Lohizune Amatria
Une ederrak pasatu ditut azken bi hilabeteotan Youtuben. Bai, bideoak ikusten aritu naiz. Gustukoa nuen youtuber bat aurkitu nuelako; edo, beharbada, youtuberrak ni aurkitu ninduelako. Bolo-bolo dabilen moda da kamera baten aurrean beren bizitza partekatzen duten pertsonen bideoak kontsumitzea, hain zuzen ere. Iazko abenduan, baina, harrapatu egin ninduen moda horrek.
Ezker Abertzalearen inguruko iritzia euskaraz eta modu dibertigarri eta entretenigarrian azaldu duen SuperTxope izan da youtuberren mundura gerturatu nauena. Gerturatu eta urrundu, hobeki esanda. Honezkero gehienek jakingo duzuen bezala, Sortu alderdiak sortutako “apustu estrategikoa” izan da Youtubeko kanal hori. Hala azaldu zuen SuperTxopek berak, Idoia Txoperenak, alegia, sarera igotako azkeneko bideoan.
Beste sare sozial batean irakurri nuen notizia. Eta triste jarri nintzen, haserretu ere egin nintzela esango nuke. “Gezurra al da ordura arteko bideo guztietan esandakoa? Aktore bat al da SuperTxope?”, galdegin nion neure buruari.
Youtuberrak esandako gauza askorekin ados nago, modu ironikoan esaten zituen gehienak, umorea baliatuta. Identifikatu nintzen horrekin. Azkeneko bideoarekin, baina, ilusioa galdu nuen. Sortu fidagarri ez dela sentitu nuen. Harrigarria da, gainera, esanahia ere galtzen duten hitz potoloz betatako diskurtsoen inguruko bideo bat egin ondoren, halako mezu batekin agur esatea. 40 hitz baino gehiago dituen esaldi batekin kontatu zuen Txoperenak Sortu bere bideoen atzean zegoela.
Esaldia jartzekotan egon naiz, baina mardulegia izanen dela iruditu zait. Ideia bat egiteko, esaldiak dio “taxuera asimetrikodun diskurtso” bati jarraiki, “Euskal Herriaren askapen mugimenduari bultzada emateko behar den umorea giltzarri izango duelakoan”, youtuber bat plazaratzea erabaki dutela. Aitortzen dut, ez dut lortu labur kontatzen.
Lagunekin ikusi eta irakurritakoa komentatu nuen handik egun gutxitara. “SuperTxopek papera atera eta diskurtsoa irakurtzean broma bat zela pentsatu nuen”, esan zuen lagunetako batek. Baina ez da txantxa. Ikasi ahal dugu zerbait?
Youtubeko bideoak egiazkoak zirelakoan ikusi genituen. Eta ez naiz ni nor Interneteko komunikazioa nola eman behar den esateko, baina duela gutxi irakurri nuen “gardentasuna” eta “egiazkotasuna” terminoen garrantziaz. Henry Jenkins, Sam Ford eta Joshua Green komunikazio adituen arabera, funtsezkoak dira bi ezaugarri horiek egungo komunikazio ereduan, transakzioan parte hartzen dutenen arteko konfiantza sortzen laguntzen dutelako, hain zuzen. Astroturf edo astroturfing du izena Sortuk egindakoak. Erakundeek irabazi asmorik gabeko bezero, kritiko edo fan baten rola hartzen dute, eta ez dira guztiz gardenak sarean egiten dutenarekin.
Tristeziaz idatzi ditut lerro hauek. Youtuberraren atzetik alderdi bat zegoela jakitean ez nuelako sinetsi nahi. Uste dut bazegoela gauzak beste era batera egiterik. Lagunen arteko solasaldi horretan hau otu zitzaion bati: “Bideo bakoitzaren amaieran Sorturen logoa jartzea baino ez zuten”. Eta ados nago. Beste modu batera jasoko genituzke bideoak, argi eta garbi, baina amaierako sentimendua, aldi berean, beste bat izango litzateke. Sentimendu hobea izango litzateke, nire ustez.