Denak eguraldiaz ari dira, gu ez”, zioen hasieran ferrokarril-kanpaina batek, gero ezkerreko ikasleen sindikatu batek, azkenik Hedoi Etxartek. Eguraldiaz mintzatzearen kontrako jarrera lehenagotik dator, dena den. Oscar Wildek Fidel izan beharraz antzezlanean Gwendolen pertsonaia azkar, distirant eta eskarmentudunari atera eta lehen esaldian zera esanarazten dio: “Otoi, ez niri eguraldiaz hitz egin, Mr. Worthing. Jendeak eguraldiaz hitz egiten didan bakoitzean beste zerbait adierazi nahi duela iruditzen zait. Eta horrek oso urduri jartzen nau”.
Niri gero eta gehiago gustatzen zait eguraldiaz hitz egitea, zahartzearen albo-ondorioetako bat izango dela susmatzen dut. Auzokideekin atarian edo igogailuan elkartzeari gehienetan ihes egiten diedan arren —oraindik ez naiz hainbeste ere zahartu—, haiekin edo ezezagunekin suertatzen naizenetan, jada ez naiz —hain— deseroso egoten eta lotsagabe ekiten diot atmosferako gertakariei, lehen, orain edota gerokoei, errepasatzeari. Hizkuntzaren funtzio fatikoa delakoaren garrantziaz jabetzea izan daiteke adinak ematen duen irakaspenetarik bakarra. Nik batzuetan esperimentuak egiten ditut hitz aspertu hauen mugekin. Luzera neurtuz, esaterako, halako solasa bat luzatu eta luzatuz bestea deseroso sentiarazi arte. Edo edukiak aztertuz. Esaterako, norbaitek “ba, ematen du freskatzen hasi dela” bota, eta nik baieztatzeko tonuarekin justu kontrakoa esan sistematikoki: “Bai, orain beroago dago”, edo ustez zerbait desegokiaz erantzun: “Bai, eta badirudi Palestinari berriz eraso diola Israelek”, edo bestearen esaldiarekin errimatzen duena zerbait bota nik “bai, ezin egokiagoa orain franela”. Egiaztatu dut ia berdin duela zer diozun.
Agian gurekin ere holako esperimentu bat egiten ari dira komunikabideetako arduradunak. Eguraldiaren espazioa handituz doa, denbora batetik hona. Eguraldia teleberrietatik independizatu zuten —antza, iragarkiak tartean sartu ahal izateko—, baina ezkutuan informatiboetara itzuli da. Diskrezioz hasieran, lotsagabe azkenaldian. Bero sapak ireki dezake informatibo bat, elurte bat iritsi daiteke egunkariko portadara —argazkiak batzuetan zinez dira ederrak—, eskuineko orrialdetako notizia zabal bat eguraldiaren iragarpena izan daiteke “hurrengo asteartetik aurrera 24 gradura jaitsiko da tenperatura”.
Lagunartean ere udaberria iristen ez delako kexua maiz erabiltzen dute. Whatssapera maiz bidaltzen dituzte, oraingoz bromazko tonuan, Iruñea eta Mordor lotzen dituzten irudi manipulatuak. “Euskal uda” instalatzen ezin den ordenagailuko programa dela iradokitzen duen txiste irudizkoa zehazki zazpi aldiz bidali didate, baita beren burua euskalduntzat ez daukaten lagun nafarrek ere. Kezkatzen hasita nago.