“Errugbilari onak izateko, gazteak behar ditugu; Nafarroan kalitate ona dago”

Penarekin, baina aurrera jarraitzeko gogoz azaldu da Onintza Mokoroa emakumeen La Unica errugbi taldeko jokalaria (Donostia, 1978). Joan den igandean ezin izan zioten Gironako GEiEG taldeari aurre egin, eta hortaz, ez dira Espainiako Ohorezko Mailarako sailkatu. Dena den, denboraldi ezin hobea egin dute La Unica taldeko emakumeek eta gogor ekinen diote hurrengo denboraldiari.

Gogorra izan zen GEiEG Gironako taldearen aurka egin zenuten partida?

Bagenekien oso zaila izanen zela, ilusioz beterik geunden, baina ez genuen lortu. GEiEGko emakumeak ohituta daude Ohorezko Mailan jokatzera eta gu ez. Ez dugu erritmo hori sekula ezagutu; lasaiago jokatzen dugu. Dena oso azkar zihoan. Dena den, kostatu zitzaien irabaztea; ez zen partida erraza izan eta gure helburua lortu dugu: hara iristea.

Denboraldi osoan ondo aritu zarete.

Lau urteko lana izan da, eta urte hauetan guztietan egindakoak emaitzak izan ditu. Denboraldia amaitu da, baina jarraituko dugu jokatzen. Errugbi 7-ko txapelketak dira orain, eta oso gustura jokatzen ditugu horrelako partidak. Ez dira hain serioak, baina gogoz hartzen ditugu. Azken finean, Euskal Ligan jokatzeak konpromiso handia eskatzen du. Horretaz gain, orain emakume gehiago bildu nahi ditugu, hurrengo denboraldian errugbian jokatzeko.

Asko entrenatzen zarete?

Aurten bai, asko entrenatu gara. Aukera onak izan ditugu, eta gehiago prestatu ditugu lan saioak. Arazurin entrenatzen gara, astean hiru aldiz, eta horretaz gain, aurten lortu dugu Nafarroako kirolarientzako errendimendu handiko zentroa erabiltzea. Azken finean, indartsu egon behar dugu errugbian jokatzeko, eta beharrezkoa da gimnasioa.

Zenbatek osatzen duzue taldea?

25 emakumek osatzen dugu taldea. Zailena jokalariak aurkitzea da. Oraindik kirol gutxitua da errugbia, eta ez da erraza emakumeak animatzea. Maila onera iristeak ezagutarazi gaitu, eta espero dugu emakume gehiagok parte hartzea.

Dena den, oraindik emakumeen errugbia itzalean dagoela uste duzu?

Bai, kirol hau gehiago ezagutarazi behar dugu. Nahiko ospe txarra du errugbiak, baina ez du horrela izan behar. Taldean lantzen ditugun balioak oso garrantzitsuak dira. Konfiantza, errespetua, elkarlana eta erronka txikiak gainditzeko gaitasunak lantzen ditugu. Errugbian, bakarrik ezin da ezer egin, besteak behar dira. Gure taldean asko nabaritzen dira balio hauek. 25 emakume gara, talde handia, baina denak bat gara, eta hori oso zaila da lortzea. Oso giro ona eta indartsua dugu. Ilusio handia egiten digu jendea ikustera etortzeak, eta bakarrik ez gaudela jakiteak animatzen gaitu.

Zer-nolako egoera du Nafarroan emakumeen errugbiak?

Kalitate ona dago, gero eta emakume gazte gehiago animatzen dira jokatzera, eta hori eskertzekoa da. Indartsu eta gogotsu datoz, gainera. Beraz, errugbiak etorkizuna du Nafarroan. Oso jokalari onak egon dira beti hemen: Saioa Jaurena, adibidez. Leku guztietan bezala, hemen dirua falta da azpiegitura egokiak sortzeko, baina egin dugun ibilbidearekin zerbait lortu dugu. Errugbi jokalari onak izateko, gazteak behar ditugu. La Unicak baditu emakumeen talde gazteak, adibidez. Kontua da gazteak 16 urterekin senior kategorietara igarotzen direla, eta hortaz, aniztasun handiko taldeak sortzen dira: helduak eta gazteak, elkarrekin.

Zein izanen da zuen helburua hurrengo denboraldian?

Joan den igandeko partida amaitu genuenean argi esan genuen: heldu den urtean nahitaez lortuko dugu Ohorezko Mailara igotzea. Dagoeneko esperientzia hartu dugu, eta badakigu noren eta zeren kontra jokatu beharko dugun. Lortzeko errazagoa izanen da.