II. Berdintasun Plana martxan jartzeko lehenengo pausoak eman ditu Atarrabiako Udalak. Uztailera arte plana lantzen arituko dira, eta herritarren partaidetza “ezinbestekoa” dela uste dute. Herriko bizilagunen iritzia kontuan hartu nahi dute, eta bilera irekia antolatu dute horretarako. Maiatzaren 22an izanen da, 19:00etan, kultur etxean. Horretaz gain, planak ezintasun funtzionala duten emakumeak kontuan hartuko ditu, eta ezintasuna duten pertsonentzat Nafarroan aitzindaria izanen da Atarrabiako II. Berdintasun Plana.
“Berdintasunaren alde lan egitea ez da gastua, inbertsioa baizik; lanpostuak sortzen ditu”, argi du Fatima Frutos Atarrabiako Udaleko Berdintasun teknikariak. Planaren ildoak zehaztuak dituzte, eta, besteak beste, berdintasun planak herritarren arteko berdintasuna, erantzunkidetasuna eta indarkeriaren prebentzioa landuko ditu. Hilabete honetan, herritarrekin, herriko elkarteekin eta eragileekin bilduko dira. Guztien ekarpenak eta proposamenak jaso nahi dituzte. “Herriarentzat lan tresna izanen da plana, eta herritarren iritzia jaso nahi dugu”, azaldu du Frutosek. Planak bere gain hartuko dituen gaiak herritarrekin partekatuko dituzte. Bost izanen dira gai nagusiak: Administrazioa eta Hirigintza, Lokala, Kultura eta Gazteria, Gizarte Zerbitzuak eta Kirola, eta Herri Partaidetza eta Elkarteak.
Bost urteko iraupena izanen du planak, eta uztailean aurkeztuko dute. Testuinguru “berezi batean” egin dutela adierazi du Frutosek, krisi garaian, eta azpimarratu du Atarrabiak berdintasun eta kontziliazioaren alde apustu egiten jarraitzen duela, murrizketa handiak izan arren. Gainera, jakinarazi duenez, Atarrabiako II. Berdintasun Planak kontuan hartuko ditu ezintasun funtzionala duten emakumeak. Hortaz, ezintasun funtzionala duten Atarrabiako emakumeei laguntzea izanen da xedea, “bizitzaren kalitatean, lanean eta osasunean lagunduz”.
Equala aholkularitza enpresaren laguntza izanen dute udaleko kideek plana aurrera ateratzeko. Prozesu osoan parte hartuko dute, eta, Zaloa Basabe enpresako kideak adierazi duenez, elebiduna izanen da proiektua osoa.
Jubiloteka eta Berdinketa
Zaharrentzako ludoteka da Jubiloteka, eta Atarrabiako I. Berdintasun Plana sortu zutenean jarri zuten martxan. Denbora batez itxita egon ondoren, joan den maiatzaren 2an berriz ireki zuten. Frutosek azpimarratu duenez, zerbitzu honek menpeko pertsonak dituzten familien harremanak erraztea du helburu, eta, gainera, programak herriko bi emakumerentzako lanpostuak sortu ditu.
Heldu den ikasturtean, gainera, Berdinketa zerbitzua jarriko dute martxan. 6 eta 12 urte bitarteko umeentzako zerbitzu elebiduna izanen da, eta haurrak berdintasunean heztea du helburu. Hortaz, joko ez-sexistak eta ipuin tailerrak eginen dituzte, besteak beste. Izena aurretik emateko epea ekainaren 12tik 26ra izanen da. Zerbitzu horrek ere lanpostuak sortuko ditu herrian, eta, Frutosen arabera, lau monitorek gidatuko dute Berdinteka.