Ijito batzuentzat ikastea eginbeharra da, eta ez eskubidea. Toño Jimenezek (Lizarra, 1993) ikasketak jarraitu nahi zituen, eta ez zuen atseden hartu lortu arte. Egun, Nafarroako Unibertsitateko Kazetaritza ikaslea da. Lehenengo mailan dago, eta pozik dago ikasturtean egindako lanarekin. Ez da oso ohikoa ijitoak unibertsitatera joatea, baina Jimenezek bere familia eta lagunen babes osoa jaso du. Egunero egiten du Lizarrara joan-etorria.
Betidanik argi izan duzu ikasten jarraitu nahi zenuela?
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailan hasi nintzen etorkizunean pentsatzen. Kazetaritza ikasi nahi nuen, baina arazo ekonomikoak direla eta, Lanbide Heziketan izena ematea pentsatu nuen. Hala ere, azkenean finantzaketa lortu dut, eta, egun, egin nahi nuena egiten ari naiz: kazetaritza ikasi.
Zure familiak babes osoa eman dizu ikasten jarraitzeko?
Bai, hala da. Babes osoa jaso dut, eta animatu naute nik nahi dudana egiteko.
Ez da oso ohikoa zure kasua. Ijito gehienek ez dituzte ikasketak amaitzen. Zergatik?
Egia esan, ez dakit, baina ikasten jarraitzeko eragin handia du familiak. Baita klaseko lagunek eta irakasleek ere. Nik, adibidez, ez dut inolako arazorik izan unibertsitatean, ez irakasleekin ezta ikasleekin ere. Oso ongi hartu naute.
Lagunak animatzen dituzu ikasten jarraitzeko?
Bai, beti esaten diet, baina ez didate kasurik egiten. Hala ere, orain Lizarrako gazte asko ari dira ikasten. Ikasketak utzi zituzten, baina krisiarekin konturatu dira ez dutela lan egiteko aukerarik eta tituluren bat behar dutela lana bilatzeko.
Kazetaria izanen zara. Nola tratatzen dituzte gaur egungo hedabideek ijitoen inguruko berriak?
Nire ustez, gaia ez da oso ongi lantzen. Aurrekoan eskolarako diskurtso bat prestatu nuen gai honen inguruan. Hedabideek indar handia dute estereotipoak finkatzeko, eta horrela agertzen dira askotan ijitoen inguruko albisteak. Hedabideek ijitoen gutxiengo batek egiten duena erakusten dute askotan. Hala ere, zaila da horri aurre egitea.
Adibidez, Nafarroako Ijitoen Idazkaritza Fundazioak kazetarientzako liburuki bat atera zuen, gaia egoki jorratzeko.
Bai, horrelakoak behar ditugu gaiak ongi lantzeko eta estereotipoak hausteko. Bestetik, aurreiritziak ere alde batera utzi behar ditugu.