Mendira joatea eta naturaren soinuak entzutea plazera da Eloisa Matheurentzat (Bartzelona, Herrialde Katalanak, 1956). Biologoa da, eta urteak daramatza animalien soinuak grabatzen eta gizarteari erakusten. Asteburu honetan, Zilbetiko pagadian izanen da, eta hegaztien kantuei buruzko ikastaro bat emanen du.
Zer ikasiko dute parte hartzaileek?
Hegaztien kantuak ezagutzeko ikastaro praktiko bat izanen da. Mendira joanen gara, eta, bertan, hegaztiak entzunen ditugu. Lehenengo, entzuten ariko gara, eta, gero, aditzen ikasiko dugu. Oso ohikoa da hegazti baten kantua ahaztea, eta, hori ez gertatzeko, garrantzitsua da ongi erreparatzea kantu bakoitzari, memorian gordetzeko eta ondoren gogoratzeko. Hegaztiak aditu ondoren, ikasgelan, grabazioak adituko ditugu. Mendian zer aditu dugun ulertuko dugu horrela.
Zein hegazti motaren kantuak entzuten dira Zilbetin?
Zilbetiko pagadian, basoko hegaztiak daude, gehienbat. Okil gibelnabarra dago, eta oso espezie interesgarria da, bakarrik inguru jakin batzuetan bizi delako. Horretaz gain, gerri txoriak, lepitzuliak, buztanluzeak eta kaskabeltzak adituko ditugu. Dena den, eguna iritsi arte, ez dakigu zer aurkituko dugun pagadian.
Eguneko zein momentu da onena kantuak aditzeko?
Dudarik gabe, egunsentia eta hurrengo bi edo hiru orduak dira egokienak, momentu horretan abesten dutelako gehien. Baita iluntzean ere, nahiz eta hainbeste ez kantatu. Gainera, udaberria da sasoirik onena, orduan ugaltzen direlako. Neguan mututu egiten dira hegazti gehienak.
Zergatik kantatzen dute?
Haien komunikatzeko era da. Arrek, adibidez, beren lurraldea babesteko eta emeak erakartzeko kantatzen dute. Kantuen bitartez, informazioa ematen diete emeei; haien adina, esperientzia eta desioa, besteak beste. Ikerketetan ateratako ondorioak dira. Gainera, orain arte gutxi aztertu da, baliabiderik ez zegoelako. Beraz, oraindik txorien kantuen inguruan ez dugu dena ezagutzen. Orain izaten ari da goraldia. Nik animalien soinuak grabatzen ditut, eta ondare gisa gordetzen ditut, gerora gizartean hedatzeko.
Zein da teknikarik egokiena hegaztia haren kantarekin erlazionatzeko?
Aditzea eta kantu bakoitzaren parametroetan —tonua, intentsitatea eta erritmoa, adibidez— erreparatzea. Zerbaitek atentzioa eman badizu, horrekin gelditzea eta memorizatzen saiatzea. Izan daiteke kanta motela izateagatik edo oso zorrotza izateagatik. Mendian kantuak aditzen ditugu, baina hor ez da gure lana bukatzen: aditutakoaren gainean lan egiten dugu. Gainera, hegazti batzuen kantuek lan gehiago eskatzen dute, zailagoak direlako. Aldi baterako, ikusmenaz ahaztu, eta gure entzumenean arreta jarri behar dugu. Azken finean, hegaztien kantuak naturaren kontzertuak dira, eta haiek aditzen ikasi behar dugu.
Zer behar du paisaia batek aditzeko egokia izan dadin?
Elementu guztiak eraldatu gabe eta harmonian egotea. Hau da, ez egotea ezer soberan, ezta ezer faltan ere. Kutsadura izan daiteke elementu kaltegarri bat, eta baita bertakoak ez diren espezieak ere. Baina mendian hegaztiak entzutea gozamena da; jarduera erabat baikorra eta aberatsa da. Egun, ez digute soinuak aditzen irakasten, baina ahalegin hori egin behar dugu. Mundu erabat bisualean bizi gara, eta natura sumatzeko modu ona da kantuak aditzea.
Harrobia egin nahi dute Zilbetin, eta horrek arriskuan jarriko ditu pagadian bizi diren espezie guztiak.
Bai, horrela da. Ikastaro hau antolatzeko arrazoietako bat hori izan da. Zilbetiko egoera aditzera ematea eta, era berean, tokia ezagutzea. Interes handiko lekua da Zilbetiko pagadia, eta harrobiak kalte eginen dio zentzu guztietan. Dagoen lasaitasuna eta bakea hautsiko du, eta erabat aldatuko du bizitza.