Edurne Elizondo
Doluak hartu zituen Bortziriak 2007ko hasieran. Urte hartako urtarrilaren 6an, Unai Etxepare 29 urteko mendizale lesakarra hil zen Anayet mendian (Huesca, Espainia), erorita. Handik astebetera, Etxeparek lagun zituen bertze hiru mendizale eraman zituen mendiak: Xabier Zubieta eta Luis Mari Pikabea Loro, 33 urteko lehengusu beratarrak, eta Xabier Saralegi, 32 urteko lesakarra. Zubieta, Pikabea eta Saralegi Etxepareren erreskate lanetan aritu ziren; zazpi egun geroago, gaur hamar urte, haien gorpuen bila abiatu behar izan zuten Jendarmeriako larrialdietarako taldeek: 3.144 metroko Taillon mendian izan zuten mendizaleek istripua, Frantziako Pirinioetan (Pirinio Garaiak), iparraldeko horma eskalatzen ari zirenean. Mendia biziki maite zuten, eta mendian gogoratuko dituzte, asteburuan, haiek maite zituztenek: X. Mendi Eguna ospatuko dute, Beran.
Mendiak eman, eta hartu ere egiten du. “Baina hori maite zuten, mendian ibiltzea”, nabarmendu du Luis Mari Pikabearen anaietako batek, Iñaki Pikabeak. Horregatik, hain zuzen, mendiari ez diote bizkarra eman nahi izan. Alderantziz. Anaia hil zen tokira hainbat aldiz itzuli da Pikabea, familiako bertze hainbat kide eta lagunekin batera. “Asmoa badut, noizbait, ipar pareta hori igotzeko ere. Ez dakit nola erran, baina denborak, azkenean, ekartzen du dolua bertze modu batera bizitzea. Eta haiek hori maite zuten, mendian ibiltzea, gailurretara igotzea, eskalatzea. Istripuak, finean, nonahi gerta daitezke”.
Manttale mendi lasterketa taldeko kide da Iñaki Pikabea. Agerra mendi taldearen barnean sortutako proiektua da, baina bide propioa egin du. Berako mendi lasterketa eta Berako bestetako gaueko krosa antolatzen ditu, bertzeak bertze. Saralegi, Zubieta eta Pikabea ere taldeko kide ziren. Berako mendi lasterketaren hirugarren edizioa prestatzen ari ziren heriotzak mendian harrapatu zituenean. Sona handiko talde bilakatu da Berakoa mendi lasterketen esparruan. Emakume talde bat ere badu, eta, harrobia lantzeko, haurrena ere bai. “Afizio handia bada; bertzela harremanik izanen ez zuen jendeak bat egin du, gainera, eta hori hagitz polita da”.
Aurtengo Mendi Egunaren bidez, halere, duela hamar urte hildako mendizaleen hasierako urratsak gogoratu nahi ditu Manttalek, batez ere; hasierako txangoak eta mendi irteerak. “Hasierako giro hori berreskuratu nahi izan dugu; mendia, lehen bizi genuen bezala”, erran du Pikabeak.
Asteburuan, hain zuzen, Berako bazterrak ezagutzeko aukera izanen dute parte hartzaileek, eta Mendi Egunerako prestatutako egitarautik kanpo ere, inguruko mendietan gozatzeko txangoak antolatzen hasi dira Manttalekoak, berriz ere. Lasterketek, erlojupeko igoerek eta eskaladak ere, halere, izanen dute tokia biharko eta etziko prestatutako ekitaldien artean. Denek parte hartzeko aukera izatea helburutzat hartu dute Manttaleko kideek, gainera, eta, iaz bezala, aurten ere, dibertsitate funtzionala duten haurrek izanen dute eskalada ikastaroan aritzeko aukera. “Iaz, 6-8 ume aritu ziren, eta hagitz gustura”.
Edurne Pasabanekin
Eskarmentu handiko mendizaleak ziren Zubieta, Pikabea eta Saralegi; mendizale zailduak alpinismoan, eskaladan, bai eta mendiko eskian ere. Pirinioetan eta Alpeetan trebatu ziren. Kilimanjaro mendia 18 urterekin igo zuen Pikabeak. Andeetako mendiak ere ezagunak zituen. 1997. urtean, Peruko Mendikate Zurian izan zen, Zubieta lehengusuarekin batera. “Ni ere hasi naiz eskalatzen, eta maiatzean izan nintzen Perun, haiek ezagutu zuten Mendikate Zurian”, azaldu du Iñaki Pikabeak.
Himalaiarako jauzia izan zuten hurrengo urratsa, eta, 1999an, Gasherbrum II-a (8.035 metro) igo zuten bi lehengusuek. Sisha Pangma igotzen saiatu zen Pikabea, 2006an. Edurne Pasaban mendizalearekin aritu zen urte hartan. Bortzirietako hiru gazteak zendu zirenean ere, haiekin zen tolosarra. Pasabanek Asier Izagirre izan zuen soka lagun egun hartan. “Nire bizitzako momenturik txarrenetako bat aukeratu beharko banu, horixe izango zen. Himalaian hainbeste ibili, eta etxe ondoan gertatu zait istripurik larriena, Pirinioetan”, nabarmendu du mendizaleak.
Aitortu du halako istripuak gertatzen direnean “gauza asko” pasatzen direla burutik. “Baina aurrera egin behar da. Jendeak, askotan, ez du ulertzen nola garen gai mendira itzultzeko. Baina hau da gure bizitza; hau da gure pasioa. Aurrera egiteko behar duzun indarra, finean, joan direnek ematen dizute. Ziur naiz Xabik, Lorok eta Zubik ere gauza bera egin izango zutela”.
Bortzirietako mendizaleak hil zirenean, hamalau 8.000koak amaitzeko proiektua hasten ari zen Edurne Pasaban. “Nire taldean ziren; istripua gertatu izan ez balitz, nirekin izango ziren. Proiektu horretan, momentu txarrenetan, haiek izan ditut gogoan beti; haiei eskatu diet laguntza. Nire egunerokoan oso presente ditut hirurak”, erran du, emozioz.
Mendia gozatzeko egunak izanen dira hurrengoak Beran, baina baita Taillonen hildako mendizaleak gogoratzekoak ere. Bortzirietako mendiak izan ziren Zubietak, Pikabeak eta Saralegik zapaldutako lehendabizikoak, eta haien hasierako urratsak omenduko dituzte lagun eta senideek. Mendian. Mendiaz gozatuz.