Kattalin Barber
Parlamentuan aurkeztu dute Iruñeko Zaharren Eskubideei Buruzko Adierazpena. Nafarroako Geriatria eta Gerontologia Elkarteak helburu du gizarteak zahartzaroari “beste begirada batekin” so egitea. Camino Osle da (Iruñea, 1944) erakunde horretako lehendakariordea.
Zein da Iruñeko Zaharren Eskubideei Buruzko Adierazpenaren helburua?
Joan den urtean elkarteak 25 urte bete zituen, eta antolatu genituen ekintzen artean bururatu zitzaigun adierazpena egitea. Gure erronkak biltzen ditu adierazpenak, eta gizarteak eta erakundeek horren berri izatea nahi izan dugu. Harrera ona izan dugu. Urriaren 1ean, Adinekoen Nazioarteko Egunean, sinadurak biltzen hasi ginen, eta 40 inguru elkarteren atxikimendua lortu dugu. Gizartea zaharren inguruko gaien jakinaren gainean egotea nahi dugu.
Zeintzuk dira elkartearen erronkak?
Zahartzaroaren inguruko ikuspegi positiboa izatea garrantzitsua da; begirada aldatu behar dugu. Zahartzaroa erronka handi bat da gizartearentzat. Bizi itxaropena asko handitu da gurean, eta herritar guztientzako aukera baten gisan ikusi behar dugu. Ez dugu arazotzat hartu behar, ezta bizi itxaropena menpekotasunarekin lotu ere. Bestela, jai dugu. Saiatu behar dugu zaharrek gero eta mendekotasun gutxiago izan dezaten, eta saiatu behar dugu bizi baldintza egokiak bermatzen. Asko lortu dugu 25 urteotan, baina oraindik badugu zer egin. Erronka nagusia arazoei aurrea hartzea da. Izan ere, argi izan behar dugu hurrengo urteotan gizartea gehiago zahartuko dela.
Nola lortu mendekotasun txikiko pertsonak izatea?
Gizartea zahartzen ari da, eta 80 urte baino gehiagoko herritarrak gero eta gehiago dira. Hori kontuan hartu, eta egoera horri aurre egiteko prestatu behar dugu. Prestatzea aurrea hartzea da, eta horrek esan nahi du nagusiak animatu behar ditugula, interesa piztu eta sentsibilizatu. Emakumeen ahalduntzearen gisakotzat jotzen dut nik. Helburua da zaharrak beren bizitzaren eta beren zahartzaroaren jabe izatea. Gizartearen laguntza behar dugun arren, geure burua lagundu eta zaindu behar dugu lehendabizi. Azken finean, zahartzaroari aurpegi eman behar diogu, eta hori lortzen da, adibidez, zahartzaro aktibo bat izanez, hamaika jardueratan parte hartuz, laguntza eta babesa izanez. Zerbitzuak eta arreta zahartzen ari den gizarte honetara egokitzea da orain erronka.
600.000 pertsona inguru bizi dira Nafarroan, eta haietatik %18,6k 64 urte baino gehiago dituzte. 15 urte barru, herritarren ia %25 zaharrak izanen dira, eta hemendik 50 urtera, berriz, %39. Gizartea prestatuta dago?
Nahi edo ez, horretara goaz. Etorkizun horren aurrean, osasun sistema egokitu beharko litzateke. Eta ez naiz bakarrik ari botikei buruz. Hori beharrezkoa da, baina uste dut zahar bakoitzak bere aldetik zerbait jarri behar duela. Dieta osasuntsua izatea eta kirola egitea ezinbestekoak dira, adibidez. Nafarroako Ospitale Gunean, geriatrian, errehabilitazio sistema oso ona dute. Ibiltzen ez dakiten zaharrek ibiltzea lortzen dute programa horiekin. Eta asko ez dira ibiltzen sofatik ez direlako mugitu, baina ez zaie ezer larririk pasatzen. Zahartzean, mugikortasuna izatea oso garrantzitsua da. Horregatik, nik uste dut medikuntzak alde horretatik joan behar duela, hau da, ez hainbeste sendatzera, baizik eta zaharrak zaintzera. Autonomoak izan daitezen saiatzea. Egungo paradigma aldatzea beharrezkoa da, eta norberaren funtzionaltasunean arreta jarri.
Pertsona bakoitzaren jarrerak ere eragina du zahartzaroan?
Askotan, zahartzaroaren beldur gara. Ez dugu hori nahi, baina hori da etorkizuna. Alternatiba latzagoa da. Ez dago besterik. Horregatik, aurpegi eman behar diogu zahartzaroari, gure bizitzaren azken urteak gozatzen jakin.
Zaintza ere bada kontuan hartzeko kontu bat?
Hemen eguneko zentroak, zahar etxeak eta etxeko arreta ditugu, besteak beste. Baina, oraindik ere, familiek hartzen dute pisu handiena zaintzan, eta, familiei buruz hitz egiten dugunean, gehienetan emakumeei buruz ari gara. Etorkizunean ez dakit hori posible izanen den. Zahartzaroaren aldeko aldarria egin behar dugu. Milaka modu daude zahartzaroa bizitzeko, eta moduak sortu behar ditugu. Zergatik ez, adibidez, hiru edo lau nagusi pisu batean elkarrekin bizi? Zaharrentzako bizikidetza gune alternatiboak sortu behar ditugu. Nagusiak ez dira kolektibo homogeneo bat, eta era askotako zerbitzuak behar dituzte, behar guztiak behar bezala betetzeko. Ahal dugun neurrian, izan gaitezen gure zahartzaroaren jabe; hori baita gakoa.
Uste duzu gizartean zahartzaroaren irudi negatiboa gailentzen dela?
Bai. Ezin diogu gizarteari aurkeztu zahartzaroa zatarra dela eta dena arazo dela. Gizarteak ikusi behar du nagusiek zenbat gauza egiten duten. Helduentzako unibertsitatera joaten dira, mendira joaten dira, hitzaldi eta erakusketetara joaten dira… Oro har, aktiboak dira. Gogoa izan beharko genuke nagusi izateko eta erretiro loriatsu bat bizitzeko. Nik uste dut eredu horri jarraitzen baldin badiogu, baikorrak baldin bagara, jendeak bere burua zainduko duela nagusia denean urte horiez gozatzeko. Modu berean, administrazioak eta gizarteak zaharren irudi ona sustatu behar dute, eta gure lekua bermatu.