5/8 konpasa

Iruñeko musika-eskola batean irakasleak hasiera emango dio hirugarren ebaluazioko saio bati.

—Arratsalde on, guztioi. Gaur 5/8 konpasa hasiko gara lantzen. 5/8 konpas hau amalgama-konpasa da iraupen desberdineko hiru zati dituelako: lehenengo zatia kortxeari dagokio eta gainontzeko biak beltzei. Ulertu duzue?

—…

—Ederki, segi dezagun. 5/8 amalgama-konpas honi zortziko deritzo.

—Barkatu, irakaslea, nola esan duzu duela izena konpasak?

—Zortziko.

—Aldatzen ahal diozu izena?

—Izena aldatzeko diozu?

—Bai, itzuli, gaztelaniaz esan.

—Ez, ez, hori du izena. Nola duzu zuk abizena, Vincent?

—Jauregui.

—Bada, zure abizena Jauregi den bezala eta ez Palacio, ezin diogu Zortzikoari izena aldatu. Segi dezagun: Euskal Herriko erritmoa da zortzikoa.

—Banengoen ba, ni! Euskal Herrikoa, baina ez Nafarroakoa!

—Tomas Garbizu musikagileak behin esan zuen berak zortziko flamenkoa konposa zezakeela; konpasa ez zela nahikoa, mamiak behar zuela izan euskalduna. Jarrai dezagun: Zortzikoa jotzeko ohiko musika-tresna txistua da, danbolina lagun duela.

—Irakasle, txistua ez da musika-tresna benetakoa.

—Sarasate handiaren Caprice Basque obraren zortzikoetan biolinek, armonikoen bitartez, txistuaren soinua imitatzen zuten. Gure eskolan ez al da txistua irakasten saxofoia edo pianoa bezalaxe? Baina, Vincent, ez al dituzu inoiz txistulariak ikusi edo txistua entzun sanferminetan?

—Ez, horrelakoetan gure aitak esaten du: tira, goazemak, heldu dituk betikoak-eta!