Eguzkiak berotu bezain pronto, suediarrak kalera irteten dira; eskuoihala eta ogitartekoa eskuan, hiriko lorategi guztiak betetzen dituzte eguzkia hartzeko. Argiaren beharra eta desioa dute”. Udaberria iritsi den arren oraindik hotz egiten duela azaldu du Estrella Rydmanek (Larraga, 1958). Baina, suediarrek bezala, eguzkiaren lehenengo argi izpiak aprobetxatzen ditu.
1979. urtean ezagutu zuen lehenengo aldiz Suedia. Lagun bat bisitatzera joan zen, eta atzerritarrentzat suediera ikasteko ikastaro batean eman zuen izena. “Orduan, hemengo institutu batean gaztelaniazko irakaslea izatea proposatu zidaten, eta hemen gelditu nintzen”. Urte eta erdiz egon zen, eta gero Nafarroara itzuli zen. Dena den, ez zuen harremanik galdu herrialdearekin, eta maiz joaten zen lagunak bisitatzera. 1984. urtean erabaki zuen “behin betiko” Suedian geratzea. Goteborgeko arte plastikoen eskola batean izena eman zuen, eta ikasten hasi zen.
Egun, artelanak egiten ditu, eta, catering negozio bat ere badu Rydmanek — www.izarcatering.com—. Bertan, besteak beste, pintxoak eskaintzen ditu. “Zazpi pintxo buffet diseinatzen ari naiz; herrialde bakoitzeko, bat”. 2005ean zabaldu zuen lokala Rydmanek: “Chef gisa lan egiten hasi nintzen, kasualitatez. Hasieran lagunentzat prestatzen nituen catering-ak, eta haiek gomendatuta lana aurkitu nuen. Gero, nire enpresa sortu nuen”. Pintxoak suediarrei asko gustatzen zaizkiela dio Rydmanek. Hala ere, haiek snittar-ak dituzte, eta nahiko antzekoak direla azaldu du.
Danimarkako eta Norvegiako sukaldaritzaren antza du Suediakoak. “Sinplea da, eta patatak, arraina eta azak beti erabiltzen ditugu”. Barazki fresko gutxi erabiltzen dituztela jakinarazi du Rydmanek. “Hala ere, ia denetarik dago, Gernikako piperrak izan ezik”.
Euskal komunitatea dago Suedian. Ehun lagun inguruk osatzen dute, eta Zazpiak Bat da taldearen izena. Stockholm hirian sortu zuten, eta bertan egin dituzte ekitaldi gehienak. “Lan handia egiten ari dira, baina ni oraindik ezin izan naiz ekitaldietara joan”. Goteborg urrun dago hiriburutik.
Gustura bizi da Rydman Suedian. Natura izugarri gustatzen zaio. Behin, baso batean zegoela, orein-handi batzuk gerturatu zitzaizkion. “Gelditu ginen, eta gugandik metro gutxira igaro ziren; harrigarria izan zen”. Basoak “dar-dar” egin zuela gogoan du Rydmanek. 120-150 kilo inguru pisatzen dute animaliek. Slottskogen parke erraldoiaren ondoan bizi da Rydman, Goteborg hiriaren erdialdean. “Ohikoa da etxetik ateratzea eta untxiak korrika ikustea edo ahate familia bat zure parean igarotzea. Lorategian sartzen bazara, oreinak daude”.
Hamaika adjektibo ditu Rydmanek suediarrak nolakoak diren azaltzeko. “Independenteak, neutralak, diplomatikoak, eskuzabalak, nobleak, errespetuz beteak, langileak, lotsatiak eta ederrak. Natura asko zaintzen dute, maite dute”. Eta naturarekin oso konprometituak direla dio.
Hainbeste urtez kanpoan bizi izan arren, urtero sanferminetara etortzen saiatzen da Rydman. Udan etorri ohi da Nafarroara, eta negua igarotzen du Suedian. Gogorra izaten da urtaroa, sei orduz baino ez dagoelako argia. Udan, aldiz, egunak 18 ordu irauten du. “Ohituta nago, baina eguzkia eta beroa desiatzen gaude”.