Leitzako Maxurrenea etxea herriari itzul diezaiotela eskatu du Maxurrenea Herrintzat elkarteak. Orain dela hamar urte, eraikina Guardia Zibilaren kuartel bihurtu zen, eta, gaur egun, herritarrek “aukera” ikusten dute eraikina berreskuratzeko. Udalak kultur etxea egin nahi du bertan, Maxurrenearen jabearen erabilpen baldintzak betez, baina Nafarroako Gobernuarena da eraikina, eta Espainiako Gobernuari alokatu zion. Maxurrenearen jabeak gobernuari etxea erabilpen kultural eta sozialetarako utzi arren, horrek ez zuen esandakoa bete, eta hori salatu dute herritarrek. Hala, Guardia Zibilaren etxea da 2003. urteaz geroztik. “Okupatu zuten, Leitzako herriak adierazitakoaren gainetik pasaturik”, kritikatu dute Maxurrenea Herrintzat elkarteko kideek.
Gaur egun Nafarroako Gobernuak alokairu kontratua atzera botatzeko “aukera” badagoela uste dute, eta, hortaz, datorren hilabeteetan hainbat ekintza eginen dituzte. “Nafarroako Parlamentura igorriko dugu gure nahia, eta talde politikoekin bilduko gara. Horretaz gain, herriaren babesa lortzeko sinadurak bilduko ditugu”, adierazi dute. Udalak kultur etxea egiteko asmoa du oraindik, eta Maxurrenea Herrintzat elkarteak “babes osoa” emanen dio eraikina itzultzeko eginen dituen urrats guztietan. Hamar urte hauetan bai udala baita elkartea ere saiatu dira eraikina berreskuratzen: “Makina bat ahalegin egin ditugu Maxurrenea herriari itzuli eta etxeari erabilpen kulturala emateko”.
Ibilbide luzeko etxea
Maxurrenea etxearen erabilerak ibilbide luzea izan du. 1975. urtean Jose Perurenak eta Victoria Larratek Amazabal herri elkarteari utzi zioten eraikina baldintza batzuekin: ikasle egoitza edo barnetegia izatea eta herriaren mesederako izatea. Hortaz, Maxurrenea bere egin zutenean ikasle egoitza izatea adostu zuten. Hiru urte geroago, Amazabal elkarteak Nafarroako Gobernuari eman zion Maxurrenea, haiek jasotako baldintzekin. Hau da, eraikinak erabilpen kulturala izatea eta Leitzako herritarren mesederako izatea. Hortaz, Nafarroako Hezkuntza Departamenduaren esku geratu zen Maxurrenea. 1998. urtean ikasle egoitza bertan behera gelditu zen, eta Leitzako Udalak Maxurrenea kultur etxea izateko lehenengo pausoak eman zituen. Zahar etxea edo museoa izatea ere egon ziren aukeren artean. Hala ere, Nafarroako Gobernuak “bere beharretarako” behar zuela erantzun zion udalari. Urte luzez egon zen Maxurrenea hutsik eta erabili gabe, eta udalak gobernuari etxea uzteko eskatu arren, inoiz ez zion eman.
2002. urtean Nafarroako Gobernuak Maxurrenea Espainiako Gobernuari alokatu zion bertan kuartel bat egin zezan. Leitzako herritarrak ados ez egon arren eta jabeak agindutako baldintzak bete ez arren, 2003ko abuztuan kuartel bilakatu zen Maxurrenea.