“Gazteen artean gaztelaniaz egiteko joera indartzen ari da, eta horrek kezkatzen gaitu”

Joan den larunbatetik Lesaka Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide berria da, Munitibar, Lekeitio, Tolosa eta Zarautz bezalaxe. Pozik agertu da Peio Etxabide (Lesaka, 1988). Euskaldunen hizkuntza eskubideetan aurrerapausoak emango direla ziur agertu da. Gainera, Uemako araudia abian jartzeko proiektua egiten hasita daudela jakinarazi du. Denera, 69 udalerri dira Uemako kide: batzuk txikiak, Lesaka, kasu; beste batzuk handiagoak dira, Tolosa eta Zarautz, esaterako.

Nola erabaki zenuten Uemako kide izatea?

Hauteskunde programaren bitartez jakinarazi genuen alkatetzara iritsiz gero Ueman sartuko ginela. Aukera hori suertatu zaigu, eta baliatu egin dugu. Euskararen normalizazioan lan handia dago oraindik egiteko, bai udal mailan, baita Nafarroako Gobernuarekin ditugun harremanetan ere. Zerbitzu anitz ditugu oraindik hobetzeko, baina ezinbertzekoa dela uste dugu euskal hiztunen eskubideak bermatzea.

Larunbatean Orion egindako bileran Uema indarberrituta irten zela jakinarazi zuten. Ados zaude?

Egia erran, gu Orion egindako batzarraren lehenengo zatian ez ginen izan, oraindik ez ginelako Uemako kide. Bigarren zatian parte hartu ahal izan genuen. Egia da mankomunitateko jendea pozik ikusten zela. Izan ere, herri handi xamarrak sartu dira txanda honetan. Nire iritziz, mankomunitatea indartuta dagoela errateko arrazoiak badira. Gainera, egin beharreko lana gogoz hartzen badugu, hobeki joanen da dena.

Nolakoa da euskararen egoera Lesakan?

Herri euskalduna da. Bortzirietako Euskara Mankomunitateak dituen datuen arabera, Lesakako biztanleriaren %80 inguru da euskalduna. Hala ere, gazte eta nerabeen artean gaztelaniaz hitz egiteko joera indartzen ari dira, eta horrek kezkatu egiten gaitu. Dena den, inguruko herrietan ere joera antzekoa dela iruditzen zait. Baina, orokorrean, Lesakan giro euskaldunean bizi gara.

Udalaren alorrean, zer aldaketa eragingo ditu?

Oraindik zehazteko dugu, baina, hasteko, plangintza bat egiten hasi gara. Beti ere, euskara poliki-poliki lehenestea izanen da helburu nagusia. Ezin izanen ditugu gauzak kolpetik aldatu, prozesu bat izanen delako. Hala ere, gure zeregina euskaraz mintzatzen direnen eskubideak bermatzea da; gaztelaniaz mintzatzen direnenak bermatuta daude gaur egun.

Berez, zein helburu dituzue epe motzean?

Gehienbat, udaletik antolatzen diren ekitaldi asko euskaraz egiten dira. Baina helburu nagusia administrazioan euskara indartzea izanen da. Oraindik ere, sarritan, gaztelaniaz funtzionatzen da, anitzetan hori gure akatsa ere bada. Horrez gain, Nafarroako Gobernua gurekin harremanetan jartzen denean, gaztelania hautatzen du, eta, beraz, hutsune nabarmena dago alor horretan ere.

Bortzirietako gainontzeko herriak ere Uemako kide dira.

Horrela da. Gu sartuta, Bortzirietako udal guztiak Uemako kide gara, eta nik uste dut horrek ere garrantzi handia duela. Eskualde mailan mankomunitateko kide izanda, batasuna eta indarra adierazteko bertze modu bat da.

Uemak, mankomunitate gisa, zer- nolako zerbitzuak eskaintzen dizkie udalei?

Egia da eskaintzen dituen zerbitzuak gizartearen gehiengoarentzat ezezagunak direla. Sartzeko erabakia hartu genuenean bilera dezente egin genituen, eta informatuz joan gara. Gehienbat, administrazioko paperak eta euskalduntzeko prozesua martxan jartzen laguntzen du, besteak beste. Laguntza hori gabe, lan hori aurrera eramatea zaila izanen zen guretzat. Sare bat sortu da Uemako kideen artean, eta gainontzeko udalerrietan egindako lana aprobetxatzeko aukera ere izanen dela iruditzen zait.