dela sinetsi ohi dugu. Baina ez da hala izaten; epe motzean, kaltetu eginen duelako gurea. Ondokoak zoriontsu badira, gu ere zoriontsuago.
Aste honetan ere, egitasmo interesgarri baten berri izan dut. Irati oihanaren lur-eremua kudeatzeko proiektu bat aurkeztu dute Garaziko txaletean. Pirinioetako bi aldeetako Irati eremuaren jabe diren Aezkoako eta Zaraitzuko Batzar Nagusiek, Garaziko Mendi Elkargoak eta Xiberoako Sindikatiak garatu dute proiektua, eta Irati bakarra dela esanez goraipatu dute.
Helburu handinahiak ditu: migrazioa, artzaintza eta abeltzaintza estentsiboa, industria-ondarea eta ingurumen-ondarea sustatu eta elkarrekin kudeatu nahi dituzte. Baita mikologia eremu bat sortu ere. Eta horretarako hiru urte dituzte aurretik. Ongi pentsatu beharko dute zein den aurrera eraman nahi duten eredua, zein den biztanleek proiektuaren eta eredu horren inguruan duten iritzia eta zeintzuk diren aurreikusi dituzten jarduerak aurrera eramateko ibar bakoitzak dituen ahultasun eta gabeziak. Ibarren artean dauden ezberdintasunak agerikoak dira, gainera. Alor zenbaitetan lana garatuagoa dute zenbaitzuek —mikologiaren arloan, Aezkoak, adibidez —, eta bestelakoetan eredu ezberdinak garatu dituzte. Badira egin beharrekoak proiektuak funtziona dezan.
Helburuak erdiesteko, bi milioi baino gehiagoko aurrekontua finkatu dute. Zenbateko handia da, erakundeek duten eskuragarritasuna kontuan izanik. Baina aukera on baten aurrean gaudela iritzi diot. Europak %65ean finantzatuko baititu aurrera eramanen dituzten jarduerak. Aipatu dutenez, baina, ez omen da nahikoa laguntza.
Musikariz betetako lau konpainiek osatutako orkestra handi baten zain gaude. Antzokiaren aurrean, hiru urteko luzapena izanen duen kontzertuaz gozatzeko irrikan. Pieza onak espero ditugu, denek norabide berean egitea. Espero dut, oihala jaisten denean, orkestrak ikuskizuna amaitutzat ez ematea. Tonua galtzen ez badute, behintzat, hala izan daiteke.