Kattalin Barber
Urteak dira Aragoiko (Espainia) Rio Aragon eta Nafarroako Esa+Ez Lanak Gelditu elkarteak lanean ari direla Esako urtegia handitzeko lanak bertan behera uzteko. Tinko aritu dira hasieratik, eta, orain, haien oihartzuna are gehiago zabaldu nahi dute. “Proiektuak kalte egindako guztien” plataforma sortzen ari dira; elkarteokin batera, Zaragozako (Espainia) hainbat mugimenduk, landa eremuko hainbat eragilek, eta Aragoiko Tiermas, Ruesta eta Esco herri desjabetuek parte hartuko dute. “Ahalik eta pluralena izatea nahi dugu, gizartearen bazter guztietara Esaren aurkako aldarri ozena iristeko”, adierazi du Miguel Solana Rio Aragon elkarteko kideak.
Ahots berri bat osatzea da asmoa, ahalmen handiagoa izateko. “Biztanle gutxiko herriak gara, eta, jendeak gure arazoa ulertu arren, ez dugu oihartzun handirik izaten”. Otsailean aurkeztu nahi duten plataformaren bidez, “dimentsio globala” eman nahi diote auziari, proiektuaren eraginpean diren guztiak bat eginez.
Zaragozako iruzurra jarri du adibide gisa Solanak: “Iruzur egiten ari dira hiri horrekin. Beti argudio gisa erabili izan da Esa bultzatzeko, baina hango udalak behin baino gehiagotan esan du ez dela beharrezkoa”. Proiektuan, 132 hektometro kuboko kontsumoa aipatzen da, baina Zaragozak, egun, horren erdia baino gutxiago kontsumitzen du, urtean. “Ez dago halako azpiegitura erraldoi baten beharrik”.
Horrez gain, presatik behera dauden herrien babesa ere jasotzen ari dira. “Ez dute haien segurtasuna bermatuta ikusten, eta gauzak beste modu batean egin daitezkeela uste dute”.
2013ko otsailean gertatu zen lur mugimendu handia Esako eskuineko hegalean. Haren ondorioz, Esako bi urbanizazio hustu behar izan zituzten, eta azkenik, desjabetu. Oraindik ere mugimenduek jarraitzen dutela adierazi dute bi elkarteek. Antonio Casas eta Antonio Aretxabala geologoek hainbat alditan ohartarazi dute Esa handitzeko lanek eragin dezaketen arriskuaz. Magalak ez direla egonkorrak. “Baina Ebroko Ur Konfederazioak ez du kasurik egiten, eta gure segurtasunarekin jokatzen du”, adierazi du Iker Aramendiak, Esa+Ez Lanak Gelditu elkarteko kideak.
Egoera larria den arren, elkarteek itxaropena dute: “Oraindik ez dute obra amaitu, eta bete gabe dago. Esa handitzea lortu gabeko desioa izatea nahi dugu”, esan du Solanak.
Larrialdi plana
Esako urtegia handitzeko lanengatik lau urte daramatzate larrialdi plana aktibatuta. Arriskuari dagokionez, lehen maila dago ezarrita gaur egun. Maila horrek onartzen du urtegiko presan matxurak edo pareta bera haustea eragiten ahal dituzten gertaerak jazo direla, baina neurriak hartuta konpon daitezkeela. Joan den urtean, Sustrai Erakuntza eta Esa+Ez taldeak eta Karmele Irigibel Galipentzuko alkateak salaketa jarri zuten Ebroko Ur Konfederazioaren aurka. Salatzaileen esanetan, konfederazioak ez zuen zuhurtziaz jokatu 2013ko larrialdi hartan. Izan ere, urtegiaren eskuin hegala irrist egiten hasi zenetik larrialdi plan bat ezarri zen arte hainbat hilabete igaro zirela gogorarazi du Aramendiak. Berriki jaso dute salaketaren erantzuna: Ebroko Ur Konfederazioak dio ez dagokiola berari horretaz jakinaraztea herritarrei.
Kezka nabaria da Zangoza aldean, eta Ebroko Ur Konfederazioak “datuak ezkutatzen” dituela salatu du Aramendiak. “Babesgabetasun egoeran gaude; edozein gauza gertatzen baldin bada ezinen diogu aurre egin”, adierazi du. Egoera salatzeko manifestazioa egin zuten Zangozan abenduaren 30ean.
“Informaziorik eta gardentasunik eza” salatu du zangozarrak. Ebroko Ur Konfederazioa “erne” egon eta arriskuez jakin arren, ez dutela neurririk hartzen. “Pertsonen segurtasuna kolokan dagoenean eztabaidak ez du balio. Lehentasuna da”. Ebroko Ur Konfederazioa “zigorgabetasun osoarekin eta herritarren diruarekin” jokatzen ari dela salatu du. Handitze lanek 113 milioi euroko aurrekontua zuten hasieran, eta “ia laukoiztu da aurrekontua” Aramendiaren arabera: “Badirudi proiektu honek ez duela aurrekontu mugarik, eta ez dela ezer justifikatu behar”.
Halaber, proiektuaren aurrean alternatibak daudela azaldu du. Besteak beste, Bardeako ubidean presa txikiak egitea eta urtegiko ur maila jaistea dira aukerak. Izan ere, Esako urtegia handituta ere, Bardeako ubideak ez du edukiera nahikorik eta, hortaz, nekazariek ezinen lukete ura aprobetxatu.
Esako urtegiko ura Aragoiko lurrak ureztatzeko erabiltzen da batez ere, baina Nafarroako hainbat hektarea ere ukitzen ditu: 10.000 denera. Esa+Ez elkartea hainbat alditan batzartu da Nafarroako Gobernuarekin. Hauteskundeak baino lehenago “lan politiko sakona” egin zutela adierazi du Aramendiak, eta hitzarmen bat sinatu zuten. “Egoera aztertzea eta ongi aztertuta egon arte lanak gelditzea eta alternatibak martxan jartzea eskatu genion”. Gobernuak horretarako lan taldea sortu du, eta txostena egin du. Elkarteak, ordea, oraindik ez ditu ezagutzen azterlanaren ondorioak. “Txosten horretan jasotako informazioaren zain gaude, baina gobernua bere hitza betetzen ari da, egoera aztertzen; horren ondotik egoera argitzea eta neurriak hartzea espero dugu”.