Edurne Elizondo
Zigarro itzali bat ahoan duela ailegatu da Giovanni Levi Katakrak liburu dendara (Milan, Italia, 1939). Ahozko historia jorratzeko saioan parte hartzeko egin du bat Laura Benadibarekin, baina onartu du memoriak mugak badituela. Ohartu gabe, halaber, manipulatuta dagoela.
Gerra garaian jaio zinen, familia judu batean. Izan zuen orduko giroak eragina historialari izateko zure erabakian?
Lau urte nituenean egin zidan Poliziak lehendabiziko fitxa, judu izateagatik. Familia antifaxista zen nirea, eta horrek eman zidan trebakuntza politikoa. Nire aita espetxean izan zen, eta herentzia hori jaso nuen nik. Aita sozialismo liberaleko kide zen, Giustizia e liberta mugimendukoa. Horregatik izena dut nik Giovanni Levi, mugimendu horren izenaren lehen hizkiak ditut.
Aitaren eragina nabarmendu izan duzu beti.
Bai. Anitz eragin zidan. Baikorra zen beti. Hagitz baikorra. Haren karikatura bat dut: aita agertzen da, etxe suntsitu baten aurrean, ‘Ez dezagun dramarik egin’ erraten. Baina aita zoragarria izan zen. Autobiografia hagitz interesgarria idatzi zuen bere militantzia politikoari buruz.
Laura Benadibarekin batera aritu zara ahozko historiari buruz. Tresna indartsua izan daitekeela uste duzu?
Laurak nik baino gehiago nabarmentzen du tresna horrek izan dezakeen indarra. Balio duela ahaztuta eta isilpean gelditu diren sarraski eta indarkeriei buruz hitz egiteko. Baina nik uste dut ikuspuntu horrek muga anitz dituela. Adibidez, iraganeko kontuei buruzko lekukotasunak jasotzen ditugu, oraingo belaunaldiei ezagutarazteko, baina belaunaldi horiek bertze mota bateko imajinario bat dute, bertze gizarte batean bizi dira, eta horrek interpretaziorako arazoak ekartzen ditu. Memoria, gainera, aldatu egiten da. Arazo sotila da hori. Uste dut ez dugula hain baikor izan behar.
Hemen, urte luzez isilarazi dituzte frankismoaren errepresioaren ingurukoak.
Bai, eta horren berri ematea ona da. Baina jakin behar dugu lekukotasun horiek ez direla egia osoa, gizarteak baldintzatutako lekukotasunak dira. Nik, adibidez, bi anaia ditut. Hirurak hazi ginen testuinguru berean, baina gure haurtzaroaren berri idatzi beharko bagenu, bakoitzak historia bat azalduko luke, eta bertze biek pentsatuko lukete bertzeena ez zela egiazko kontakizuna. Memoria, ohartu gabe ere, manipulatuta dago. Nik, adibidez, gogoan dut 5-6 urte nituenean, nik ireki nuela atea Primo Levi lehengusua Auschwitzetik itzuli zenean. Haren etxean bizi ginen, gurea suntsitu zutelako. Egiatzat nuen oroitzapen hori, baina denborak aurrera egin ahala konturatu nintzen ezinezkoa zela, ez zela hala gertatu. Memoria konplexua da. Sotila.
Eta historia?
Memoria eta historia beti izan dira gauza ezberdinak, eta orain inoiz baino gehiago. Memoria norbanakoarena da, eta historiak testuinguru orokorra du buruan. Memoria orokorra. Adibidez, indarkeria sufritu duen talde bateko kideei elkarrizketa egiten badiezu, indarkeria horretaz hitz eginen dizute. Ez, ordea, taldeko kideen arteko gatazkei buruz. Eta ez da bere kideen arteko gatazkarik ez duen giza talderik. Hori aztertzea interesgarria litzateke, adibidez, ulertu ahal izateko ezkerra zergatik dagoen beti zatituta, ezkerra zergatik ez den gai bere barruan dauden gatazken arrazoiak aztertzeko.
Historiaren barnean, mikrohistoriaren ikuspuntua jorratu duzu, batez ere. Zergatik?
Historiak ez du orokortzen. Zuk elkarrizketa egiten badidazu niri, ezin duzu erran historialari guztiak ni bezalakoak direla. Baina historiak galderak orokortzen ditu. Horrek ez du erran nahi, hala ere, historiak berezitasunei eutsi behar ez dienik. Beraz, historiak galdera orokorrak egin behar ditu, eta eman behar ditu tokian tokiko erantzunak. Hori da mikrohistoria.
Zer uste duzu erranen dutela etorkizuneko historialariek egungo Europari buruz?
Beren buruaz bertze eginen dute.
Gerra garai batean jaio zinen, eta gatazka giroa dugu egun ere.
Oraingoa errealitate dramatikoa da. Mundu mailako drama batean bizi gara, eta ez dakigu nola atera zulo horretatik. Ez da gerra bat, baina gerra batek eragiten duen adina heriotz gertatzen dira. Milaka pertsona zendu dira Mediterraneo itsasoan, Sirian gertatzen ari dena ezin dugu ahaztu… hirugarren mundu gerra bat da. Goseak hiltzen ari da jendea, bizi itxaropenak behera egin du. Benetako drama bat da egungoa, baina gure politikariek ez dute erraten.
Egungo historialariek zerbait egin dezakete egungo testuinguru horretan eragiteko?
Historialariekin gertatzen da poetekin gertatzen den gauza bera, onak eta txarrak daudela. Historiak balio du gogoratzeko zein konplexua eta zein ederra den, aldi berean, gizateria. Historialarion lana da aurretik egin ez den gizakien inguruko galdera orokorra aurkitzea.
Bilaketa horretan murgilduta jarraitzen duzu zuk?
Nik galdera orokorrak ditut beti buruan; esanahi zehatzen inguruan dauden galdera orokorrak. Adibidez, zergatik sinplifikatu dugun hainbertze iragana, zergatik utzi dituen historiak bazter hainbat gatazka. Halako galderak jarri behar ditu historialariak mahai gainean.
Zer iritzi duzu egungo historialari gazteen lanari buruz?
Erantzun zabala behar du galdera horrek. Berlingo harresia behera bota eta gero, nahasmen handia sortu zen. Nahasmen handiko garaia da oraingoa ere. 30 urteotan pentsatu dugu historia amaitu egin zela, errealitatea eta egia ez direla existitzen. Hau gertatu da harresia bota izanak sortu zuelako oraindik ere maneiatzen ez dakigun mundu bat. Lehen elkar kontrolatzen zuten bi inperialismo genituen; orain, berriz, hamabost mikroinperialismo inguru ditugu: Errusia, AEB, baina baita Brasil, Argentina, India, Txina, Japonia edo Alemania ere. Oraingoa ez da erlatibismoez hitz egiteko garaia; berreraiki behar dugu gure borondatea egiez hitz egiteko; egia partzialak, baina egiak. Errealitatea existitzen baita. Hori baieztatzen ahal dizut.
Eskuin muturreko talde eta alderdien igoerak kezkatzen zaitu?
Beldurtzen nau horrek, baina gehiago beldurtzen nau ezkerraren ergelkeriak. Horrek anitz beldurtzen nau. Erraza da egin behar dena: berdintasuna behar dugu, aberastasunaren banaketa. Baina hori ezkerrarentzat ez da existitzen. Inolako interesik ez duten auzien inguruko eztabaidetan murgiltzen dira. Horrek eskuinari egiten dio mesede, eta gu egoera horren laguntzaile gara. Ez dira batere garai errazak gaur egungoak.