“Gobernuak orain du aukera kontratua hausteko eta herriaren nahia asetzeko”

Herriaren borondatea betetzea. Hori nahi du Iñaki Zabaletak (Leitza, 1984), Maxurrenea Herrintzat plataformako kideak; gaur egun Leitzako Guardia Zibilaren kuartela dena herritarren esku geratzea. Kultur erabilpena eman nahi diote. Orain, Nafarroako Gobernua da etxearen jabea, eta Espainiako Gobernuari alokatu zion, aurreko jabearen erabilpen baldintzak bete gabe. Duela hamar urte izan zen hori, eta, gaur egun, Leitzako herritarrek uste etxea berreskuratzeko aukera dagoela.

Zergatik izan behar du herriarena Maxurreneak?

Bikote batek erosi zuen etxea, eta Leitzako fundazio bati, Amazabali, eman zion, herriaren beharrak asetzeko eta kultur eta heziketa jarduerak egiteko hor. Fundazioa desegin zenean Maxurrenea Nafarroako Gobernuaren esku geratu zen, aurreko baldintza berekin. Baina gobernuak ez zituen baldintzak bete, eta Espainiako Gobernuari alokatu zion Guardia Zibilaren kuartela jartzeko. Orain dela hamar urte izan zen hori, 2003an, eta gobernuak 15 urteko kontratua sinatu zuen. Hala ere, hamar urteren ondoren, gobernuak kontratu hori eten dezake inolako kalte ordainik gabe. Urrian beteko dira hamar urteak, eta orduan eska daiteke etxea itzultzeko. Guk, herri talde bat garen heinean, jarraituko dugu lanean.

Nafarroako Gobernuak etxeari hainbat erabilera ematea kontuan izan zuen, baina azkenean ez zituen baldintzak bete. Zergatik?

Urte horretan bertan lehenago zegoen kuartelaren alokairua amaitzen zen. 100 urteko kontratua zuen, eta amaitu zenean, aukera aprobetxatu zuen gobernuak eta Maxurrenea alokatu zion Espainiako Gobernuari kuartela egin zezan.

Aurten aukera ikusten duzue etxea berreskuratzeko?

Etxeak leitzarren esku egon behar du, Leitzako herriak nahi duena egiteko. Dena den, auzi honetan azken erabakia Nafarroako Gobernuak du. Borondate kontua da. Orain du aukera kontratu hori hausteko eta herriaren borondatea asetzeko. Nafarroako Gobernuari bilera eskatu diogu, gure asmoak azaltzeko; izan ere, badakigu borrokatu gabe ez dugula ezer lortuko.

Joan den astean agerraldia egin zenuten Nafarroako Parlamentuan. Zer balorazio egiten duzue?

Joan den asteazkenean izan ginen parlamentuko lan batzordean. Gure asmoak azaldu genizkien alderdiei guztiei, eta, PPNk izan ezik, beste alderdi guztiek bat egin zuten gurekin, eta gure eskaera kontuan hartu zuten. PPNko Eloy Villanuevak bakarrik esan zuena Maxurreneak gaur egun duen erabilera egokia dela eta bere horretan jarraitu behar duela. Beste alderdiek esan zuten, berriz, Leitzan kultura eta heziketa sustatzeko lekurik ez dagoela eta Maxurrenea leku egokia dela. UPNk eta PSNk gure eskaera kontuan hartu zuten, baina adierazi zuten herriak Maxurrenea eskuratzen baldin badu Guardia Zibilaren kuartelari beste leku bat bilatu beharko zaiola.

Behin baino gehiagotan eskatu duzue Maxurrenea herriarentzat izan dadila.

Nafarroako Gobernuak kontratua egin zuenean herria aurka azaldu zen; mobilizazio ugari egin genituen. Argi geratu da azkeneko hamar urteetan herriaren borondatea zein izan den, eta, aurten, hamar urte bete direnez gero, beste bultzadatxo bat ematea nahi dugu. Leitzako 30 eragile sozialen babesa dugu, eta sinadura bilketa martxan jarri dugu, adibidez. Herriaren nahia beti izan da etxe hori Guardia Zibilaren kuartela ez izatea.

Zer beste erabilpen emanen dio herriak Maxurreneari?

Etxe horren baldintzetan jartzen du erabilpena kulturala izan behar duela, eta, beraz, horrela izanen da. Gu, dena den, herri talde bat garen heinean, ez gara inor esateko etxe horri zer erabilera eman behar zaion. Herriaren erabakia izan behar du.