“Nahiz eta antzezlana ero xamarra izan, ikusten da gogoetarako haria dagoela”

BERRIAren hamargarren urteurrenaren harira, Zertarako hegoak antzezlana prestatu du Metrokoadroka Sormen Laborategiak. Oier Guillan (Errenteria, Gipuzkoa, 1975) arduratu da testuaz. Orain arte, antzezlanak harrera ona izan duela adierazi du Guillanek. Bihar, beste saio bat eskainiko dute, 20:00etan, Atarrabiako Kultur Etxean.

Zertarako hegoak antzezlaneko gidoiaz arduratu zara. Nola egin duzue BERRIAren 10 urteurrenaren harira jasotako enkargua?

BERRIAk jakinarazi zigun hamargarren urteurrenaren harira ospakizun bat egin nahi zutela eta kultur bira forma eman nahi ziotela ospakizunari. Uda aurretik izan zen hori. Sormenaren alde egin nahi zuten nabarmen. Hau da, ez zuten enkarguzko lan itxi bat egitea nahi. Parte hartzen genuenok gure lan dinamikaren barruan sortzea nahi zuten. Guretzat, proposamena oso erakargarria izan zen alde horretatik. Alde batetik, erronka izan zen guretzat. Bestetik, askatasun handia eman ziguten sormenerako. Planteatu ziguten komunitatearen ideia eta lagundu duen jende horren guztiaren garrantzia. Horri heldu diogu gure proiektua egiterakoan. Prozesua aktore lanetik abiatu dugu. Inprobisazioen bitartez, gaiak landu eta sortzen zenari forma eman diogu. Nire kasuan, hitzari forma emateaz arduratu naiz.

Urteurrenaren harira jasotako enkargua gauzatzerakoan zailtasun berezirik izan duzue?

Guk oso gutxitan egiten dugu lana enkarguz. Etengabe proiektuak sortzen aritzen gara. Inguruko taldeekin kolaboratzen dugu. Ez genion inoiz horrelako erronka bati aurre egin. Egia esan, ez dugu beharrik sentitu ere horrelako lanak egiteko. Baina, guk BERRIAko lana gertutik jarraitu dugu. Taldeko batzuk bertan egin izan dugu lan edo kolaboratzen aritu izan gara. Beraz, esan daiteke oso gertukoa dugula euskarazko egunkaria. Gure lanen berri ematerako orduan, euskara hutsean lan egiten dugun heinean, ezinbesteko aliatua da. Ardura handia sentitu dugu. Azken finean, BERRIA oso jende ezberdinetara heltzen da, eta denentzat baliagarri izango den lana egin nahi izan dugu. Era berean, ez dugu sormen askatasuna murriztu, ziur geundelako ez genuela asmatuko.

Nolakoa izan da Zertarako hegoak antzezlanaren harrera?

Umore puntua du. Ez da publiko zabalarentzat egiten saiatu garen obra. Gainera, ez da publiko zabala ohituta dagoen antzerki mota Zertarako hegoak. Gero eta halako lan gehiago egiten dira. Beraz, asmatzeko faktore asko zeuden. Egia esan, oso harrera ona izan du. Ikusleek oso ondo pasatzen dute. Era berean, hausnarketarako bidea ematen du. Nahiz eta ondo pasatzeko aukera eskaini eta ero xamarra izan, ikusten da gogoetarako haria dagoela.

Metrokoadroka Sormen Laborategiko kide zara. Nola definituko zenuke taldea?

Hainbat arte adierazpenen artean sortutako plataforma bat da Metrokoadroka Sormen Laborategia. Elkarlanerako sarea osatu dugu, edozeinek duen proiektua gauzatu ahal izateko aukera: liburu bat, erakusketa bat. Ez diogu konpainia edo taldea garenik, saiatu izan garelako horrelako ereduak jorratzen eta ikusi dugulako oso zaila dela, besteak beste merkatua ez dagoelako bideratua sormena eta sortzailea laguntzeko. Ez gara talde edo konpainia eredu finko bat. Proiektuek lotzen gaituzte eta adierazpen artistikoen bilgune ere bada. Sormen aldetik, arriskuak hartzen ditugu, eta kaos antolatu batean egiten dugu lan. Hori da gure lan egiteko modua.